Oier IMAZ ALIAS
{ DATORRENA }

Eta listo...

Deixem el pessimisme per a temps millors». (David Fernandez, 2024/05/13). Neurririk ez duenari neurria hartzea zaila da. Baina tematzen gara. Steven Pinkerrek, adibidez, neurria hartu nahi izan zion giza garapenari, ondorioztatzeko gurea dela mundu posibleen artean hoberena. Bere argudioa zedarritzeko, datuak baliatzen zituen. 30 urte atzera joz gero (liburua 2018an argitaratu zen), txikiagoa da, egun, gerra kopurua (23tik 12ra), autokrazia kopurua (85etik 60ra) eta baita muturreko pobrezia ere (%37tik %10era). Ez badirudi ere, ondo goaz.

Ariketa interesgarria da liburua hartu eta kontra argudiatzen saiatzea.

Adibidez, argiaren itzalei begiratuz. Inguru hauetan Pinker ezaguna egin zen gizakien hizkuntza-senari buruz idatzitako lanengatik. Bere ideia zen hizkuntza-gaitasuna gizakiarena dela, bere eboluzioaren berariazko emaitza eta, bere oinarrian, unibertsala. Humboldten inguruan eztabaidatzeko baliatzen zuen Pinker gure irakasle batek fakultatean. Hizkuntzak ez du mundu ikuskerarik biltzen. “El mentalés” deitzen zuen delako hizkuntza gaitasun unibertsal hori. “El español” entzuten genion guk ia nahigabe…

Beste aukera bat da erakustea joera orokorrak ere aldatzen ari direla. Pinkerrek baliatzen zituen datu gehienak 2015era iristen ziren. Baina azken 15 urteetako datuek diote gora egin duela autokrazien kopuruak edo 70eko hamarkadara bueltatu beharko genukeela, munduan zehar gerran hildakoen kopurua berdintzeko. Europan 80.000 hildako kontatzen dira, eta hori 2022an bakarrik; ia aurreko 70 urteetan bezainbeste. Eta Gazan 35.000tik gora dira hildakoak urriaren 7tik, Nazio Batuen arabera. Agian, ez goaz horren ondo…

Labur, joera orokorrak adierazten dituzten batezbestekoetan ñabardura gehiegi sartzen dira, baina sufrimenduaren distribuzioa munduan ez da “normala”. Ez dakit esaten gurean joerek baikortasunerako ematen duten. Haurrak galdetzen dizunean bezala: «Hasi da III. Mundu Gerra?» Ez dakit, ez dut uste, espero dut ezetz… Aldiz, uste dut kontuan hartu beharko genukeela, normalean, neurria hartzeaz ari garenean, mundua gure neurrira ekartzeaz ari garela, finean. Kezkatzen nauena haurrari eman beharreko erantzuna da. Eta hori ondo ulertu zuen Pinkerrek.

Mundu onenaren hipotesia datuetara ekarriz, jarrera bat bultzatu nahi zuen herritarren artean. Jarrai dezagun mundua hobetzen, etsipenean erori gabe. Eta horretarako, abiapuntu sendo bat eskaintzen zuen; hobeto gaude, datuek hala diote. Gure haur zaharrenari kontatzeko moduko istorioa da. David Fernandezek kontrako bidetik jotzen zuen: ikusten duguna etsigarria delako utzi behar dugu ezkortasuna garai hobeentzat. Etsipenari bazter egiteko arrazoiak ematen dizkigu, ahaztu gabe mundua gure neurrira ekartzeak errazki eramaten gaituela gure ongizatearen neurrian gotortzera. Baina ez da kontatzen hain erraza.

Gauzak ez daude ondo, baina ezin diogu etsipenari men egin. Eta listo. Jabetzen naiz oso oinarrizkoak diren gauzei buruz ari naizela. Honetarako ez dut behar datu bakar bat ere. Baina iruditzen zait datozen garaietan oso oinarrizko gauzei erreparatzea tokatuko zaigula. •