Sabreen txikia, gazako sarraskiaren isla
Sabreen al-Sakani hogeita hamar astez haurdun zegoen. Berarekin bere senarra eta hiru urteko alaba, Malek, zeuden. Apirilaren 20an, gauerdia baino ordubete lehenago, bonba batek bete-betean jo zuen Al Sakani familiaren etxea, Rafah-n. Bertan zeuden lotan. Senarra eta alaba momentuan hil ziren. Sabreen, berriz, egoera larrian aurkitu zuten erreskate taldeek. Ospitalean, urgentziazko zesarea egin zioten umea salbatzeko. 1,4 kilorekin eta arnasa hartzeko zailtasunarekin jaio zen. Ama, ordea, alaba ezagutu ahal izan aurretik hil zen. Bere omenez, txikiari -irudian- Sabreen izena jarri zioten. Bost egunera hil zen jaioberria erietxean bertan.
Gazan, 17.000 adin txikiko umezurtz gelditu dira, bi gurasoak edo horietako bat galdu dituzte. Sabreen horien artean dago orain. Familia osoak desagerrarazi dituzte Israelen bonbardaketek. Sabreenen arreba eta gurasoak hil ziren gau berean, Al Aal familiako 15 ume hil zituzten Rafah-n, beste aire eraso batean. Duela 200 egun hasitako erasoaldiak 34.200 palestinar hil ditu, horietatik 14.800 haurrak. Hogeita hamar bat goseteak jota hil dira. Nazio Batuen arabera, bi urte baino gutxiago dituzten umeen %30ek malnutrizioa pairatzen dute. Noiz arte Sabreen gehiago?