MAR. 23 2024 { DATORRENA } Hemen gaude Jagobaren alde! Iñaki Soto Gaur ez gara Selekzioa ikustera joango, ordu horretan GARAko kilometroa egingo baitugu, Korrikan. Ez dakit ausartuko garen, baina agian «Hemen gaude Jagobaren alde!» oihukatuko dugu. Euskal herritarrok ditugun erronken aurrean nola erantzun behar den erakutsi baitu hautatzaileak. Berak ezin ditu gainerakoen partidak jokatu. Federazioaren, Gobernuen, alderdien, gizarte zibilaren, taldeen eta jokalarien... lehiak ezin ditu berak eman. Baina norberak berea egin behar du. Arrasatek hori guztia bikain azaldu du, sentimenduetatik eta bere kirol ezagutzatik; «jagobismotik», alegia. Hori eginez, primeran laburbildu du abertzale izatea zer den, abertzale izateko modu asko daudela jakin arren. Hitzordu honetara zilipurdika iritsi da Selekzioa, Federazioren erruz. Taldeek ere ez dute laguntzen. Beti gaude «urrezko golaren» zain, eta agintariek gol hori Bielsaren Uruguai zela uste dute. Asko da, baina ez da nahikoa. Herri honen botere egiturak erdipurdikoen esku uztearen eta sektarismoz jokatzearen poderioz, kaskarkeria burokratikoa nagusi da. Aginte demokratikoari muzin eginez, ziklo politikoaren aldaketa blokeatzen bada, jokoa beste zelaietara zabalduko da. Ustiapen eskubidea dutela uste duten familiei eta beto eskubidea duten gutxiengoei boterea lehiatu behar zaie. Behetik gora, estrategiarekin eta indar militantearekin, beti bezala. Estrategia eta taldea osatzen joan behar da Borroka armatuaren amaiera bere alderdi nagusia izan arren -ondorio politikoak eta gizatiarrak basatiak izan direlako-, independentismoaren estrategia aldaketa hori baino askoz gehiago zela uste dut. Ezin dugu iraganeko eskemei eusten jarraitu, ez baitira eraginkorrak. Haurrak klasera Espainiako Selekzioaren edo Real Madrilen elastikoarekin joatea onartzen badugu -eta ez dago onartzea besterik-, estrategiak birpentsatu behar dira. Adi, katalanen jokabide disoziatua, adibidez, ez dator bat gure izaera etnikoarekin; edo gure kultura politikoarekin, nahiago bada. Nola ulertarazten dugu salatzen duguna estatuek ezarritako betoa dela, eta jokalariek selekzioa aukeratzeko duten eskubidea defendatzen dugula? Espainiar edo frantses sentitzen direnak euren koloreekin lehiatu daitezela, eta euskaldun sentitzen direnak gureekin. Eta horrela ez den bitartean, ez dela fair-play-rik egongo eta ezin digutela atxikimendurik eskatu. Berez, diskurtso hau garaiezina da. Auzia, ordea, botere kontua da, politikoa da. Hor, arlo guztietan lehiatu behar da. Adibide txatxu bat, ze motel gauden ikusteko: gure selekzioen elastikoek gainontzeko taldeen elastikoekin lehiatu behar dute. Pep Guardiolak aipatzen du beste euskal entrenatzaile batek, Juanma Lillok, zera esan ziola: «Porrot asko falta zaizkizu entrenatzaile izan nahi duzun jakiteko». Herri honek nahikoa porrot darama bere etorkizuna askatasunez erabaki nahi duela jakiteko. Arrasatek dioen bezala, hemen «bi partida daude, eta ea biak irabazteko gai garen. Bata, [ofizialtasunaren] aldarrikapen horrena, eta bestea, zelaian jokatuko dena. Gure asmoa biak irabaztea da, jakinda ez dela erraza izango». Bera hor egonda, asko irabazi dugu. • Le dijo Hillo a Guardiola: «Te faltan muchas quiebras para saber si quieres ser entrenador». Este país lleva suficiente fracaso como para saber que quiere decidir libremente su futuro