MAR. 02 2024 Kuxkuxtu Txaranga, 40 urte zubiak eraikitzen «Kuxkuxtu ez da txaranga soil bat. Euskal Herri osoan sustraiak errotuta dituen altxor bat da. Kuxkuxtu transmisioa, kantua, zubia, militantzia, laguntasuna, arnas-bidea, festa herrigintza... da. Eguzki bat da, eguzki dirdiratsu bat». Halaxe deskribatzen dute Kuxkuxtu Txaranga, taldearen 40. urteurrena baliatuz Arri Iraetak egin duen dokumentalean. Zaila da horri taxuzko beste ezer gehitzea, baina esfortzuak merezi du. Kuxkuxtuk merezi duelako. Beñat Elizondo, taldeko arima, Kuxkuxtu Txarangak Sanferminetan urtero egiten duen kalejiran. (ARRIKI.EUS) Asier Aiestaran Otsailaren 23an aurkeztu zuten jendaurrean "Kuxkuxtu: Parean, Ondoan, Elkarrekin» dokumentala, Kuxkuxtu Txarangari buruz Arri Iraeta Irigaraik (Zumarraga, 2001) ondu duen ikus-entzunezkoa. Kuxkuxtu Txarangaren 40. urteurrena aitzakiatzat hartuta, eta Iparra Hegoa elkartearen bultzadarekin, Urruñan sortu eta Euskal Herri osoan bidelagunak egin dituen musika taldea hobeto ezagutzeko aukera aparta da dokumentala, Kuxkuxturen urteotako lan bikaina balioan jartzen duena. Aurkezpena Pausuko Xaia ostatuan egin zen, Kuxkuxtu Txarangaren egoitza nagusitzat har daitekeen ostatuan. Izan ere, Beñat Elizondok kudeatzen du Xaia, eta Beñat da Kuxkuxturen arima, dokumentalean ere argi asko geratzen denez. Txarangako partaide askoren adierazpenak jasotzen ditu pelikulak, eta kide horietako asko bertaratu ziren aurkezpen ekitaldira, ordu eta erdiz zinema itxura hartu zuen ostatua leporaino betez eta sekulako giroa sortuz. Amaierako txalo zaparrada izan zen jendeak hartu zuen gozamenaren erakusle onena. Deskubrimendua Egiari zor, film hau Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko gradu amaierako lan bezala sortu zen. «Bakalau Elkarteko Pello Aranzabalek Mondragon Unibertsitatean proposatu zuen gaia. Aukeren artean zegoen, ikusi nuen eta gustatu egin zitzaidan. Sinplea izan zen alde horretatik. Nik ez nuen Kuxkuxtu ezagutzen. Iparra Hegoa ekimena bai, Batxilergo garaian Beasainen ikasi nuelako, baina Kuxkuxturen oroitzapenik ez neukan. Hasieratik atentzioa eman zidan proiektu bat izan zen, eta, Pellorekin hitz egin ahala, gero eta interes handiagoa piztu zidan gaiak», onartu digu Arri Iraetak. Kuxkuxtu Txaranga ezagutzen dutenek ere ziur hainbat datu ezezagun aurkituko dituztela filmean, izenari dagokiona adibidez. Beñat Elizondok gogoratzen duenez, sorreran eta lehen urteetan Erburuko Txaranga bezala ezagutzen zen, baina Sustraia taldeko Patrick Mixelena "Mixu" kideak parte hartzen zuenez eta talde horren abesti famatu batean "kuxkuxtu-kuxkuxtu" ("makurtu-makurtu") abesten zutenez, izen hori hartu zuen txarangak. Datu deigarriren bat ere bai: urtean 60 emanaldi egitera iritsi direla, adibidez. Baina dokumentalaren egilearentzat Kuxkuxtu deskubrimendu bat izan den bezalaxe, filma ikusten duen jende askorentzat ere deskubrimendu eder bat izango da. «Proiektua gustatu zitzaidan, baina Kuxkuxturen inguruan ez zegoen apenas informaziorik interneten. Bideotxoren bat bai, baina gutxi gehiago. Beraz, beraiekin harremana iazko martxoaren lehen igandean izan nuen. Ez dakit zer egun zen zehazki, baina badakit martxoko lehen igandea zela, urtero igande horretan Kuxkuxtuko kideek sagardotegian bazkaria egiten dutelako. Egun horretan hasi nintzen lehen grabaketak egiten eta aldi berean Kuxkuxtu ezagutzen». Xaia ostatuan aurkeztu zuten aurreko astean dokumentala eta leporaino bete zen (Patxi BELTZAIZ) Eta ikusi zuenarekin harrituta geratu zen gipuzkoarra. «Pellok kontatu zidan aurrez Kuxkuxtu zer talde berezia zen, baina nik zuzenean jotzen ikusi nituen arte ez nintzen benetan jabetu berezitasun horretaz. Oso musikari onak dira, baina ez dira beti batera jotzen duten musikariak. Modu batera taldeari lotuta dauden musikariak dira, baina era berean askatasun handia dute nahi dutenean jotzeko. Talde oso irekia da. Denek