MAR. 09 2024 3 BEGIRADA: CLARIAH-EUS: Humanitateek, Gizarte-Zientziek eta teknologiak bat egiten dutenean CLARIAH-EUS egitasmoaren berri emateko 2023ko azaroan San Telmo museoan egin zen jardunaldia. (IREKIA) Ainara ESTARRONA IBARLOZA Donostiako Informatika Fakultateko ikertzailea, UPV/EHU Azken hamarkadetan gertatu den iraultza digitalak etengabeko zurrunbiloan murgildu gaitu denak. Humanitateak eta Gizarte-Zientziak ere ez dira zurrunbilo horretatik libratzen, eta bertatik onik ateratzeko helburuarekin sortu da CLARIAH-EUS egitasmoa. CLARIAH-EUS teknologiaren eta Humanitateen zein Gizarte-Zientzien arteko topagunea da. Alde batetik, baliabideak, tresnak eta zerbitzuak biltzen dituen azpiegitura birtuala da, eta bestetik, Humanitateetan eta Gizarte-Zientzietan euskara, euskaraz, euskararentzat eta euskaratik ikertu nahi dutenen arteko sarea ere bada. Gaur egun, Humanitateetan eta Gizarte-Zientzietan ikertu ahal izateko, ikerketa-azpiegiturak behar ditugu testuzko, ahotsezko, zenbakizko eta irudizko datuen tratamendu konputazionala egin ahal izateko. Esaterako, testuen analisi linguistikoa egiteko tresnak behar ditugu, ahotsetik testurako transkripzioa egingo dutenak, corpusak arakatzeko tresnak, etab. Europan dagoeneko mota horretako ikerketa-azpiegitura egonkortuak egon badaude; besteak beste, CLARIN (hizkuntzaren prozesamenduko baliabideak biltzen ditu) eta DARIAH (Humanitate Digitalak sustatzeko helburua du). Azpiegitura horiek tresnen eta baliabideen arteko elkarreragingarritasuna bultzatzen dute. Horrez gain, baliabideen berrerabilpena, zientzia irekia eta ikerketaren ikusgarritasuna, eleaniztasuna eta Europako ikertzaile eta ikerketa-zentroen arteko lankidetza sustatzen dute. Beraz, CLARIAH-EUS euskaldunon arteko sarea da, baina, era berean, Europako sare handirako giltza ere bada. Euskarak presente egon behar du horrelako azpiegituretan; gure hizkuntzak ezin du Humanitateen eta Gizarte-Zientzien sostengu izateko sortu diren azpiegitura teknologiko eta komunitarioetatik kanpo egon. Hutsune hori betetze aldera, CLARIAH-EUSek gure hizkuntza, kultura eta errealitatea Europako erakusleihora eraman nahi ditu, eta ikerketan aritu nahi duenari eskura jarri. CLARIAH-EUS azpiegitura sendoa eraikitzeko, ezinbestekoa da harreman-sare estua ehuntzea eta erakundeen nahiz administrazioaren inplikazioa bermatzea. Helburu horrekin, dagoeneko bi jardunaldi antolatu dira: lehena 2021eko azaroan izan zen Donostiako Informatika Fakultatean, eta bigarrena, 2023ko azaroan Donostiako San Telmo museoan. Azken jardunaldi horri hasiera emateko, egitasmoa diruz laguntzen duten erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta UPV/EHU), eta ondoren, ikertzaileen txanda izan zen. Oso alor desberdinetako lanak aurkeztu ziren; besteak beste, historia, hezkuntza, ekonomia, arkeologia, kazetaritza edota hizkuntzalaritza izan ziren hizpide. Jadanik Espainiako estatuak jaso du CLARIN eta DARIAH azpiegituretako kide izateko izendapen ofiziala. Hala eratu da estatuan CLARIAH-ES sarea, eta, beraz, zeharka, CLARIAH-EUS dagoeneko Europako azpiegituren barnean dago. Gainera, egitasmoaren bultzatzaile den UPV/EHUko HiTZ zentroak hartu du estatuko azpiegituraren bulego teknikoaren ardura. Gaur egun hauek dira CLARIAH-EUS bultzatzen ari diren erakundeak: HiTZ zentroa, EHUko Ixa, Aholab, ELEBILAB, TRALIMA/ITZULIK, Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldea (HiTT) eta Gogo Elebiduna ikerketa-taldeak, Elhuyar, BadaLab, Soziolinguistika Klusterra, UEUko Goi-mailako Online Institutua, Baionako IKER ikerketa-gunea, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO katedra eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuna saila. Informazio gehiago nahi izanez gero: https://www.clariah.eus/eu. •