Juantxo EGAÑA

Ezequiel Llorente gerrillari karlistaren erretratua

(LEANDRO DESAGES - DOMINGO DUBLAN. PRINCIPE DE VIANA ERAKUNDEA. NAFARROAKO GOBERNUA.)

«Recuerdos de una guerra civil. Album del Bloqueo de Pamplona» albuma liberal aski ezagunak ziren Lagarde anaiei egozten zaie, II. Karlistaldia amaitu ondorenean. Principe de Viana erakundeak bere artxiboetan gordetzen du gutunak, egunkariak, dokumentuak, akuarelak, marrazkiak eta argazkiak biltzen dituen album hau. Guztira 51 argazki positibo daude tartekatuta, gehienak karlisten erretratuak, baina baita 1873ko apirilaren 8an Berako (Nafarroa) baratze batean Santa Kruz apaizak egindako partidaren irudi ikonikoa ere. Francesc Savall karlistaren argazkia ere badago, 1872ko irailaren 15ean Gironako Sant Hilari Sacalm herrian ateratakoa. Albumaren orrialdeetako bat Ezequiel Llorente gerrillari nafarrari eskainia dago, Samaniegoren partidako kideari. Gerraren ondoren, Llorente agintarien aurrean agertu zen karlistekin borrokatu zirenentzat iragarritako indultuari heltzeko. Hala ere, gobernuak eta militarrek ez zuten akordioa errespetatu, eta Llorente 1876ko abenduan atxilotu, epaitu eta fusilatu zuten. Iruñeko Santo Domingoko aldapan estudioa zuten Leandro Desages eta Domingo Dublan argazkilariek ateratako argazkian, Ezequiel Llorente tuterarra agertzen da.