MAR. 16 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Informazioa eta azukrea, «infodieta» egokia hartu Mikel Zubimendi Francesco Petrarcak aspaldi ohartarazi gintuen: goseak baino, gehiegi jateak kaltetzen du burua. Gizentasun intelektualaren krisian omen gaude, informazioak gure burmuinak usteltzen ditu. Azukrearekin bezala gertatzen ei da. Energia iturri eskasa zelako, azukrea desiratzeko eboluzionatu ginen, baina behin industrialki ekoizten ikastean, gauza gozoekiko gure tirantza arazo bilakatu zen. Berdin informazioarekin, eta erotzeko moduko bere ugaritasunarekin. Aspaldi, informazioak gure kuriositatea zentratzen zuen; egun, distraitu egiten du. Azukrearen eta informazioaren arteko analogia ez da kapritxo erretolikoa. Burmuinak informazioa berezko sari bezala tratatzen du; ez du axola zehatza edo erabilgarria den, informazioa irrikaz nahi izaten segituko du eta kontsumitu ostean gustura sentituko da. Zientoka milurtekotan hau ez zen arazoa. Gure arbaso ehiztari-biltzaileentzat informazioa azukrea bezain eskasa eta preziatua zen. Hori dena aldatu da gizarte industrialarekin eta internetekin. Egun, atentzioaren ekonomian bizi gara, gure atentzioa erakartzen ahalegintzen dira bitarteko guztiak erabilita. Eta gure burmuinen informazio irrikak asetzeko kalitate baxuko informazioa kalitate altukoa bezain eraginkorra denez, modu efizienteena zabor-informazioa industrialki ekoiztea da. Pentsamenduarentzat nolabaiteko zabor-jana sortzea, ekoizteko merke eta kontsumitzeko atsegingarri, gehigarrietan aberats, nutrienteetan baxu, eta potentzialki oso adiktibo. Zabor-informazioa informazio faltsua izan ohi da, baina ez da zaborra faltsua delako. Zaborra da erabilera praktikorik ez duelako, ez duelako zure ulermena hobetzen, zure bizitza hobetzen. Gezurrak ere elikagarriak izan daitezke. Baina egiaztatuak diren gertakizunekin antzeko zerbait gertatzen da, ez dute zure bizitza edo ulermena hobetzen, itotzen ari denarentzat uraren konposizio kimikoa ulertzearen parekoa da. Merkatuaren indarrek eta presio sozialek ahalbidetu dute zabor-informazioak internet dominatzea. Milioika pertsona engantxatzen ditu, beti dago eskuragarri. Egun kontsumitzen diren eduki gehienek ez dute munduaren ulerkera hobetzen. Aitzitik, sare sozialetan gero eta gehiago nabigatzen dutenak informazioa prozesatzeko ezgaituago eta inkontzienteago dira, sarri irakurri berri dutena ezin gogoratzeraino. Zabor-informazioak zapore zoragarria du. Dopamina zeureganatzeko bideek ez dute erabilgarria den eta ez den informazioaren artean ezberdinduko. Ikasten ari zarela uste izatearen satisfazioa emango dizu, inteligenteagoa egiten ari zaren ilusioa, burmuinean lau gominola sartuko bazenitu bezala. Gero eta gehiago kontsumituko duzu, jonki baten pare. Zure kontzientziaren korrontea oztopatu eta buruan arteriosklerosia garatuko duzu. Eta, azkenean, gure beharretara egokitutako “infodieta” zein den erabaki beharko dugu. Baina sareak eskaintzen dizun oro kontsumitzen jarraitzen baduzu, jakin bazkaria bukatzean postrea zain izango duzula gero, eta zabor horrek guztiak zure memorian utzi dituen zuloak igartzen dituzunean, argi geratuko zaizu ez zinela zu informazio hori kontsumitzen zuena; berak zu kontsumitzen zintuela. • Zabor horrek zure memorian utzi zuloak igartzean, argi geratuko zaizu ez zinela zu informazio hori kontsumitzen zuena; berak zu kontsumitzen zintuela