Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Sua

Sua.
Sua. (Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA)

Eraikin kiskalia albistegietako hunkipen-irudi bilakatu da. Zutik gelditzen den eraikin-hezurdura beltza, terrore-esperientzia baten oroimen. Seguru lekuak baduela usain berezirik une honetan, larri uzten duen usain bat, gorpu hilaren ondorengoetan bezalaxe. Etxebizitzetan igarotako bizipen eta bizitza egiteko konpainia egin duten objektuek, behin erreta, usaina eta emozioa hedatuko zuten. Eta baliteke usain toxikoa ere izatea, gaur egun erabiltzen diren eraikuntzako material askok badutelako toxikotasunik. Eta tristura atmosfera bat egongo da laino baten antzera, denbora luzez.

Behin suhiltzaileen lana eginda eta hildako kopurua zenbaturik, erretako eraikinak beste bizitza mota bat hasten du, ikerketa zientifiko, aseguru eta abokatuek zuzendua. Galderak erantzuteko unea: Non egon da akatsa? Nork ordainduko ditu zorigaitzaren ondorioak? Eta nor izan da erruduna? Lehen galdera, eraikuntzaren jakintza kolektiboaren osaketarako, beharrezkoa da, horrelakorik berriz ez gertatzeko nahiarekin. Zorigaitzeko istripuak ikasketa bat ekarri behar duelako sikiera. Bigarren eta hirugarren galderek XX. eta XXI. mendeko eraikuntza sistemaren hezurdura berria artikulatzen dute (eta beste hainbeste gizarte-alorrenak): erantzukizun zibila. Gure gizarteak ulertzen du istripu ororen atzetik erantzule bat egon behar dela, eta aparatu oso bat dago egoera hauen kudeaketarako, gastuaren ordainketa eta espetxearen kinkekin. Arkitektook erantzukizun zibila babesteko aseguru bat izateko diru asko ordaintzen dugu urtero, horrelako kasuetan babes juridiko eta ekonomikoa izateko.

Istripuaren bideo batean ikusten da 113 etxebizitzako eraikinaren fatxada minutu pare batzuetan suak kiskalia, paperezkoa bailitzan. Eta begirada asko arkitektoen lanera zuzendu da. Zuzena izan al da eman den fatxada soluzioa? Eraikuntza arautegiak hainbat segurtasun-giltza ezarri ditu istripuak ekiditeko. Suaren aurkako arautegi bat bete behar du eraikuntza proiektuak, araua betetzen duen proposamenarekin, eta arkitekto elkargoaren bisa behar da, zeinak arautegiaren justifikazioa dagoela ziurtatu behar duen. Obra lizentzia eskatzerakoan, udalak suhiltzaileen txostena eskatu ohi du proiektuan jaso dena zuzen dagoela baieztatzeko. Eraikuntza osatzen duten material guztien kalitate kontrola eramaten du aparejadoreak, eta material enpresek ziurtagiriak dituzte, suaren aurkako erresistentzia frogen emaitzekin. Materiala obran ondo kolokatzen den kontrolatzen du Obra Zuzendariak. Sua gertatzea ezin da ekidin, baina sua gertatzen denean eraikuntzak denbora eman behar du seguruak diren aterabideetatik ihes egiteko, eta eraikina sektoreka banatzen da suak aurrera ez jarraitzeko. Gainbegiratze pauso asko daude istripuak ekiditeko, eta hala ere, istripuak gertatzen dira. Eta tamalez, gertatuko dira. Istripuak ezbehar askoren pilaketak direlako, aurreikusi ezin direnak. Eraikuntzaren ikerketaren helburua istripu kopurua gutxiagotzea da, eta egunero ari dira horretan lanean.

Gaur egungo eraikuntza-arautegiak ez luke Valentziako fatxada sistema onartuko. •