MAR. 02 2024 TXIMELETETAN LEHENA Ehun urte Patria Mirabal jaio zenetik, antitrujillismoaren ikur ezaguna Jaiotza eguna baino, Patria Mirabalen heriotza data da ezaguna, hots, azaroaren 25a. Izan ere, egun horretan hil zituzten hiru Mirabal ahizpak, Trujillo Dominikar Errepublikako diktadorearen aginduz. Ondoren, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko eguna izendatu zuten heriotza data. Duela ehun urte jaio zen, hilaren 27an. Mirabal ahizpen omeneko oroitarria, Parisen. (WIKIMEDIA) Nerea Lauzirika Dominikar Errepublikan independentziaren eguna da otsailaren 27a. 1924an 80. urteurrena ari ziren ospatzen, eta egun horretan bertan jaio zen Patria Mirabal Reyes, Ojo de Agua herrixkan, egun Mirabal ahizpen izena daraman probintzian. Minerva eta Maria Teresa ahizpekin batera, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzearen ikur bilakatu zen Patria, haien ekintzailetza politikoa eteteko 1960ko azaroaren 25ean hil zituztenetik, Rafael Leonidas Trujillo diktadorearen aginduz. “Tximeleta” ezizenez egin ziren ezagun hil ostean, eta hilketaren egunean ezarri zuten Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko nazioarteko eguna. Mirabal ahizpetan zaharrena jaio eta ehun urtera, Dominikar Errepublikak munduko feminizidio tasarik handienetakoa dauka. Paradoxikoa da “tximeletak” jaio ziren herrialdeak indarkeria matxistaren inguruko zifra horren kezkagarriak izatea gaur egun. Izan ere, bere bizitzan inoiz tratu txarrak jasan dituzte Dominikar Errepublikako emakumeen % 68k eta feminizidio-tasa altuenak dituzten 13 herrialdeen artean dago. Patriak zortzigarren mailara arte ikasi zuen, orduan aitak erabaki baitzuen etxera itzuli behar zuela familiaren negozioaren administrazioan laguntzeko. Garai horretan ezagutu zuen Pedrito González, gerora senarra izango zuena, eta 1941ean ezkondu ziren, 17 urte zituela. Lau seme alaba izan zituzten: Nelson Enrique, Noris Mercedes eta Raul Ernesto; eta Juan Antonio, jaio eta bost hilabetera hil zena. Alaba GARAk elkarrizketatu zuen 2015ean . Noris Gonzalezek argi azaldu zuen nola gogoratu behar diren bere ama eta izebak: «Besteen alde borrokatu ziren emakumeak izan ziren, beste batzuek ez zutenagatik eta haiek ere ez zutenagatik; askatasuna eta demokrazia». «Gure heroiak dira, bai, baina ikono unibertsalak ere badira, gaur egun emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko borrokaren ikur baitira». Kontzientzia piztea 50eko hamarkadaren amaieran, diktadurak egindako gehiegikeriei aurre egiteko kontzientzia orokorra pizten hasi zen Dominikar Errepublikan. Patriak eta bere senar Pedritok borrokara batzea erabaki zuten, Minerva ahizpa eta haren senar Manolo dagoeneko horretan ari zirelarik. Ekainaren 14ko mugimendua sortu ondoren, 1960ko urtarrilean, haien etxea ezkutuko bileretarako eta arma-biltegi gisa erabiltzen hasi ziren. Urtarrileko azken egunetan hasi zen konspiratzaileen jazarpena. Patriak bere seme-alabekin amaren etxera itzultzeko erabakia hartu zuen, etxean etengabe zelatan zituela nabaritzen zuelako. Orduan, Trujillo diktadorearen aginduz, etxea okupatu zioten, baita amak Guizan senar-emazteen izenean jarritako lursail bat ere. Altzariak enkantean jarri zizkieten eta zeukaten ganadua eraman zuten. Alcinio Peña, Inteligentzia Militarreko Zerbitzuko burua, etxeaz jabetu zen, eta han jarri zuen bere kuarteletako bat. Patriaren senar Pedrito eta bere seme Nelson Mirabaldarren Conucoko etxeko kakao-sailean ezkutatu ziren. Urtarrilaren 21ean, militarrek etxeari tiro egin zioten. Familia arriskuan jarri zezakeelakoan, Pedritok Salcedoko gobernadorearen aurrean entregatu zuen bere burua. Egun batzuk geroago, Nelson atxilotu zuten. Maria Teresa ahizpa gazteena, bere senar Leandro, Minerva eta Manolo ere espetxeratuak izan ziren. Oroigarria dute museoan. (CASA MUSEO HERMANAS MIRABAL) Patriak