Itzea URKIZU ARSUAGA

Ez dakit zein unetan

Ez dakit zein unetan iruditu zaidan ideia ona egoera honetan etxetik ezkaratzerako atea zeharkatzea eta igogailuan sartzea. Bai, igogailutik ari naiz berriz ere, eta behera noa, berriz ere; oraingoan bi haurrekin. Tira, seme zaharrena ez da zehazki haur bat: oraintxe bertan, gehiago da garrasi bat hanka eta besoekin, amorrazio ibiltari bat, ogro txiki bat. Aldamenean du anaia gaztea, begiak ezin zabalago, bere oihuei begira. Eta gero ni, neure buruari esanez heldua ni naizela, kontrola nirea dela; hartzeko arnasa, berak ezin duela frustrazio hori kudeatu; kaleko haize freskoarekin baretuko zaizkiola estres-hormona denak, kolpean.

Pentsamendu horietan kopetako izerdi tantei puzka nabilela, espero baino lehenago gelditu da igogailua: atea zabaldu, eta hirugarreneko bizilagun gazteak pare-parean, “Mona Lisa”-rena izan zitekeen erdi-irribarre batekin, guk antzezten dugun koadroari begira. Ez dugu hitzik trukatu, baina, denok ulertu dugu ez zegokiela kabinan sartzen saiatzea ere. Bagoaz behera, eta, zerogarrenean, lurrean, kaleko haizea arnastetik gertuen dagoen pisuan, adineko emakume bat zain. Kasketa ikusi, eta ez zaio ezer hoberik otu, semeari «ez zaitez haserretu» gazteleraz esatea baino.

Zenbat aldiz entzun beharko ote du esaldi hori bera, intonazio, hitz-hurrenkera eta metaforatan kamuflatuta? Mantra bat da, nola haurrentzat, hala helduontzat. Ez zaitez haserretu, ez apurtu ordena soziala, ez molestatu jende estandarrari, zeren, haserretzen bazara, ezkaratzetik kalera irten, eta terrazan dauden guztiek begiratuko diote zure negarrari, zure ezinegonari, zure gardentasun xaloari.

Mundu honek hala maite baikaitu haurrak eta emakumeok: politak eta isilik. Eta, argazki-perfektu-mutu hori dantzarazten hasten garenero, zerbaitek gogorarazten digu zein den bizitzan tokatu zaigun tokia: bazterra, txokoa, ertza. Eta, hala, normalak iruditu behar zaizkigu haurren presentzia onartzen ez duten ezkontza-ospakizunetarako gonbidapenak, edo ‘Adults only’ hotelak. Ez dakit zein unetan hasi den arau bilakatzen norberari enbarazu egiten dion oro. •