Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Alderdien interesengatik gotortzen ari da EAJ

Europako Parlamenturako hauteskundeekin egungo ziklo elektorala amaituko da, hori esateko segurtasunik ez badago ere gaur egungo egoera aldakorrean. Pedro Sanchezek eragin berri duen azken krisia dugu adibide, eta Kataluniako hauteskundeen ostean mugimenduak eta are astinaldiak egon daitezkeela ezin dezakegu baztertu.

Hauteskundeen ostetik gobernuak ere osatu dira. Eredu ezberdinak ikusi ditugu. Batzuk, berritzaileak; beste batzuek, ordea, betiko lepotik burua. Nafarroako Gobernuarena eta haren ondotik Iruñekoarena izan ditugu lehenengoetan. Nork esango luke duela hamar urte halakorik gerta zitekeenik. Inork ez zuen sinistuko, eta are gutxiago UPNk. Bi porrot izan ditu jarraian Nafarroako Gobernura bueltatzeko saiakeran, eta alderdiaren gainbehera ikusgarria izan da. Hain da nabarmena, ezen Cristina Ibarrolak, antza, norabidea ere berritu nahi duen. Hori ondoriozta daiteke egunotan akordioetara iristeko borondatea agertuz egindako adierazpen deigarrietatik.

EAEko Gobernua osatzeko bidean dago, eta, kasu honetan, zaharrak berri. EAJk eta PSEk akordiora iristeko lehen urratsak egin dituzte eta, paparra puztuta egindako adierazpenak adierazpen, inork gutxik du zalantzan ituna berandu baino lehen egingo dela. Programa ikustekoa izango da, ez horrenbeste adostasunak nola zehazten dituzten egiaztatzeko, desadostasunak nola ezkutatzen dituzten jakiteko baizik. Arreta, azkenean, Gobernuko sailen banaketan egongo da.

Zaharrak berri. Eta berria izaten ari denak zaharraren kutsu sakona du. Ez da oso ondo ulertzen zergatik Imanol Pradalesek ez dien beste alderdietako buruei deitu lehen harreman bat izateko, eta zehazkiago bigarren indarrari. EAJk eta EH Bilduk parlamentari kopuru berbera dute. Ez du sendotasuna azaltzen, gotortzeko gogoa baizik.

Irakurketa kezkagarria da, beste berri batzuk ere kontuan hartzen baditugu. Esate baterako, EAJk eta PSEk osatzen duten Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du Batzar Nagusiek emandako aginduak bere gain hartzeko eta betearazteko konpromisoa hartu nahi izan, nahiz eta Ganberak horretarako deia egin. Bere gutxiengoa agerian geratu da, baina hausnarketarako bidea hartu baino, badirudi gotortzeko gogoa duela Eider Mendoza buru duen taldeak ere.

Gipuzkoan alde handiz irabazi zuen EH Bilduk, eta gobernua eskuratzeko PPren babesa behar izan zuten EAJk eta PSEk, beste garai bateko jokabideari eutsiz. Nafarroarekin edo Ipar Euskal Herriarekin -hemen ere Herriko Etxeetako hauteskundeetan ikusi ahal izan zenez-, aldea izugarria da. Gainera, hauteskunde autonomikoetan, Gipuzkoan EH Bilduk bere nagusitasuna areagotu du eta EAJk bozak galdu ditu, are eta ageriagoan utziz Foru Aldundiaren gutxiengoa.

Pentsa zitekeen Gasteizko Legebiltzarrean aro berri bat abiarazteko aukera egon bazegoela; besteak beste, protagonista berriak ere badaudela aprobetxatuz. Estatus politikoaren eztabaidari bide eman eta zerbaitetara iristeko, esate baterako. Herri interesen arabera jokatzeko, gehiegi amestea ez bada. Hala bedi.

Oraingoz, PSE atzerakoi baten gatibu, badirudi EAJk herri interesen arabera aurrera egiteak alderdiaren interesak kaltetuko dituela metabolizatu duela.•