APR. 06 2024 { KOADERNOA } Asperduraren zirrikituak Iker BARANDIARAN Denetatik daukagu eskura eta, hala ere, aspertuta bizi gara; bai helduak eta baita txikiagoak ere, jakina. Gutako askok sare sozialetako reel-ak ikusten pasatzen ditugu tarte luzeak, denbora-pasa. Entretenimendu hutsa dira, barregurazko pasarte motzak, influencer delakoen edo saio konkretuen zatitxoak… Aleatorioki agertzen zaizkigu (edo ez!), baina guk behintzat ez ditugu aukeratzen. Heldu zein gaztetxoek denbora dezente igarotzen dugu horien aurrean eta, konturatu gabe, poliki-poliki, umore tonuan sartzen zaizkigun horiek normalizatzen goaz, bestela onartu ez edo desegokitzat hartuko genituzkeenak. Hor tartean tik-tok ere badago, noski, eta kasu horretan gaztetxoak dira horren hartzaile nagusiak. Duela hilabete batzuk pasatu zen. Seme nagusiari eta haren lagunei txantxa egin nien hauteskundeak zirela-eta, haiek botoa eman behar zutela esanez. Sinistu ninduten, nonbait, eta jarraian, botoa nori emateko asmoa zuten galdetu nienean, zur eta lur utzi ninduen haien boteprontoko erantzunak. Haien ezjakintasunean “Vox?” zalantzaz erantzun zuten. Sinistu ezinda, zergatia galdetu nien, eta erantzuna izan zen noizbait nonbait entzuna zutela Vox-ek garraio publikoa doan jarri nahi zuela (?!!). Gehiago arakatuz, konturatu nintzen politiko batzuen izenak zerrendatzeko gai direla; ez, ordea, alderdien izenak -Vox salbuetsita-; eta are gutxiago, dauden alderdi politikoak; eta ezta, jakina, haien lerro politikoak ere. Bai, hauek umemoko batzuk dira oraindik, aurre-nerabezaroan murgiltzen ari direnak, baina nolabait zerbait haiek zipriztintzen hasi da, eta kezkatzekoa da. Horren harira, astean zehar, “La farsa ultra” izenpean, sare sozialetan eta hainbat influencerren aldetik gizartea eskuin muturreko mezuekin blaitzeko estrategiaz luze mintzo dira TV3n; eta, gainera, dokumental berean laster botoa emateko aukera izango duten ikasleak batu dituzte egunerokotasuneko gai desberdinak mahai gainean jarrita haien iritzi eta hausnarketak ezagutzeko. Gazte horietako batzuek onartzen dute politikaz eta alderdi politikoez ezer gutxi dakitela, baina kontziente direla dagoeneko aurreiritzi batzuk barneratzen dabiltzala. Ez hori bakarrik… Guk geuk erraz egiaztatu dezakegu tik-tok, influencer edo barregurazko meme horiek askotan egiten dituztela arrazakeriarekin edo feminismoarekin lotutako txantxak. Txantxak dira, bai, baina gaztetxoak halakoak entzuten ohitzen dira, txiste horiek guay-tzat hartzen dituzte, eta lagun artean erabiltzen hasita, poliki-poliki “normalizatuko” dituzte. Badakizue zer den hurrengoa, ezta? Izan ere, mundu mailan lehen aldiz irauli da ideologiaren adin piramidea: leku askotan gazteak nagusiagoak baino kontserbadoreagoak dira gaur egun; hau da, gazte gehiagok eskuina eta muturreko eskuina aukeratzen dituzte; eta nagusiagoek, ezkerra, orain arte ez bezala. Euskal Herrian ez da oraindik halakorik gertatu, baina adi!, mundu globalizatu honetan dena da posible. Are gehiago, diskurtso hauek “normalizatzen” doazen heinean, beste alderdiak ere eskuinerantz mugitzen doaz. Hori ere ikusten ari gara. Hala, izan gaitezen kontziente eskuinerantz biratu dezagun zirrikitu asko dituztela zabalik eta, sigletatik harago, oinarrizko printzipioak daudela kolokan. Horiek zaindu beharra dago, burutik eta eskuetatik ezabatu aurretik. • Sare sozialetako mezuak eta txantxak tarteko, gaztetxoak eskuineko mezuekin blaitzen ari dira. Txantxak dira, baina ‘normalizatzeko’ arriskua agerikoa da