Joxean AGIRRE

«Miracolo, miracolo»

Askotan ikusi dut erromako zubia Getariako San Anton mendiaren gainean Zarauzko malekoitik. Behin, San Genaroren odola mugitu egiten zela ikusi nuen nengoen lekutik pare bat metrora, Napoliko katedralean, eta «miracolo, miracolo» egin nuen deiadar, mundu guztiak horixe egiten zuelako. Pare bat aldiz ikusi nuen Maritxu Geller, Uliako Maritxu, tarota botatzen, eta behin Soütako Magdaleine bere tabernan nire etorkizuna irakurri ahal izateko izpirituei kontsultak egiten. “Preu” egin nuen urtean Imanol etorri ohi zen tarteka Lasarteko gure ikasle-pisura, eta afalondoan kantaldia eman eta ez zuela inoiz diskorik grabatuko esaten zigun, sistemarekin ez kolaboratzeko. Askotan ikusi nuen Oteiza bere bastoiarekin etxe aurreko kalean barrena paseatzen. Behin baino gehiagotan egon naiz Joxe Agirrerekin berriketan Oranda baserriko atarian eserita, behiak larrean ari ziren bitartean. Gizon bat ikusi nuen gaztea nintzela errepide bazterreko auto istripu baten ondorioz poliki-poliki hiltzen, eta pare bat astez izugarri poliki gidatu nuen. Itsaso txarra zegoen goiz batean emakume bat eta bi mutiko eraman zituen korronteak Zumaian, eta mutiko bat ateratzea egokitu zitzaidan. Zoriontzen ninduten arren, traumatikoa izan zen niretzat, bidean itotzen ari zela ohartzen nintzelako, baina orain mutiko hura emaztea eta bi haurrekin ikusten dut tarteka kalean. Alaba jaiotzen ikusi nuen etxeko egongelan, laguntzera etorri ziren bi medikuak tarteka telebistari erreparatzen zioten bitartean, futbol partida garrantzitsu bat jokatzen ari zirelako. Pare bat aldiz afaldu nuen Parisen Peillenen etxean Jon Miranderekin. Lehenengotako kazetariak izan ginen Javier Gallego argazkilaria eta biok, 1985ean, Oiz mendian Boeing 727 bat erori zenean gertalekura iristen, eta 147 lagunen gorpuzkiak zuhaitzetatik zintzilik ikusi ondoren, orrialde bat idatzi nuen ‘dantesco’ hitza erabili gabe. Behin Copperfielden ikuskizun baten kronika egitera Anoetako belodromora joan eta morroiak gure amaren izena zein zen asmatu zuen, eta pantaila handian “Maria Odriozola” idatzi zuen. Hauteskunde autonomikoak aurki iritsiko dira EAEn, eta EH Bildu EAJrekin berdintzen ikusten badut, «miracolo, miracolo» egingo dut deiadar, San Genaroren odola bere kristalezko ontzian mugitzen ikusi nuenean bezalaxe. •