Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Independentziarik ezean, polizia gehiago

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI
Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Kanpainan ezagutu dut Aliança Catalana delakoaren existentzia. Banuen esperantza ordezkaritza parlamentariorik gabe geratuko zirenarena, baina hori ere ez. Haien aldarrikapenen artean, independentziaz gain, immigrazioa oztopatzea, polizia gehiago, jaiotzak sustatzeko laguntzak edota etxebizitza gehiago. Horraino dena normal, eskuin muturra izateko. Hau da, zuriek seme-alaba gehiago edukitzea eta larrua ilunago duen jendea kaletik ez ikustea, ez bada etxeetara janaria eta erosketak banatzen edo adinekoak zaintzen.

Hori lortzeko Aliança Catalanak duen plana, eta hemen dator magia, zergen jaitsiera da: oinordekotza zergaren desagerpena, autonomoen kuotetan kenkariak eta PFGZren murrizketa. Azken aldian eskuin muturra ekonomia neoliberalik zurrunenarekin lerratuta dago. Horri lotuta, badago ideia bat nolabaiteko nostalgia ironikoz hitz egitera ere eraman dezakeena, behinolako faxismoari buruz: “Horiek bai zirela benetako eskuin muturra, iraultza egin nahi zutenak...”. Baina hori esatean ez da kontuan hartzen 1920ko eta 1930eko hamarkadetako faxisten “iraultza” ez zela gizarte egiturei buruzkoa. Haien iraultza kulturala zen, izpirituari eta herriaren arimari zegokiona. Eta iraultzaren helburua ez zen gizarteko injustizien bukaera, beste herri batzuen gainetik haien burua ezartzea baizik. Horregatik, oso tentuz aztertu behar dira faxistek egiten zituzten aldarri igualitaristak, haien herra zuzen-zuzenean langile mugimendua eta internazionalismoa zanpatzeko erabili baitzuten lehen unetik.

1922an zehar, italiar faxistek botererako bidea prestatu zuten Italia iparralde eta erdialde guztian zehar, sozialistek lortutako udaletxeetako botere zabala bortxaz ezabatuz. Hitler gobernura iritsi zenean, kontzentrazio esparruak komunistaz eta sozialdemokrataz bete ziren lehendabizi. Haien iraultzarako aliatuak, lehen unetik ondo lotu zituztenak, enpresariak izan ziren. Mussoliniren gobernuaren onuradun nagusia Cofindustria patronala izan zen, eta Hitlerren gobernuan bankari eta enpresari handiek parte hartu zuten lehen unetik. Faxisten artean nolabait hura zalantzan jarri zuen norbait egon bazen, denbora laburrean baztertua eta desagerrarazia izan zen.

Kontua da azken urteetako independentziaren aldeko prozesuek kolapsora jo dutenean, horren ondorioa eskuinaren indartzea izan dela. Katalunian CUPek liluratu gintuen eta ERCk langile auzoetan izan zuen gorakadak poztu. Baina orain, Espainiar eskuinak (PP+Vox) pisu nabarmena du parlamentuan eta katalan eskuin muturrak bere bide propioa abiatu du. Eskoziako kasuan, interesez aztertu genuen lehenago laboristen indargune ziren eremuetan independentismoak hartu zuen indarra, baina egun, eremu horietan beretan desagertuta zegoen tory-en alderdia indartzen ari da. Irlandan, Sinn Feinen hurbileko garaipenari aurreratu zaizkio eta eskuin mutur irlandarra ere antolatzen ari da. Independentzia guztion eskubideen eta gizarte justu baten berme bezala ulertzen dugunok tentuz jokatu behar dugu, jakitun, huts egiten badugu, eskuin muturrak makineria mediatikoa desilusioa bere aldera eramateko prest duela. •