GAUR8 - mila leiho zabalik

Golik gabeko eguna


Kontatzen dutenez, Jose Luis Borges futbola ikustera joan zen behin adiskide batekin, eta atsedenaldian itzuli omen ziren etxera, ez zekitelako partidak bigarren zati bat zuenik. Ni ere futbolaz ezer gutxi dakitenen gremiokoa naiz, edo nintzen behintzat, gaztetan egunkari bat besapean nuela joaten bainintzen Garmendipera, aspertzen nintzenean zer irakurria izateko.

Futbola garaipenen eta porroten kontakizuna da, galdetu bestela Maitane Urbietari edo Joseba Iturriari edo biharamunean hitzetik hortzera beste konturik ez duten zaleei. Futbola sufrimendu eta tentsio emozionalen iturri da, galdetu bestela tarteka-marteka estadioetan bihotzekoarekin hiltzen diren zaleei. Futbola gutasunaren zutabe da eta zeloak eragiten ditu, galdetu bestela familia erdia Bizkaian dugun gipuzkoarroi. Gogoan dut Errege Kopa zela eta bertso bikain bat kantatu zuela Jon Maiak Meridatik. «Batzuek hemen Meridan, ta beste batzuk etxean/ batzuk oraindik bidean, besteak bide ertzean/ gu beti gure lekuan, irabazi zein galtzean/ gu beti gure taldean, lehen ta aurrerantzean/ umetako amets bat da, daukaguna bihotzean/ zuri-gorri gogoratu, zelaira ateratzean/ ez zara bakarrik joango, herri bat duzu atzean», entzun nuen eta erne jarri nintzen, «zer ote da herri hori?», galdetzen niola neure buruari, zeloak gaixotasuna baitira. Eta ondoren, kalean topo egin nuelarik, galdetu nion Joni ea zer zuten jokalari zuri-gorriek “atzean” beste taldeetakoek ez zutena, eta ez ginen ados jarri.

Aitortu beharra daukagu futbolak soziologia merkea egiteko aukera izugarriak ematen dituela, tabernako soziologia egiteko esan nahi dut.

Kontuak kontu, futbolik gabeko egunak datoz. Xabier Amurizak Gabonen inguruan Kepa Matxaini “Argia”-rako eman zion elkarrizketa eder batean zulo beltzaren irudia erabili zuen jubilatu ondoren denbora libreak eragiten duen beldurra adierazteko. Nago futbolzale askok ere ez ote dituzten asteburuak zulo beltz gisa ikusiko. •