dakizkite jo beharreko abestiak, baina ez dago eskema itxi bat, egitura idatzi bat. Adibide bat jartzeagatik: imajinatu zuk eta beste zazpi pertsonak "Euskal Herrian Euskaraz" jotzen dakizuela, baina ez duzue adostu nola joko duzuen. Kuxkuxturekin horrela gertatzen da: denek dakite zer joko duten, baina ez dute jaso partitura bat zehatz nola jo behar den esaten duena. Inprobisazio hori eta musikarien arteko dinamika hori esperientzia oso bitxia eta berezia da», nabarmendu du Iraetak taldearen ezaugarri hori nabarmenduz. Horrek eragiten du Kuxkuxturen bi emanaldi inoiz ez izatea berdin-berdinak. «Emanaldi guztiak desberdinak dira, egun batean bost musikarik joko dutelako eta hurrengoan 35 izan daitezkeelako. Badaude hiruzpalau finkoak, beti jotzen dutenak, baina besteak beharraren arabera batzen dira. Ez da berdina kantu afari bat edo sanferminetan kalean jotzea, eta horren arabera, gehiago edo gutxiago joaten dira. Sortzen diren melodiak, eta bakoitzak ekartzen dituen detailetxoak beti desberdinak dira. Emanaldia asko aldatzen da egun batetik bestera». Kantua Kuxkuxturen beste ezaugarrietako bat kantua da, Ipar Euskal Herrian bizirik eutsi diotelako Hego Euskal Herrian galdutako ohiturari. «Beñatek aipatzen du dokumentalean nola txaranga hitzak esanahi desberdina duen Iparraldean eta Hegoaldean. Hegoaldean txaranga entzutean Tolosan goizaldeko hiruretan aurkitzen dugun hori etortzen zaigu burura, nolabait azaltzearren. Baina Iparraldean txaranga kantu jira estiloan ulertzen dute. Kantua dauka txarangak», dio Arrik. Erabilitako metodoa sinplea da. Liburuxka bat ateratzen dute abestien letrarekin eta kantua ezagutzen ez duenak bertan irakurrita abestu dezake. Abesteko ohitura hori ere oso garrantzitsua izan da Kuxkuxtuk Ipar eta Hego Euskal Herria lotzeko egin duen zubi lanean. «Beñatek hori azpimarratzen du: Hegoaldean, kantua galduta zegoenez, sekulako harrera jaso zuten lehen urteetan. Eta oraindik jasotzen dute, zerbait berria delako. Agian gaur egun kantu jira gehiago daude, baina, aipatzen dutenez, duela 40 urte gauza oso berritzailea zen. Harrera oso ona izan zuten Hegoaldean». San Tomas egunean Donostian edo Sanferminetan Iruñean egiten dituzten urteroko kalejira arrakastatsuak dira harrera horren erakusle. Sanferminetako beste irudi bat (ARRIKI.EUS) Baina eraikitako zubi horren adibide onena Seguran antolatzen duten Iparra Hegoa ekimena da (ikus egitaraua). Dokumentalean kontatzen da nola segurar batzuek Baztandarren Biltzarrean ezagutu zuten Kuxkuxtu Txaranga, 1994. urte inguruan. Apurka-apurka harremana sendotzen joan zen eta Seguran ekitaldiren bat antolatzea erabaki zuten. Hasieran kultur-bilkura txikia zena, handitzen joan zen, eta aurten 27. ekitaldia ospatzen ari dira. Hasieran elkarte batean biltzen ziren, eta orain karpa handi bat jarri behar izaten dute, ikasleen arteko harremanak ere sortzen dira... eta dena Kuxkuxtuk ereindako haziari esker. Gainera, eta kantu guztiak euskaraz abestu arren, emanaldiak liburuxka batekin lagunduta egiteak aukera ematen die munduko beste edozein bazterretan ere giro paregabea sortzeko. Korsika, Bretainia, Flandria, Alemania edo Nevada dira Kuxkuxtuk 40 urteotan bisitatu dituen txokoetako batzuk. Militantzia Euskara, giza harremanak, kale animazioa... Gai asko eta desberdinak lantzen ditu dokumentalak. «Kuxkuxturen barruan ehundaka gai daude, Kuxkuxturen inguruan milaka doku-serie egin litezke», dio Arri Iraetak. Baina, azken batean, musika sentimenduz eta militantziaz bizitzeko modua da beste guztien gainetik gailentzen dena. «Ni musikalki gaztetxean hezi naizela esan daiteke, alde horretatik, hori ere musika oso modu militantean bizi den eremu bat da. Eta Kuxkuxtu ezagutzea baieztapen moduko bat izan zen. Proiektu oso desberdin bat deskubritu nuen, baina hari beretik sortutakoa nolabait. Hauek musika egiten dute benetan gustatzen zaielako, eta hori borroka