preso hartutako senideak bisitatzen zituen, eta, batzuetan, ilobak eramaten zituen amak ikustera. Tximeletetan nagusienak izaera ezti baina tinkoa zuela gogoratzen dute ezagutu zutenek. Bizi zen errealitateaz jabeturik, honako hau adierazi zuen: «Ezin diegu utzi gure seme-alabei erregimen ustel eta tiraniko honetan hazten, haren aurka borrokatu behar dugu, eta ni dena emateko prest nago, baita nire bizitza ere, beharrezkoa bada». Muntatutako istripua 1960ko azaroaren 24a ostirala zen. Patria Santo Domingora joan zen, La Victoria kartzelan preso zeukaten Pedrito senarra bisitatzera. Han, Salcedoko txofer batekin topo egin zuen, gau hartan San Francisco de Macorisera buelta egin behar zuena, eta berarekin eramateko eskatu zion. Etxera iristean, erabaki zuen hurrengo egunean bere ahizpak, Minerva eta Maria Teresa, Puerto Platako kartzelara lagunduko zituela. Amak ez joateko eskatu zion, baina bere erabakia mantendu zuen. Salcedora itzultzeko bidean, azaroaren 25ean, Santiago-Puerto Plata errepidean geldiarazi zituzten Trujilloren erregimenaren sikarioek. Hiru ahizpak eta haiek zeramatzan gidaria, Rufino de la Cruz, kolpeka hil zituzten. Gorpuak jeepean jarri zituzten eta amildegi batetik bota zuten ibilgailua, istripu baten itxurak egiteko. Lau ziren Mirabal ahizpak, Dedé, adinez bigarrena, politika aferetan ez bazebilen ere. Bera izan zen, amarekin batera, ilobez arduratu zena Patria, Minerva eta Maria Teresa hiltzean. Halaber, memoria historikoa egin izan du, hiru ahizpak eta haien jardun politikoa ahanzturan erori ez zitezen. Dedék ia bizitza osoa bera eta ahizpak jaio ziren etxean eman zuen, eta Mirabal Ahizpak Etxe Museoa sortu zuen. Museoa gaur egun Dominikar Errepublikako bisitatuena da. Patria, Minerva eta María Teresa Mirabal Reyesen oroimena berreskuratzea helburu duen espazioa da; Rafael Leonidas Trujilloren tiraniak 31 urtetan zehar Dominikar Errepublikan ezarritako errepresioaren eta izuaren aurrean haien bizitzak, printzipioak, idealak eta erresistentzia-borroka omentzea du helburu. “Tximeleta” izenez ezagun egin zirenak heroi nazionaltzat hartu zituzten 1960ko azaroaren 25eko hilketa basatiaren ondoren. Haien historia dominikar herriarenaren zati bilakatu zen, eta 1965ean, ahizpak hil eta bost urtera, ireki zuten museoa. Patricia Mirabal (GAUR8) Amaren etxea izandako etxean kokatu zuten, zeinetan bizitzako azken 10 hilabeteetan bizi izan ziren. Dedé ahizpa arduratu zen bisitariei azalpenak emateaz. 1994ko abenduaren 8an formalki ezarri zuten Museo Etxe gisa, Hermanas Mirabal Fundazioaren ardurapean, gaur egun Noris González Mirabalek, hots, Patriaren alabak, zuzentzen duena. 1954an eraikitako etxeak jatorrizko diseinuari eusten dio, eta pisuetan, sabaian eta sukaldeko “pantry’-an baino ez ditu aldaketak izan. Ahizpen gauzak bere horretan mantendu dituzte, ezin hobeto zainduta. Izan ere, Chea ama arduratu zen hasieran museoan erakusten zena behar bezala zaintzeaz, ondoren Dedé ahizpa, 2014an hil zen arte; eta, gaur egun, Dominikar Erresistentziaren Oroimenezko Museoarekin lankidetza aliantza baten bidez kudeatzen dute. Gainera, museoak eremu berriak ditu, hala nola Minerva J. Mirabal de Tavárez liburutegia, kafetegia eta administrazio-eraikina. 2000ko azaroaren 25ean, Patriaren, Minervaren, María Teresaren eta Manolo Tavárez Justoren (Minervaren senarra) gorpuzkiak etxeko lorategian eraikitako panteoira eraman zituzten. Mausoleoa, Rodolfo Pou arkitektoak diseinatua, bizitzaren jarraitutasuna irudikatzen duen ur iturri bat da, lau nitxok inguratzen dutena. Minervak gordetzen zituen harriekin eraiki zuten, eta «Siempre vivas en su jardín», hots, «Beti bizirik haien lorategian» dioen plaka bat ere badauka oroigarriak. Itzalean, baina lanean Hiru ahizpak genero indarkeriaren aurkako borrokaren ikono diren arren, Patriaren jaiotzaren efemeridea aitzakia