Miren AZKARATE BADIOLA

Eraldaketarako zirrikituak

Hainbeste albiste gogor, latz eta jasanezinen artean, badira noizean behin bere txikitasunean poz handi bat ematen didaten albisteak. Ohitu egin gara, bai, bai, ohitu, eta ondorioz, ezer pasako ez balitz bezala jokatzen dugu Gazan egiten ari diren sarraskiaren aurrean, edo emakume bat bere bikotearen eskuetan eraila denean, edo edozein adin edukita ere etxegabetzen ari diren pertsona horien guztien albisteak entzutean eta ikustean. Horregatik esaten dut askotan gizaterian sinesmen osoa galdu dudala, sinesgaitza egiteraino zertarako gai garen eta nola begiratzen dugun besteok beste alde batera.

Baina hori guztia gertatzen ari den bitartean eta gure bizitzekin aurrera egiten dugun bitartean (ze erremedio), badira ekintza xumeak: adibidez, Bruselan, eliza bat rokodromo bilakatu dute, edo Bilboko zezen plaza liburutegi. Ezin da inondik inora aurreko guztiarekin konparatu noski, huskeria dira goian aipatutako izugarrikerien aurrean. Baina tira, txikitasunean eta gertutasunean Elizaren erabilpen egoki bat egitea behingoz eta zezenak torturatu eta hiltzen den (eta hori ospatzen den) lekua benetako kultura bihurtzeak poz txiki bat eragiten dit. Behingoagatik kultura zabaltzen zutela esaten zuten bi leku instituzional karka horiek benetako kultura eskainiko dute.

Aldaezinak zirela uste genuen gauzak aldatu daitezkeela erakusten du, eta horrek esperantza sortzen du, gauza txikiak aldatzen badira handiak ere aldatu ditzakegula sinestera eramaten bainau. Hori bai, borrokatuz, ez dago beste biderik. •