desberdinetarako erabiltzen dute, benetan sentitzen dutelako. Ez da horrelako proiektu bakarra izango, baina ez daude horrelako hainbeste. Borondatez eta modu militantean kultura egiteko beste modu bat da», azpimarratu du musikaria ere baden Arri Iraetak. «Ni musikaria naiz, bateria eta gitarra jotzen ditut, bateria Esanezin taldean gaur egun, eta Kuxkuxturen emanaldiak oso desberdinak iruditu zaizkit. Musikan ohikoa den kontzertuen eskema itxi horrekin alderatuta, Kuxkuxtu justu kontrakoa da; ekarri nahi duzuna, ahal duzuna. Neurri batzuen barruan, noski, musika hizkuntza bat delako eta besteekin gutxieneko bat konpartitu behar duzulako, baina oso askea da», gehitu du. Aurreratu digunez, dokumentala beste herri batzuetan aurkezteko asmoa dute. «Badaude interesa agertu duten herriak. Kuxkuxtuk bere hazia erein duen herri horietan batez ere. Seguran, esaterako, Hendaian ere nahi genuke... Zabalduko dugu, zenbateraino gero ikusi beharko da». Xaia ostatuko aurkezpen ekitaldia kantuan eta festa giroan nola amaitu zen ikusita, ziur bidea irekita dagoela. Arri Iraeta eta Beñat Elizondo, Xaiako aurkezpenean (Patxi BELTZAIZ) IPARRA HEGOA ASTE NAGUSIA (SEGURA) Martxoak 4, astelehena 11.00 Urruñako haurrei harrera eta hamaiketakoa 14.30 Segurako eskolara bisita. Bertan elkar ezagutzeko aurkezpen eta jolasak 17.00 Buruhandiak plazan 19.00 Hitzaldia: “Kantua herri kohesiorako eta herri erresistentziarako” (Jon Maia, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Eneko Labeguerie -Guk taldea- eta Marina Landa) Martxoak 5, asteartea 10.00-12.00 Talo tailerra eta jolas librea, Urruña eta Segurako haurrak elkarrekin 12.15 Segura Irratian elkarrizketa 13.00 Bazkaria Elorrin 14.30 Dantza gidatuak Kiki Bordatxoren eskutik, Urruñako eta Segurako haurrentzat 16.30 Txokolate beroa denentzat 17.00 Urruñako haurrei agurra 19.00 Hitzaldia: “Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko” (Karine Etxeberri -Xendarineko ahizpak-, Olaia Inziarte, Lide Hernando eta Joseba Tapia) Martxoak 6, asteazkena 19.00 Sukaldaritza tailerra: Mondeju zuriaren eta Axoaren inguruan Elorrin Martxoak 7, osteguna 14.30 Etxepareko ikasleei harrera 16.30 Haurrentzako jolasak eta Korrika txikirako petoak egitea karpan 17.30 Korrika txikia 19.30 Bertso eta kantu poteoa: Kuxkuxtu, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus 21.30 Bertso-kantu afaria Martxoak 8, ostirala 09.15 Etxepareko ikasleen bisita Lazkaoko artxibategira 16.30 Haur jolasak 18.30 Martxoak 8ko manifestazioa eta ekitaldia herriko eragileekin batera 19.30 Arkumea burruntzian 21.30 Ixtaklok kale animazioa 23.30 Kontzertua: Frigo. Ondoren DJ Bull Martxoak 9, larunbata 09.00 Mendi ibilaldia 12.00 Boteluzea 13.00 Aperitifa Lizeoko txarangarekin 15.00 Bazkaria karpan, Baigorriko musikariek girotuta 18.00 Rakatapunk kale animazioa 19.00 Taloak eta Euskal Herriko garagardo dastaketa 23.00 Kontzertua: Balantza - Kontrabanda. Ondoren: Expuela - Etxepareko DJak Martxoak 10, igandea 10.00 Sukalki prestaketa 11.00 Kale animazioa gaitero eta zanpantzarrekin 13.00 Gereziondoko ekitaldia 13.30 Txakolin dastaketa 15.00 Herri bazkaria Kuxkuxtuk alaituta 16.00 Sukaldaritza lehiaketako sari banaketa 16.30 Imuntzo eta Beloki Lehen 10-12 urteetan Erburuko Txaranga bezala ezagutzen zen, baina Sustraia taldeko abesti famatu batean «kuxkuxtu-kuxkuxtu» (‘makurtu-makurtu’) abesten zutenez, izen hori hartu zuen txarangak «Taldeari lotuta dauden musikariak dira, baina askatasun handia dute nahi dutenean jotzeko. Talde oso irekia da. Denek dakizkite jo beharreko abestiak, baina ez dago eskema itxi bat», nabarmendu du Arri Iraetak «Txaranga hitzak esanahi desberdina du Iparraldean eta Hegoaldean. Iparraldean txaranga kantu jira estiloan ulertzen dute. Kantua dauka txarangak» «Musika egiten dute benetan gustatzen zaielako, eta hori borroka desberdinetarako erabiltzen dute, benetan sentitzen dutelako»