GAUR8 - mila leiho zabalik
MEME-EGILEEN HARROBIA

‘Memeka’ euskarazko meme-lehiaketa antolatu dute gazteei zuzenduta

Abian jarri dute ‘Memeka’, euskarazko meme-egile gazteei zuzendutako lehiaketa. 15 eta 18 urte bitarteko lagunei zuzenduta dago, haiek sortutako meme onenak, dibertigarrienak, ironikoenak... saritu nahi ditu ekimenak, ingurune digitalean euskararen erabilera indartuz. Lehiaketak erronka bota du, sortzaile askorentzat lehen urrats bat izan daitekeena, sormena piztea da gakoa.

Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko presidentea, Euskararen Etxean, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Sakelako telefonoen mezuetan, sare sozialetan... sarritan erabiltzen ditugu karikaturazko irudi edo bideo labur horiek, beste mezu bati erantzuteko, ideia bat nabarmentzeko, sentimenduak adierazteko edota egoera bat barregarri egiteko, besteak beste. Memeak dira, eta horietako batzuk, edo dituzten protagonistak, behintzat, aski ezagunak dira, behin eta berriro erabiliak direlako mezu ezberdinetan. Bada, Azkue Fundazioak eta Iametza enpresak lehiaketa bat antolatu dute elkarlanean, eta memeak dira deialdi horren ardatz nagusia. Hortik, lehiaketaren izena: “Memeka”. Euskarazko meme sortzaileak bultzatzen ditu 15 eta 18 urte bitarteko gazteen artean, eta dagoeneko parte hartzeko aukera zabaldu dute.

Ez da horrelako lehen lehiaketa, baina berriz ere natibo digitalen eskuetan jarri dute meme berrien sorrera, euskaraz ere sekulako “gif”-ak sor daitezkeelako, baita “influencer” euskaldunak jaio ere, ezta? Erronka botata dago, eta sortzaileentzat lehen urrats bat izan daiteke deialdia.

Izena emateko epea zabaldu berritan, ez dugu oraindik edizio honen memerik ikusteko aukerarik izan, baina aurreko edizioko sorta bat dago ikusgai. Ikasketekin lotutakoak dira asko, «ardoa 3/4 beti» tankerakoren bat ere aurkitu daiteke, eta egunerokoari irribarre bat jartzeko moduko beste asko.

Deialdia abian dago. Memeak aurkezteko epea zabalik dago jada. Apirilaren 21era arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea, baina gako gehiago dauzka ekimenak, memeak sortzeko plataforma erabili behar baita.

Proposamena Iametza enpresatik heldu zitzaion Azkue Fundazioari, eta planteamenduak bete-betean jo zuen jada aisialdia eta gazteen euskararen erabilera uztartuz arlo horretan eragitea helburu zuen fundazioan.

Gaztetxoen artean eta batez ere ingurune ez formal horietan, “Memeka” bezalako ekimenek euskararen erabilera indartzea bilatzen dute, gazteei «entretenimendurako gune bat» eskainiz eta «plataforma digitaletan euskararen erabilera aktiboa» sustatuz, «modu dibertigarri eta erakargarrian».

Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariarengana jo du GAUR8k ekimenaren inguruan hitz egiteko. Azaldu duenez, gazteen aisialdiaren inguruko helburu horren bueltan kokatzen da lehiaketa, baina azpimarra ingurune digitalean jarriz. «Euskara bizitzaren esparru guztietan presente egotea da helburua, baina guk transmititu nahi duguna da gure hizkuntza oso baliagarria ez ezik, aproposa ere izan daitekeela ingurune digital horretan, txantxarako espazio horietan», dio Acasusok.

Memeak sortzea proposatzea gazteentzako elementu «pizgarria» izan daitekeela uste dute. Sormena lantzeko gonbita delako, haien intereseko gaiei heltzeko modu bat, ondo maneiatzen duten ingurune digitala bezalako espazio batean. Osagai horien guztien uztarketak deialdia erakargarri egin dezakeela uste dute bultzatzaileek. Ez da lehen esperientzia, gainera.

Irudi bilduma handi bat

“Bziber” TikTok sare soziala baliatzen duen lehiaketa bultzatzen du Azkue Fundazioak, «gazteak eta sareak euskaraz ehuntzeko». «Badakigu ez dela erraza gazteengan eragitea, baina horrek ez du esan nahi ahaleginik egin behar ez dugunik, eta Azkue Fundazioan oso prest gaude behin eta berriro saiatzeko, horietatik ikasteko eta proposamen berriak egiteko. Guk horretan jarri nahi dugu azpimarra, eta gure lana era nabarmenean horretara bideratzen dugu», adierazi du Iurdana Acasusok.

Iurdana Acasuso (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Komunikazioan eta teknologian aritzen den Iametza enpresak lehiaketan parte hartzeko baliatu beharreko tresna ere eskaintzen du. Izan ere, memeak sortzeko “Memeka” plataforma erabili behar dute gazteek. Bertan, irudi garbiak eskuratu ahal izango dituzte parte hartzaileek, testuak txertatzeko.

Irudi kutxa handi horretan, letra tipoaren kolorea eta mota pertsonalizatzeko aukera izango dute, baita irudiaren gainean jartzeko eranskailu ezagunak (sticker) lortzeko ere. Lehiaketan aurkeztutako memeak, gainera, «katalogo orokorrean kontsultatu eta erabili ahal izango dituzte gainerako erabiltzaileek».

Gaia librea da. Baldintza bakarra da testuak euskaraz izatea. Ohartarazi dutenez, ez dira onartuko eduki iraingarriak edo errespetuzkoak ez diren mezuak, «ezta kalitate maila nahikorik ez dutenak ere». Era berean, ez dira argitaratuko eta lehiaketatik kanpo geratuko dira egokitzat jotzen ez diren mezuak.

Testuen erredakzioari dagokionez, Iurdana Acasusok zehaztu du hizkera bereziki zainduko dela. Izan ere, «memeak filtro bat pasatu beharko du lehiaketara pasatzeko»; gramatikari dagokionez ere, Acasusok azaldu duenez, lizentzia batzuk onartuko dira, espazio ez formal horretan ulergarriak izan daitezkeenak, eta adina eta beraien egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta. Lehiaketak bi sari izango ditu: 200 euroko bat webgunearen bidez boto kopuru gehien jasoko dituen memearen egilearentzat, eta 150 euro, Instagram eta Pixelfed (aurrekoaren antzeko sare soziala) kontuetan, -biak batuta- “like” kopuru gehien jasotzen dituen memearen sortzailearentzat.

Apirilaren 24tik maiatzaren 2ra izango da bozkatzeko tartea, eta irabazleak maiatzaren 3an iragarriko dituzte.