GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
Marcela Abarzuza
Abarzuza liburu-denda zenaren jabea

«Gure lana baino ez dugu egin, baina jendeak eskertu digu»

Iruñeko Alde Zaharreko dendarik ezagunenetakoa izan da Abarzuza liburu-denda azken 30 urteotan. Baina Marcela Abarzuza eta Rafael Rodriguez jabeek erretiroa hartu berri dute.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

Iruñeko Alde Zaharreko Santo Domingo aldapan egon da azken 30 urte hauetan Abarzuza liburu-denda. Bertan, Marcela Abarzuza eta Rafael Rodriguez senarra egon dira bezeroak atenditzen. Orain erretiroa hartu dute eta, liburu-dendaren ardura beste norbaitek har zezan saiatu badira ere, ez dute lortu. Horrek sentimendu gazi-gozoa eragiten die.

Iruñeko Alde Zaharrean erroturik zegoen komertzioetako bat izan da Abarzuza liburu-denda. Nola sortu zen?

Aitak 1952an liburu-denda ireki zuen Kale Berrian. Gure historia luzea da. Aitonarekin bizi zen aita. Aitona Udaletxeko atezaina zen. Garai horietan atezaina Udaletxeko azken pisuan bizi zen. Bi gizon ziren eta laguntza behar zuten etxean. Eta ama [Ceferina Fontellas] zerbitzatzera joan zen etxe horretara. Amak etxeko gauzak egiten zituen eta hamaiketakoa eramaten zion aitari dendara. Gaztelaniaz esaten denez, el roce hace el cariño, eta maitemindu egin ziren. Azkenean, ama gero eta gehiago egoten zen, aita gaixo zegoelako eta ospitalera maiz joan behar zuelako. Ezkondu egin ziren eta bost seme-alaba izan zituzten. Ni zaharrena naiz. Aita oso gazte hil zen. Nik zortzi urte nituen eta nire anaia Victorrek hilabete batzuk baino ez. Ama alargun gelditu zen, dendan. Eta 1990. urtera arte egon zen. Bitartean, Rafa senarra eta biok urte batzuetan lanean egon ginen Xalbador liburu-dendan, eta gero Xalemen. Bederatzi edo hamar urte egon ginen han, eta gure kabuz denda irekitzea erabaki genuen. Abarzuza liburu-denda berreskuratu nahi genuen. Santo Domingo aldapara, Alde Zaharrera, etorri ginen. Lokalarekin batera lehen pisua ere saltzen zuten. Ama gurekin egon behar zen eta lehenengo pisu hori oso ongi zegoen amarentzat. Hemengo historia, bigarren etapa honetan, 1993an hasi zen. Eta gaur arte egon gara, orain erretiroa hartzen dugulako. Ama duela bederatzi urte hil zen, 2015ean. Hori da gure historia.

Bizitza osoa liburu artean eta Alde Zaharrean.

Ama, bere garaian, euskal liburuak saltzen zituen eta erakusleihoan jartzen zituen lehenengoa izan zen. Garai horietan zeuden euskal liburuak “Kristau ikasbidea”, kartillak, hiztegiak, gramatikak eta antzekoak ziren. Baita Hauspoa bildumakoak eta bertsolaritzaren ingurukoak ere. Baziren debekatuak ziren liburuak ere. Adibidez, Ekin argitaletxekoak eta beste batzuk. Kanpotik ekartzen zituzten. Ni txikia nintzen eta ez nekien nondik ekartzen zituzten, baina pakete horiek etorri etortzen ziren. Amak dendaostean gordetzen zituen. Kale Berriko dendan soto bat ere bagenuen, eta soto horretan horrelakoak izaten genituen.

Urte gogorrak ziren eta ausardia behar zen horretarako.