ezin hobea da ahizpa zaharrenaren inguruan aritzeko. Mercedes Alonso kazetari kubatarrak “Su nombre es Patria” liburuan jaso zuen haren papera. Dominikar Erresistentziaren Oroimenezko Museoak liburua berrargitaratu du, ekintzailearen jaiotzaren urteurrenean. Lanak senideen eta gertukoen testigantzak biltzen ditu, baita material grafikoa ere, eta, irakurtzen dutenek, «ezohiko emakume bat aurkituko dute. Badakigu zein izan zen Minervaren eta Maria Teresaren papera, biak preso egon baitziren, baina Patria ez da atzean geratzen», adierazi izan du egileak EFEri egindako adierazpenetan. «Minervak berak noizbait esan izan zuen Patria kontrabandista handia izan zitekeela», azaldu du. Arropa tolesturetan ezkutatutako paperak eramaten zizkien kartzelara, ahizpak zein gainontzeko presoak jakinaren gainean edukitzeko. Trujilloren erregimenaren aurkako «ekainaren 14ko mugimenduari buruzko guztia» pasatzen zien, mugimenduak izen hori hartu baino lehenago ere. Santo Domingon Mirabal ahizpen izena daraman osasun zentroa. (PRESIDENCIA REPUBLICA DOMINICANA) Patriak «bere familiaren aurrean zena defendatu zuen, baina (baita) ama nagusia ere, aberria bera», azaldu du liburuaren idazleak, eta diktaduran «gizon heroiak egon ziren, baina baita emakume heroiak ere. Patriak esaten zuenez, gerra hau ez da gizonentzat bakarrik, emakumeentzat ere bada». «Izugarria da ikustea hiru emakumeak makilakadaka hil zituztela beren ideologiagatik, satrapa baten aginduz», adierazi zuen idazleak. Luisa de Peña Dominikar Erresistentziaren Oroimenezko Museoko zuzendariak ere Patriaren figura ezagutzearen garrantzia aldarrikatzen du, «erresistentziaren fase isila irudikatzen duelako». Espazio segurua «Haien etxea zen (mugimenduko liderrek) biltzeko erabiltzen zuten etxea, armak gordetzeko erabiltzen zuten etxea, bonbak egiteko zerabilten etxea, espazio seguru bat zen haientzat», De Peñak gogora ekarri duenez. «Patria erresistentzia mugimenduaren posta bihurtu zen, eta kide gehienak preso, torturapean edo desagertuta zeuden une batean, erresistentziaren sugar bizia mantendu zuen bere sorbalden gainean», gaineratu du. Horregatik, De Peñaren arabera, «ez da harrigarria bere etxea arpilatu izana eta, ustez, bere ondasunak enkante publikora eraman izana eta saldu izana». Susmoa dago Aliciño Peña Riverak eskuratu ote zituen ondasunok. Hain zuzen ere, bera izan zen Mirabal ahizpen hilketa antolatu eta exekutatu zuena. “Patria y Pedrito’ erakusketa Museoan egon zen, eta orain, elementu berriekin eguneratuta, Dominikar Errepublikako hiriburuko merkataritza-gune batean dago ikusgai, Mirabal ahizpetan zaharrenaren eta haren senarraren etxean egiten zen jarduera klandestinoa erakusteko. Hortik, Patria eta Pedrito Gonzálezen lorategira joango da, aurrerantzean bertan egoteko. Lorategian daude haien etxearen hondakinak, zementuzko zutabeak eta oinarria baino ez dira geratzen. Erakusketa hori familiak duen proiektu batekin batera jarriko dute, espazioa memoria-gune bihurtzeko. Izan ere, «diktaduraren oroimenezko oso leku gutxi daude zuk bisitatu ditzakezunak, errepresioaren ondorioak zeure begiekin ikusteko». Horregatik, Museoa proiektu honetan inplikatuta dago, memoria hori zabaltzeko. Patria Mirabal: «Ezin diegu utzi gure seme-alabei erregimen ustel eta tiraniko honetan hazten, haren aurka borrokatu behar dugu, eta ni dena emateko prest nago» Hiru ahizpen gorpuak jeepean jarri zituzten eta amildegi batetik bota zuten ibilgailua, istripu baten itxurak egiteko. Kolpeka hil zituzten, ordea, Trujillo diktadorearen aginduz Mercedes Alonso kazetari kubatarrak “Su nombre es Patria” liburuan jaso zuen Patria Mirabalen papera. Izan ere, hiru ahizpetan ezezagunena izan da Patria Mirabalek esaten zuenez, gerra hau ez da gizonentzat bakarrik, emakumeentzat ere bada, hari buruzko liburuaren idazleak jasotakoaren arabera