Kolapsoa eta euskara, etorkizuneko agertokiak irudikatzen
Zer eragin izan dezake egungo krisi ekologikoak euskararen etorkizunean? Euskaraz bizi diren komunitateek errazago egingo al diete aurre krisi horrek dakartzan erronkei? Erlazio handirik ez duten gaiak dirudite, baina Joanes Igeregik erakutsi digu estuki lotuta daudela.
Sukar Horia talde ekologistako kidea da Joanes Igeregi bizkaitarra, eta izenburu deigarriko hitzaldia eskaini zuen aurreko astean Zarautzen, bertako Zirika euskara elkarteak antolatuta: "Euskararen kolapsoa ala kolapsoaren euskara?". Ez zen Igeregik hitzaldi hori eskaintzen zuen lehen aldia, gaiaz behin baino gehiagotan hausnartu baitu bere ibilbidean, baina guk Zarauzko aukera baliatu genuen bere gogoetak ezagutzeko.
«Gai hau lantzeko kezka sortu zen ikustean mundu mailan bazegoela nolabaiteko harremana hizkuntza aniztasun gehien duten eta biodibertsitate gehien gordetzen duten lurraldeen artean. Jakin nahi zen nondik datorren harreman hori, eta ea kasualitatea den edo ez. Bestetik, master amaierako lan batean tokatu zitzaidan euskalgintzak datozen hamarkadatan izan dezakeen etorkizuna aztertzea. Eta bi ideia horiek batuta, pentsatu genuen lantzea krisi ekologikoak zer gizarte eraldaketa ekar dezakeen hurrengo hamarkadatan eta horrek hizkuntzan zer inpaktu izan dezakeen», azaldu zuen Igeregik lehen begiradan arraroa egin daitekeen lotura horri buruz.
Eguzkiaren eta landareen zikloen arabera
Horretarako, garrantzitsua da historian zehar gizakien eta naturaren artean izan diren harremanak errepasatzea, eta harreman horiek hizkuntza aniztasunean izan duten eragina ikertzea. Igeregiren ikuspegitik, hiru harreman mota nabarmendu daitezke. «Homo sapiensak duela 70.000 urte ingurutik gaude mundu honetan eta horietatik ia 60.000tan naturak berez ematen duenetik bizi izan gara. Gizaki gehienak ehiztariak eta biltzaileak izan dira duela 10.000 urte ingurura arte. Gizakiaren iraupenerako bidea naturak ematen duena hartzea izan da, interbentzio maila txikiarekin», ekin zion azalpenari.
«Bizitza oro eguzkiak sortzen duen energiatik dator. Landareek fotosintesiaren bitartez energia hori materia organiko bilakatzen dute eta guk hortik jaten dugu, zuzenean edo zeharka. Hortik bizi izan gara eta bizi gara oraindik. Horrek zer ekarri zuen? Oso gizarte sinpleak, gizatalde txikiak, naturak sortzen duen biomasa horretatik oso zati txiki bat delako jangarria. Oso dentsitate txikiko gizarteak, oso sakabanatuak, nahiko hierarkia gutxirekin, eskura zegoelako behar genuen guztia», deskribatu zuen.
Eta gizarte mota horretan hizkuntza aniztasun handia zegoen. «Gizarte sakabanatu asko baldin badaude, erraza da bakoitzak bere kultura ezaugarri propioak sortzea, tokatu zaion ingurune horretara egokitzeko, eta hizkuntzak elkarrengandik urruntzea, kontaktu gutxi dagoelako gizaki taldeen artean. Horregatik, adibidez, europarrak Australiara heldu zirenean, esaten da, datu zehatz-zehatzik ez badago ere, bertan 300.000-500.000 pertsona inguru bizi zirela eta 200-600 hizkuntza artean hitz egiten zituztela. Pentsa Zarautzen zenbat hizkuntza hitz egingo liratekeen proportzio horretan», jarri zuen adibidetzat Igeregik.
Lehen agertoki horren ondotik, bigarrena azaldu zuen. «Asko sinplifikatuz, duela 10.000 urte salto bat gertatu zen. Gizaki batzuk aukeratzen hasi ziren beraien inguruan zer landare haziko ziren. Nekazaritza garatzen, alegia. Nekazaritza definitzeko modu asko daude, baina bat izan daiteke eguzkiak dakarren energia gizakiaren zerbitzura jartzeko teknika dela. Noski, beste animalia batzuen lepora. Beste animalia batzuek jan dezaketena gutxitzen da guk jan dezakeguna handitzeko».