Oso gogorrak. Bi atentatu izan genituen. Lehenean, kristalak apurtu zizkiguten. Ahizpa eta biok Poliziarengana joan ginen salaketa jartzera. Ez ziguten kasurik egin. Bigarrena, larriena izan zen eta ama oso kezkatuta gelditu zen. Gurutze naziak jarri zizkiguten bai dendan bai gure kotxean. Oso gogorrak ziren 1970-1980ko hamarkadak. Urte horietan horrelakoak gertatzen ziren. Jendeak euskal liburuak erakusleihoan ipintzera nola ausartzen ginen esaten zigun. Eta amak beti «zergatik ez?» erantzuten zuen. «Ni euskalduna naiz eta nire hizkuntza da», esaten zuen. Oso ausarta zen.

Zuek ere ildo horri jarraitu zenioten, euskal liburuak Iruñean topatzeko erreferentea izan zarete.

Bai, horrela egin nahi izan genuen. Nahiz eta euskaldun berria naizen. Aitak ez zekien euskaraz. Ama etxean euskaraz egiten saiatu zen, baina aitak ez zuen ulertzen. Azkenean, gaztelaniaz egiten genuen. Euskara euskaltegian berreskuratu nuen. Kanpionen, Konpainia kaleko euskaltegian. Beti izan ditugu euskal gaiak, euskarazko liburuak eta Nafarroari buruzko liburuak ere bai. Baita hemengo idazleenak ere.

Dagoeneko itxi duzue, baina azken urteotan idazleek beti nabarmendu dute beraiekiko izan duzuen tratu ona.

Bai. Oso harreman estuak izan ditugu idazleekin. Guretzat oso inportantea da harreman hori izatea. Ez soilik idazleekin, bezero guztiekin. Azkenean, nahi genuena idazleak, bezeroak edo hona hurbiltzen zen jende guztia etxean bezala sentitzea zen. Hori zen gure helburua. Eta uste dut lortu dugula.

Liburu-denda mardula zen, baina aldi berean auzoko denda ere bai.

Hori da, auzoko denda izan nahi genuen, auzokoei zerbitzuak eskaintzeko: liburuak, eskolarako materiala, fotokopiak, egunkariak. Norbaitek pakete bat utzi nahi badu, ez dago arazorik. [Denda dagoeneko itxita bada ere, elkarrizketa egiten dugun bitartean mezulari bat sartu da portaleko biztanle batentzako pakete bat uzteko]. Pena da horrelako dendak desagertzea. Horrelako dendarik gabeko auzo bat oso tristea da. Bi urte hauetan liburu-denda norbaitek hartzeko saiakeran ibili gara. Tarte honetan gizartea nola aldatzen ari den ohartu naiz. Niretzat azkarregi ari da gertatzen aldaketa hori. Alde Zaharrean bizitzen jarraituko dut eta auzoko dendetako bezeroa izan nahi dut. Gustatzen zait denda batera sartu eta «nola zaude?», «zer moduz dago zure ama?» edo «nola duzu gaur hanka?» galdetzea. Horrelako harremanak ez dira eraikitzen denda handietan, auzoko dendetan eraikitzen da. Eta desagertzen ari dira.

Gero eta zailagoa da horrelako dendak mantentzea. Zuen kasua dugu, eta azkenaldian beste batzuk ere itxi dituzte. Eta etortzen direnak beste tankera bateko komertzioak dira.

Hori da. Pixka bat haserre nago Administrazioarekin. CEIN edo Merkataritza Ganbara gisako erakundeak pribatu bezala aritzen dira, baina diru publikoarekin. Eta zer egiten dute? Gure esperientzia izan da jendea dendarekin jarraitzeko interesatuta zegoela. Baina bidean nekatu egin dira burokraziarengatik edo bankuetako oztopoengatik. Ez dakit laguntzak non dauden. Ez dute lortu kreditu baxurik. Enpresa-sorkuntzan laguntzen dutela diote, baina bulegoetatik atera beharko lirateke kalean benetan zer gertatzen den ikusteko eta benetako laguntzak emateko.

