APR. 20 2024 Zumeta Xabier Mikel ERREKONDO Etzi, apirilaren 22an, lau urte beteko dira Jose Luis Zumeta hil zela, baina, hain dago presente betiko Usurbilgo ondare humanoa bilakatu zena, non kale arteko ibilian arnasaldi bakoitzean xurgatzen ditugun airean dantzan dabiltzan irudien eta koLore bizien indarra eta esentzia lurrinak. Gogoan dut nerabe ginela, 13 urte inguru, Landaberri ikastolan epe batez irakasle izan zintugunekoa. Gogoan dut behin orri zuria lapitzarekin zirriborroz betetzeko ariketa “zaila” jarri zenigula…hura bai, hura ongi genekien egiten! Eta amaitzean, esan zenigun: «Orain begiratu orrira, ea zer ikusten duzuen». Harrigarria izan zen emaitza, begia non jarri, irudiren bat atzematen genuen-eta marra ero haien artean. Bada, esango nuke hura izan zela nire lehen irudimen ariketa kontzientea. Gauza ederragorik! “Espresionismo abstraktua” zer den ere irakatsi diguzu kaletarroi, mugimendu sozial ugarirentzat margotu kartelen eta zure lagun Mikel Laboaren diskoen portaden bidez. Luxu galanta, Jose Luis, izan zaren bezalakoa izateagatik. Gogoan dut 70eko hamarkadan Udalak kulturaren alde apustu ederra egin zuela zurekin, Jose Luis, 16x9 metroko zeramikazko mural erraldoia egin zenezan; geroztik herriaren ikono eta ipar-orratz dena. Gogoan dut duela 15 urte hamarkadatan zure frustrazio nagusia izan zena, ametsezko landa eremuan Arte Estudioa muntatzeko proiektu kuttuna, egia bihurtu zuela Udalak, eta kultur munduaren babes zabala jaso zuela; Zumetaren eta Usurbilen onerako, jaioterriarekin lotura sendotuta eta herritarrekin tailerrak antolatzeko borondatearekin. Duela lau urte galdu zintugun, Jose Luis, baina nago, Zumeta jauna, Laboa jaunarekin batera zabiltzala Etxebeste kalean goiti-beheiti, Patritik Zendoiara eta buelta, ardo beltz kopari helduta zure lemari nola: “Tabernan hobeto”… Margolari handiak ez dira inoiz hiltzen. Zumeta gure ARTean izanen da betiko. •