«Horrek gizarte ereduetan aldaketa handiak ekarri zituen. Askoz dentsitate handiagoko gizarteak sortu ziren, askoz konplexuagoak, gizarte espezializazio handiagoa... Guztiek denetik egin beharrean lanbide espezializatuak sortzen hasi ziren. Gizarte hierarkikoagoak ere sortu ziren, eta horrek denborarekin Estatuak, Inperioak eta antzekoak sortzea ekarri zuen. Eta horrek eragin linguistiko bat ere izan zuen. Lehen ehundaka hizkuntza sakabanatu egon zitezkeen lurralde batean, baina gizatalde batek tamaina handitzean eta gizarte konplexuagoak eratzean, kultura bakar batek eta hizkuntza bakar batek ordezka zitzakeen inguruko talde txiki asko», argitu zuen Igeregik.
Esandakoaren adibide asko eta nabarmenak daude mundu osoan, nahiz eta euskara den, hain justu, salbuespen bakanetako bat. «Gaur egungo hizkuntza familien mapa ikusten badugu, konturatuko gara hizkuntza familia hedatuenak direla kontinente bakoitzean nekazaritza gehien landu zutenak. Bantuak Afrikan, indoeuroparrak gure inguruan, txineraren familiakoak Asia ekialdean, polinesiarrak Pazifikoan, maiak Amerikan eta abar. Euskararen kasu konkretura etorrita, hor aurkitzen dugu euskararen lehen gertaera bitxia: euskara izan zelako bakarra Europa mendebaldean kanpotik zetorren nekazaritza hori bereganatu zuena, baina lehenagotik zeukan hizkuntza galdu gabe».
Milaka urtetan pilatutakoa xahutzen
Hirugarren zibilizazio salto handia duela 200 bat urte egin zen Igeregiren esanetan, bai energia erabiltzeko moduan eta bai naturarekin harremantzeko moduan. «Lehenagotik ezagutzen ziren petrolioaren deribatuak funtzio jakin batzuetarako, baina duela 200 urte inguru gizakiok hasi ginen erregai fosilak masiboki erabiltzen. Eta hori bilakatu zen gure gizarteen energia iturri nagusia. Ordura arte gizakiok urtean-urtean gure lurraldean inguruko landareek ustiatzen zuten eguzki energiatik bizi ginen, eta horrek mugatzen zuen gizarte batek hartu ahal zuen tamaina. Gizakiok behar asko eduki ditzakegu, baina bat baldin badago funtsezkoa, hori jatea da, eta ezin dugu ugaldu gure inguruak elikatzeko ematen digun mailatik gora».
«Baina petrolioaren erabilera masiboak hori eraldatu egiten du. Hortik aurrera gizartearen oinarri energetikoa ez zelako urtero fotosintesiaren bitartez lortu ahal genuen energia hori. Hortik aurrera lur azpian milaka eta milaka urtez pilatu diren materia organikoen ondorioetatik bizitzen hasi ginen. Ez dakit datua erabat zehatza den, baina nonbait irakurria daukat gaur egun urte batean kontsumitzen dugula landareek 7.000 urtetan sortutako materia organikotik sortu den petrolioa. Ekonomia terminoetara ekarrita, hau litzateke urtero irabazten dugun soldatatik bizi beharrean azkeneko 7.000 urteetan gure arbasoek pilatu duten aberastasunetik bizitzea. Dirutara ekarrita, argi daukagu ezingo genukeela denbora luzean hortik bizi, herentzia jaso dezakezu behin, baina ez urtero, baina termino energetikoetan gehiago kostatzen zaigu hori barneratzea», jarri zuen adibidetzat.
«Gizarte mailan esango nuke eragina nahiko bisuala dela. Fijatzen bagara nola aldatu den bizitza gure aitona-amonen garaietatik gaur egunera, konturatzen gara historian ez dela egon inoiz horrelako aldaketa handirik horren denbora gutxian. Seguru asko gure aitona-amona edo birraitona-birramona guztiak nekazariak izango ziren, edo gehienak bai behintzat. Matrize energetikoko aldaketak ahalbidetu du gutako gehienok ez dedikatzea nekazaritzara. Gaur egun, nekazari bakar batek traktore batekin eta ongarri kimikoekin elikatu ditzake milaka pertsona», nabarmendu zuen.
