Itzea URKIZU ARSUAGA

Parasito hutsa

Behin batez esan zidaten ez dakidala zoriontsu izaten. Gogorra egin zitzaidan hitzez hitz entzutea, baina, zintzotasunez aritzekotan, egia da etor litezkeen albiste txarren estatistika eta probabilitate jokoan aritzea dela nire burmuinaren dantza kuttunenetakoa: kezkatzea bizi-estilo, eta besterik gabe pozik sentitzea beldur-hauspo, gehiegi erlaxatutakoan iristen baitira zaplaztekorik handienak.

Krokis emozional hori errepasatzen nator bolantean, eta berdeak eta haren tonalitate guztiek inguratzen naute ibilgailuko leihoetan barrena; bai ederra gure udaberria. Zorteko sentitzen naiz halakoetan, irratian gerra, erailketa matxistak eta lehorteak aipatzen dituzten bitartean, ni saia naitekeelako mundutik ihes egiten, mendiko oinetakoak jantzi eta ezkaratzetik tontorrera zuzenean igoz. Zer ote da hori: poza bilatzea ala tristura erlatibiza dezakezula sinestea?

Beharbada gehiago da besteren minetik norberarena pixka bat sendatzea; besteen saminaren parasito izatea, finean. Duela astebete kontziliazio-emozio-egokitze krisi betean baikinen etxean, eta gaua eta eguna eman ditut zurrunbilo hartatik irteteko gaitasunik izango ez genuela pentsatuz. Baina tira, badirudi pasatu dela olatu hau, jaitsi dela aparra, bistaratu dela gure hondartzatxoa.

Eta badakit pasatu dela, autoan noala, zutabe honetarako ideia konkreturen baten falta izan delako buruak gogorarazi didan lehenengo kezka, eta ez beste ezer. Lehorte bat, inondik ere, baina ordenagailu aurrean jarri eta, teklak gehiago edo gutxiago goxatuz, amaitu litekeen gerra bat.

Ez naiz ausartu eskua leihotik atera eta, hura gora eta behera goxo mugituz, olatu bat imitatzen; N-1 errepidea ez da atrezzorik egokiena performance horretarako. Albisteak albiste, ordea, gaur iragarki hark transmititzen zuen lasaitasun-poz-bake sentsazio batek zeharkatzen nau, aspaldiko partez. Zer egingo diogu ba: parasito hutsa naiz, tarteka zoriontsu izaten ikasi duela sinetsi nahi duena. •