MAY. 25 2024 { DATORRENA } Hegoafrikaren berpiztea Iñaki Soto Munduko biztanleriaren %50 inguru joango da aurten hautetsontzietara, gutxienez 64 herrialdetan. Asko, euskal herritarrok bezala, bozkatzeko bizioan behin baino gehiagotan eroriko gara. Hauteskunde garrantzitsuenetako bat Hegoafrikan izango da, datorren astean, maiatzaren 29an. Hegoafrikar guztiek lehen aldiz libreki bozkatzeko aukera izan zutenetik 30 urte igaro dira. Orduan, Nelson Mandelaren African National Congress (ANC) alderdiak botoen %63 lortu zuen. Babes hori txikituz joan da eta, hiru hamarkada geroago, Mandelaren alderdiak bozken erdia ez lortzeko arriskua du. 2021eko udal hauteskundeetan horixe gertatu zen, lehen aldiz. Cyril Ramaphosa presidentea joera horri buelta ematen saiatzen ari da hiru arlotan. Lehena barneko mailakoa da. Ramaphosak ANCren eta bere aliatuen -Alderdi Komunista (SACP) eta Cosatu zentral sindikala- kultura politikoa birsortu behar du. Akats politikoek, ustelkeria kasuek, desbideratze ideologikoek eta zatiketek alderdia kaltetu dute. Bigarren eremua kudeaketa da, non higadura nabarmena den. Egoera ekonomikoa, langabezia eta desberdintasunen hazkundea, gehi energia, etxebizitza eta osasun krisiak direla medio, besteak beste, noizbait ANCri bozka eman zioten askok babesa kendu diote. Segurtasuna eta migrazioa ere indarrez sartu dira agendan. Landa-erreforma beti dago presente, trantsizioan, nazioarteko erakundeek birbanaketa-neurri erradikalei betoa ezarri zietenetik. Hogeita hamar urteotan Hegoafrikak izan duen bilakaera ezin da esku-sartze horiek kontuan hartu gabe aztertu. Hirugarren esparrua nazioartea da. Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Gortean Israel egiten ari den palestinarren aurkako genozidioa salatzea gakoa da hor. Kausa horrek Hegoafrika nazioarteko ardatz moral eta politiko gisa berpiztu du. Multipolarra eta oinarri internazionalista duen ardatza da, lerrokatu gabeko herrialdeen genealogiaren parte dena, hain zuzen ere. ANCk eskuin osoa biltzen duen koalizio bat du aurrean, Democratic Alliance liberaletatik hasi eta zuluen Inkatha Freedom Party edo afrikanerren interesak defendatzen dituen Freedom Front Pluseraino biltzen duen plataforma. Gutxieneko programa bat duen aliantza horren helburua argia da: ANCk goberna dezan eragoztea, nola edo hala. Aurrez aurre agian ez, baina ANCren bazter batean, Julius Malemaren Economic Freedom Fighters dago, Kongresuaren gazteen mugimenduko militante ohia. Iragan gatazkatsu baten ostean, azkenaldian akordio puntualak lortu dituzte, halabeharrez, Johannesburgen eta Ekurhulenin gobernatzeko, adibidez. Iazko abenduan, Jacob Zuma presidente ohiak ANC utzi zuen, Ramaphosari «kapital zuriaren monopolioaren aliatu» izatea leporatu zion eta uMkhonto we Sizwe (MK Alderdia) sortu zuen. ANCk Apartheid garaian bere beso armatua zenaren marka erabiltzea salatu zuen. Aste honetan, jasan dituen zigor kriminalen ondorioz, Zuma hauteskundeetan ezin dela hautatua izan erabaki du Auzitegi Konstituzionalak. KwaZulu-Natalen indar handia du Zumak eta, Gautengoekin batera, horko emaitzak garrantzitsuak dira. Duela 30 urte, Mandelak bertan eman zuen bozka, Durbanen, Mangosuthu Butheleziren eta bere IFPren sorterrian. Indarkeriaren aurkako eta bizikidetzaren aldeko keinua ere izan zen. Bozkekin, negoziazio mahaian irabazitakoa berretsi zuen Mandelak. Hasiera batean, ANCren garaipena ez dago zalantzan, baina Ramaphosak emaitza txukunak behar ditu. Hala bedi. Negoziaziorako sinboloek garrantzi handia dutela erakusten du ANCren historiak. • De cara a las elecciones de la próxima semana en Sudáfrica, el presidente Cy... Ramaphosa está tratando de dar la vuelta a la tendencia negativa en tres ámbitos: el partido, la gestión y el ámbito internacional.