APR. 27 2024 { DATORRENA } Ziotenez, PSE omen zen egonkortasunaren giltza Iñaki Soto Gaur, larunbata, Pedro Sanchezen hausnarketaren hirugarren eguna da. Espainiako Estatuaren botereak noraino diren ultraeskuindarrak eta antidemokratikoak ebatzi behar du. Bi egun falta dira bere erabakia jakiteko. Ezohiko egoera da. Zer ariko da pentsatzen? Zer esango diote gertukoek? Zertan ariko dira alderdiaren sektore ezberdinak? Zer erabaki hartuko du? Jarraituko du? Ez? Erabaki horretatik abiatuta, astelehenean jakinaraziko digu -X bidez?- botere autoritario horiei aurre egiteko prest dagoen ala ez. Beragatik, Europako milioika herritarrengatik, eta Begoña Gomez bere bikotekidearen ohoreagatik egingo du arre edo so. Borrokatzeak merezi badu, jokaleku politiko berria zabaldu daiteke. Hala bada, Maria Chivite lehendakariak «larrialdi demokratikotzat» jo duenari aurre egin behar zaio. Sanchezek eta PSOEk estrategia eta agenda zehatz bat jarri beharko dute mahai gainean joera antidemokratiko hori iraultzeko. Plan hori Manos Limpias txikitzeko erabakiarekin has liteke, agian. Botere judiziala demokraziarentzat nola berreskuratuko den ere azaldu beharko luke planak. Hortik aurrera, epeak eta formulak adostu behar dira. Hauek izan daitezke ardatzak: askatasunak eta eskubideak, plurinazionaltasuna eta herritartasuna, aldaketen instituzionalizazioa eta gurutzatutako berrespenak. Demokrazia lege bada, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako jendarteak boto bidez eta askatasunez mintzatu beharko dira, noski. Sanchezen erantzuna ezezkoa bada, eta ezin duela gehiago erabakitzen badu, ez dakit zein izango den bere mezua. «Gabon, eta zorte on», agian? Mundua ez dago gainerakoei heroismoa eskatzeko, baina salaketa txatxu horrek PSOE eta Sumarren Gobernua hondoratu badezake, antifaxismoak latzak pasatuko ditu Ebrotik behera. Are gehiago «PSOEren ezkerra» deitzen duten hori nola dagoen ikusita. Gainera, uste dut Sanchezen kasuan amore emateak ez duela ultraeskuinak atzera egitea ekarriko, ezta gutxiago ere. Ez dira geldituko Begoña Gomez ez, baizik eta Sanchez bera akusatuen aulkian ikusi arte. Honezkero, PSOEn konfiantza izatea ameskeria da. Erregimenarekin bat egiteko tentazioa oso handia da bide hori ezagutzen duenarentzat. Alderdi horrek sistema autoritario eta ustel honetan izan duen ardurari buruzko berrikuspen kritikoa ezin dugu itxaron. Askatasuna nahi dugun euskal indar eta herritarroi politika egitea beste aukerarik ez zaigu geratzen, ordea. Literatura ez badugu egin nahi, bederen. Testuinguru honetan, espainiar botereak noraino irits daitezkeen hobekien dakigunak geu gara. Tamalez, kontzientzia ez da kontsolamendua. Ezker subiranistak baditu akordioak Madrilen, dena hausten bada arriskuan jar daitezkeenak. Arinkeria ez da aukera bat. Bestalde, artikuluaren hasieran Sanchezen lekuan jarri garen bezala, Imanol Pradalesen tokian jartzea ere komeni da. Astelehenean bilera dute Eneko Andueza eta PSErekin. Egonkortasuna agindu dute, baina egunotakoa ez da serioa. Zer esango diote bereek? Eta alderdiak? Aukera guztiak baloratuko dituzte? Ez? «Lawfare» delakoak beti ditu albo-kalteak demokrazian, bere biktima zuzenetatik haratago doazenak. • Egunotan Pedro Sanchezen lekuan jartzen garen bezala, Imanol Pradalesen tokian jartzea ere komeni da. Zer esango diote bereek? Eta alderdiak? Aukera guztiak baloratuko dituzte? Ez?