MAR. 02 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Vulovicen aztarna Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN Kantu batek harrapatu nau asteon, oso gutxitan bezala. Pelikula batean sartzearen parekoa izan da: hasierako notak entzun, eta fikziozko film bateko soinu banda izan litekeela iruditu zait. Bolumena igo dut. Indar bereziarekin sartu zait aurreneko esaldia, eta ahotsak hegazkin batera igoarazi nau. Bigarrenarekin, oinak aireratu zaizkit. Eta hirugarrenerako, hegan abiatu naiz. Emakume izen bat entzun dut errepikaren hasieran, abestiari berari ere izena jarri diona. Ezezaguna zait, baina bidaia amaitzerako, zerbaitek lotzen gaituela pentsatu dut -ni neu eta beste hamaika emakume, ez nadin egolatra jarri-. Kantua amaitu eta hortxe ekin diot hurrengo bidaiari: bilatzailean sartu dut izen (ez)ezaguna, zer aurkituko. Eta topatu dut: antza -eta zalantzak zalantza-, inoizko erorketa libre altuenetik bizirik atera zen pertsona da, Vesna Vulovic. Bizirik, baina galanta bilduta. Eta halere, erori, jaiki eta aurrera segi, Anarik ondo dioen bezala. Abestiaren letra belarrietan, Vulovicen bizitza begietan, eta emakume gorputz asko buruan. Barrenak mugituta ibili ditut azkenaldian, ugariak eta ageriak izan baitira asteotan indarkeria matxistari loturiko bizipenak: gehigarri honetan irakurritako iritzi artikulua, amaitu berri dudan nobela, ondoko herrian inauterietan egin dituzten -eta jasan ditugun- erasoak, intimitateko elkarrizketetan azaleratutako iraganeko zauriak... Emakume gehienok -guztiok esatera ere ausartuko nintzateke- badakigu zer den hori: erori, jaiki eta aurrera segitzea. “Bat bakarra balitz, gaitz erdi”, dio abestiak, eta hala da; gure gorputzek hainbatetan bizi izan baitute indarkeria. Edo, hobeto esanda, hainbatetan eragin diete indarkeria gure gorputzei. Biziraun dugu onean, biziraun txarrean, eta biziraun desastrean (tamalez, guztiok ez). Badakigu horretan. Baina ez dugu horregatik heroi izan nahi, ez eta biktima ere. Ez gara Vesna Vulovic, eta ez dugu izan nahi. Hasi da martxoa. Eta, ohiko legez, margotu ditugu morez erakusleihoak eta titularrak. Bete ditugu emakume izenez hango eta hemengo egitarauak -urteko gainerako hilabeteetan airearekin bakarrik biziko balira bezala-. Baina ez gaude kexatzeko emakumeok, ezen eskertu ere egiten baitzaigu guk utzitako aztarna. Bai, behintzat, EAJk: gaur, ‘Aztarna uzten duten emakumeak’ omentzeko eguna dute. Gustura galdetuko nieke antolatzaileei ez ote zaien ‘uzten’ hitza kartelean nahi gabe sartu. Alegia, ‘Aztarna duten emakumeak’ jarriz gero, ez ote litzatekeen errealagoa eta, are, inklusiboagoa. Eta, bide batez, proposatuko nieke euren buruei galdetzeko ea nork eta zergatik utzi dizkigun aztarnak emakumeoi. Eta, martxo morearekin jarraituz, bihar, berriro ere, milaka emakume aterako gara korrika Donostiako Lilatoian. Zenbait lagunek bigarrenez egin dugu elkarrekin joateko plana: lasterka batera egin, eta aitzakia horrekin, egun pasa. Bizkarrean eramango ditugu bakoitzak bere lotsak, zauriak eta aztarnak; konpartituak guztiak, elkarri kontatuak gutxi batzuk, eta norberarentzat gordeak gehienak. Eta halaxe egingo dugu bidea, Vulovicek nola: estropezuka bada ere, pausoak izango dira finean. • Biziraun dugu onean, biziraun txarrean, eta biziraun desastrean (tamalez, guztiok ez). Badakigu horretan. Baina ez dugu horregatik heroi izan nahi, ez eta biktima ere. Ez gara Vesna Vulovic, eta ez dugu izan nahi