«Beste aldaketa izugarria salto demografikoa izan da. Gizakiak behar izan ditu milaka eta milaka urte 1.000 milioi izatera heltzeko, eta 200 urte eskasean zortzi aldiz handiagotu dugu kopuru hori. Inoiz baino gizaki gehiago gaude inoiz baino pilatuago eta inoiz baino gehiago kontsumitzen. Eta horrekin batera, boterea eta kontsumoa inoiz baino gehiago zentralizatu dira gero eta esku gutxiagotan». Hizkuntza aniztasunera etorriz, Igeregik dio «badagoela bilakaera bat boterean egon den zentralizazio horren, energia metatzeko egon den ahalmen gero eta handiagoaren eta hizkuntzekin gertatzen ari den fenomenoaren artean», eta bi adibide jarri zituen, bat Erdialdeko Amerikakoa eta bestea euskaldunok ederki ezagutzen duguna.
«Guatemalan egon nintzen urte batzuez bizitzen. Komunitate askotan egon nintzen, non duela 50 bat urtera arte haien hizkuntzaren erabilera mantendu zuten %90 batean. Inkluso jarraitu zutenak proportzio oso handi batean elebakarrak izaten beren jatorrizko hizkuntzan. Baina komunitate horietako askotan bi belaunalditan pasatu dira jatorrizko hizkuntzan elebakar izatetik gaztelaniaz elebakarrak izatera. Nire bikotearen familian, adibidez. Nire amamak ez zekien gaztelaniaz hitz erdirik ere, eta nire bikotearen neba-arreba batzuek ez dakite quiche-a, hango hizkuntza. Bi belaunalditan aurreko 500 urteetan baino hizkuntza gehiago galdu dira Guatemalan. Aipatu ohi dut 40 urtean telebistak eta antzeko medioek lortu dutela kolonizazio basatienak 500 urtean lortu ez zuena».
«Euskal Herrian ere uste dut aurreko mendearen erdialdean izan ginela prozesu horren testigu. 1940-1950eko hamarkadatik aurrera oso industrializazio prozesu azkarra bizi izan genuen, eta euskara pasatu zen landa eremuetan oso bizirik egotetik bertako biztanleria gehiena hirietara jaitsi eta oso denbora gutxian desagertzeko arriskuan egotera. Horrek zerikusi handia dauka gizartean gertatzen ari ziren aldaketekin. Orduko biztanleek erabaki bat hartu behar izan zuten: edo gizarte urbano bat bilakatzen gara gure hizkuntzari uko eginez, edo apustu sendo bat egiten dugu euskara bizitza urbano horretan erabilgarria izan dadin».
Etorkizuneko joerak aurreiskusten
Orain arte aipatutakoa historia da, egitate nahiko ebidenteetan oinarrituta dagoena. Eta ebidentzia guztiek erakusten digute gizakiaren eta naturaren arteko harremana beste eraldaketa handi baten atarian dagoela, erregai fosilak agortzen joango direlako. «Gure gizarte hau ia osorik erregai fosilen gainean eraiki da, eta nahiko ebidentea ematen du agortzera doazen ideiak. Eztabaidatu daiteke zer abiaduratan gertatuko den, noiz arte iritsiko den erabilgarritasuna... baina argi dago sabai batera heltzen ari garela eta zaila ematen du beste energia iturri batzuekin ordezkatzea momentu honetan daukagun kontsumoa. Horrekin batera, biodibertsitatearen krisi bat bizi dugu, dinosauroen garaitik bizi ez dena. Eta klima aldaketaren erronka ere hor dago, hiru nagusienak aipatzearren».
Hala, bada, Igeregik lehen ariketa edo galdera proposatu zuen: nolakoa izango da gure gizartea hemendik 50 bat urtera? Eta horrekin lotuta, beste bigarren bat: gizarte eraldaketa horrek zer eragin izan dezake hizkuntza aniztasunean, eta bereziki euskararen bizi-iraupenean? Erantzun ziurrik ez dago, entzuleen esku utzi zuen gogoeta, baina Igeregik bere aurreikuspenen pintzelkada batzuk eskaini zizkigun.
DEMOGRAFIA: «Askoz gaitasun gutxiago edukiko dugu pertsona bakarrak milaka pertsona elikatzeko, eta beraz, pertsona gehiagok egin beharko dugu lan zuzenean lurrean. Eta gainera, gaitasun gutxiago edukiko dugu elikagaiak milaka kilometrotatik gure platerera ekartzeko, gaur egiten dugun bezala. Horrek ekarriko luke jendea lurra lantzen den lekuetatik hurbilago bizitzea. Industrializazioak ekarri du gero eta jende gehiago bizitzea gero eta esparru txikiagoan; desindustrializazio prozesu batek ekar lezake kontrako mugimendua: jendea berriz gero eta sakabanatuago bizitzea. Eta uste dut ur falta eta aldaketa klimatikoa izango direla beste arrazoi batzuk biztanleria mugimenduak eragingo dituztenak. Gaur egun ere hala da munduko leku askotan. Eremu linguistikora eramanda, zer gertatzen da Gabirian milaka etxe egiten badituzu eta Beasaindik edo Ordiziatik jende pila bat joaten bada Gabiriara bizitzera? Horrek badauka eragin linguistiko bat. Edo Bilbotik milaka pertsona aterako balira bat-batean Bizkaiko landa eremuetara?»