Tristea da burokrazia horrek oztopatzea lagundu beharko lukeen zerbait.

Denda duela 30 urte ireki nuenean, leihatila bakarra zegoela entzun nuen. Baina, jaun-andreok, hori ez da existitzen. Ez da egia. Non dago hori? Ez dago. Jendea bidean nekatu egiten du. Toki batera joan eta beste batera bidaltzen zaituzte. Norbaitek ilusioarekin horrelako denda bat ireki nahi badu, harrapatu egin behar dugu, ze ez dago hainbeste jende.

Bestela, frankiziak datoz, eta auzoak, kasu honetan Alde Zaharrak, izaera galtzen du prozesu horretan.

Izaera erabat galtzen du. Nik horrela uste dut. Gure kasuan, oroigarri-denda bat izanen da erreleboa hartuko duena. Hemengoak dira, baina horrelako denda ugari dago entzierroaren ibilbidean. Eta pena da auzoko dendak desagertzea, Alde Zaharrean edo edozein auzotan. Alde Zaharrean gehiago ikusten da, baina auzoetan ere dendak ixten dituzte eta ez dira berriak irekitzen. Denda guztiak monotematikoak dira. Horregatik, zapore gazi-gozoarekin goaz. Erretiroa hartu nahi dugu, adina badugulako. Baina Alde Zaharrean bizi gara eta bizi nahi dugu.

Bi urte eman duzue prozesu horretan, eta ez duzue lortu.

Ia bi urte. Eta gauza bategatik edo besteagatik ez dugu lortu. Egia esateko, badira gazte batzuk beste txip bat dutenak. Beharbada beldurtu egin ziren ordu asko sartu behar direlako. Gu ez gara inoren eredua, baina berriro beste denda bat irekiko banu moldatuko ginateke eta ez genuke hainbeste ordu sartuko.

Denda ixtearen arrazoia erretiroa izan da, ez zegoen aparteko arazo ekonomikorik.

Guretzat errentagarria izan da, baina beste batzuentzat beharbada gutxi da. Batzuek gutxi kobratzen genuela esan digute. Baina oso zoriontsua izan naiz lanean, nahiz eta soldata normal bat kobratu. Hiru pertsona egon gara hemen lanean. Beste norbaitek sei ordu egin ahal ditu beste toki batean, eta ez da hain zoriontsu. Niretzat oso inportantea da lanean ongi egotea. Nahiz eta ordu asko sartu eta gure soldata oso handia ez izan, zoriontsuak izan gara eta hori asko baloratzen dut.

Auzotar eta bezeroekin izan duzuen harremana ere aktibo bat da. Ixteko garaian, adibidez, jende asko hurbildu da agur esatera.

Oso eskertuta gaude. Baina guk egin dugun gauza bakarra gure lana izan da. Jendea etxean bezala sentiarazi nahi izan dugu. Amak erakutsi ziguna egin dugu. Ez dugu beste munduko gauzarik egin. Baina jendea eskertuta dagoela ikusi dugu. Gizartea aldatzen ari dela esan nahi du horrek. Zure lana egiteagatik eskertzen badizute, aldaketak oso azkar eta okerrera doazela esan nahi du.

Erretiroa hartu ondoren, ze plan dituzue?

Momentuz, burokraziarekin amaitu. Eta gero, atsedena hartu, lagunekin gehiago egon, familiarekin gehiago egon. Zaindu gure gorputza, ze behar dugu. Eta auzoan beti daude beharrak eta egiteko gauzak. Zerbaitetarako baliagarriak bagara, hemen gaude. Baina lasaitasunez. Ez dakigu zer den hilabete oso bat lanik egin gabe egotea. Aurten, panderora apuntatu naiz. Oso folklorikoa naiz. Oso gustura joaten naiz. Horrelako gauzak ditugu buruan. Soinketa, igerilekura joatea... Gauza asko egiteko denbora izango dugu.