Maider IANTZI GOIENETXE

Maitasuna atxikitzea da ala askatzea?

Existitzen diren gauza guztien artean, batzuk gure esku daude eta bertze batzuk ez. Gure kontuak dira gure iritziak, ekintzak, desioa eta nazka; ez, ordea, gure gorputza, jabetzak, bertzeek gutaz pentsatzen dutena eta karguak. Gure esku dauden gauzak libreak dira, eta gure esku ez daudenak, mendekoak. Biak ongi bereiztea da, Epiktetoren ustez, kontent bizitzeko gakoa.

Ez zaio arrazoirik falta. Izan ere, sufritu egiten dugu aldatu ezin duguna aldatu nahi dugunean, eta baita alda dezakeguna ezin dugula aldatu sentitzen dugunean ere. Ze lasaitua gureak ez diren erronkak askatzen ditugunean, eta ze indarra gure zentzu sakonaren ardura hartzen dugunean!

Epikteto esklabo liberatua eta filosofo estoikoa izan zen. Gure aroko I. mendean bizi izan zen, eta filosofia eskola bat sortu zuen. Bere ikasle baten, Arrianoren, apunteek osatzen dute gureganaino heldu den eta planteamendu erradikaletan barrena dardaratzen gaituen “Enkiridion edo eskuliburua”.

Ildo beretik, egia handi batzuk biltzen ditu Khalil Gibranen poema ezagun batek. Hasiera indartsua du: «Zure umeak ez dira zure umeak,/ bizitzarenak dira». Eta ederra da amaiera: «Zu zara arkua zeinetatik zure umeak,/ gezi biziak bezala,/ jaurtiak diren./ Utzi inklinazioa,/ zure arkulari eskuan,/ zoriontasunera izan dadin».

Poeta libanoarra baino harago doa Epikteto, erraten baitu gure bizitza ere bizitzarena dela eta ez gurea. Bidaiariak ostatu batean bezala bizitzera gonbidatzen gaitu. Honekin lotuta, galdera bat egiten ahal diogu gure buruari: zer da maitasuna, atxikitzea ala askatzea? Maitasunak onartzen al ditu baldintzak? Nik uste dut ezetz, eta hor dagoela askatasuna, baina posible al da ez atxikitzea? A ze barne bidaia filosofo hauen eskutik egindakoa... •