SOZIOEKONOMIA: «Kontsumo materialaren desazkunde handia aurreikusi daiteke. Nahiko argi dago ezingo dugula jarraitu gaur bezainbeste energia eta material kontsumitzen. Jarduera ekonomikoak birlokalizatu beharko dira eta lan asko kontzentratu beharko dugu oinarrizko betebeharretan».
POLITIKA: «Azken 100-200 urteetan Estatuek inoiz baino ahalmen gehiago pilatu dute gauzak egiteko. Liberalizazioaz hitz egiten da, Estatua txikiagoa dela orain dela urte batzuk baino, baina errealitatea da inoiz baino polizia gehiago dauzkagula, inoiz baino funtzionario gehiago... Seguru asko horrek ere txikitzera egin beharko luke, eta Estatuen tamainak ere bai. Estatu gehiago eta txikiagoak sortzeak eragin linguistikoak izan ditzake. Erromatar inperioa jausi zenean, horrek izan zuen bere eragin linguistikoa».
DESGLOBALIZAZIOA: «Gaur baino askoz kilometro gutxiago egingo ditugu gizakiok orokorrean, eta kontsumitzen ditugun gauzek ere bai. Eta gaur egun interkonexio handia bultzatzen duen beste esparru bat teknologia berriena da. Oso fenomeno etereoak direla iruditzen zaigu, baina errealitatea da kontsumo material izugarria dagoela erabiltzen ditugun telefono eta ordenagailu horien atzean. Gerta daiteke interkonexio horretan ere atzera egitea nolabait, eta horrek ere izango lituzke bere eragin linguistikoak».
Bizpahiru ondorio
Ondorio moduan, Igeregik aldaketa horien aurrean hiru eragile nagusi ikusten ditu: botere politikoa, korporazio handiak eta gizarte antolatua. «Nik uste dut aurreneko biek indarra galdu beharko dutela agertoki berrian. Horrek ez du esan nahi ezin dutenik indarra hartu beste bide batzuetatik, baina seguruenik pertsona gutxiago izango dituzte haien zerbitzura. Ez du esan nahi dominazioa amaituko denik. Dominazioa existitzen zen petrolioa erabiltzen hasi aurretik, baina desberdina zen. Azken batean, teknologiak baldintzatzen du dominazio modua».
«Azken mendeetan indar homogeneizatzaileak gailendu dira, baina etor liteke joera horren inflexio puntu bat. Maila lokalago batean biziko bagara, eta interkonexio maila txikiagoa egongo bada, horrek aniztasun handiagoko eredu bat ekar dezake. Kultura aniztasuna, hizkuntz aniztasuna, bizitzeko modu desberdin gehiago tokian tokiko baldintzetara egokituta. Horrek ez du esan nahi gurea bezalako komunitate txiki batek bizi-iraupena bermatuta daukanik. Erromako inperioaren adibidera itzulita, Erroma jausi zenean inperioko hizkuntz aniztasuna handitu egin zen. Lehen latina bakarrik egiten zen lekuan dozenaka hizkuntza sortu ziren. Orain ere hizkuntza aniztasuna handitzea aukera bat da, baina ez dakigu hizkuntza txikien biziberritzetik etorriko den edo hegemonikoak diren hizkuntzen zatiketa batetik etor daitekeen», hausnartu zuen.
Eta mezu baikor batekin amaitu zuen: «Euskara elkarteen logikatik sortutako mugimenduek ezaugarri asko dituzte hemendik aurrera etorriko diren erronka askori erantzuteko. Maila lokalean, eguneroko lanean... Bi horiek lotzen baditugu, irudikatu jendeari badagoela gertuko komunitate bat eta gainera euskaraz egiten duena, hor badaude gako batzuk datorrenari aurre egiteko. Eta esango nuke euskal komunitateak badituela heldulekuak horretarako. Gizarte sare komunitario horietan euskarak presentzia handia duelako beste batzuekin konparatuta».