Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Interview
Igor Elortza eta Rafa Rueda
Anonyme Popular

«Esperotako, bilatutako eta neurri batean amestutako bidea egin dugu»

Igor Elortzak hitzez marraztu zizkion miseriak eta kezkak garaiari. Rafa Ruedak neurriko musika soinekoa josi zien. Urte eta erdian defendatu dute oholtzan proiektua. Bidearen amaiera bistan da; Gasteiz, Baiona eta Bilbo, agurrerako hiru geltoki.

Rafa Rueda eta Igor Elortza.
Rafa Rueda eta Igor Elortza. (Jon URBE | FOKU)

Ikus-entzunezko bertso berriak, garai eta giro berriei jarriak. Anonyme Popular proiektua hori dela esan daiteke, punta zorrotzeko gogoetak eta galdera ez hain erosoak paratzen dituen sorkuntza. Niaren eta guaren artean dagoen lokatz eremu horretan sartzeko premia sentitu zuen Igor Elortzak. Rafa Ruedak jarri zien doinua zorrotz neurtutako hitzei. 2023ko urtarrilean zuzeneko emanaldiekin hasi ziren eta, orain, 2024ko maiatzean, azken emanaldiei begira jarrita daude. Maiatzaren 31n Gasteizen; ekainaren batean, Baionan; ekainaren 6an, Bilbon. Agurreko hiru hitzordu eta egindako bideari erreparatzeko une aproposa.

New Yorketik buelta egin berri duzue. Nolako bizipena izan da?

[Igor Elortza]: Bizipena, ederra. Rafa lehenago ere ibilia da New Yorken musikari moduan eta kantuan. Niretzako lehen aldia zen han, nahiz eta antzeko esperientziak izan ditudan bertsoekin kanpoan. Baina edonon ibiltzeko modurik ederrenetakoa da, bertako jendearekin zabiltzalako eta zurearen antzeko sorkuntzak egiten dituen jendea ezagutzen duzulako.

New York bera ezagutzeaz aparte, ederra izan da bereziki Kerouac jaialdian egon ginen egunean gurea ondo hartua izan zelako, eta hori izaten da horrelakoetan nahietako bat; azkenean euskara eta euskal sorkuntza eramatera ere bazoaz, nora eta Atlantikoaren beste aldera, non eta New York bezalako hiri batean. Zehazki Anonyme Popular proposamen honek dezente edaten du Spoken Word-aren mundutik, eta New Yorken musikagintza, bideogintza eta arte eszenikoen aitzindaritza egon da hamarkada askotan. Gurea egiteaz gain, gaur egun arlo horietan han egiten dena bertatik bertara ezagutzea ederra izan da.

Gu egon ginen egun berean Kerouac jaialdian bertan Spoken Word mugimenduaren hamarkada askotako aitzindariak egon ziren; “Nuyorican Poets” mitikoetako Pepe Flores eta La Bruja -latinoak dira-; Mercy Tullis-Bukhari afro-amerikarra; Puma Perl zuria, 70-80ko girotik datorrena; Martin Rangel poeta mexikarra... Oraindik horren denaren digestioa egiten ari naiz, baina, hara hemengo ikuspegia eramaten duzun moduan, handik ere ekartzen duzu ikuspegi zabalago bat, zeuk egiten duzunaren eta egiten duzun arloaren gainean. Hori aberasgarria izan da oso.

[Rafa Rueda]: Hitzak horrenbeste garrantzi daukan proiektuan, uste dut jakin izan dugula moldatzen atzerrian ere gozatua izan ahal izateko. Elizabeth Mackinek itzuli zituen hitzak eta pantailan kantatu ahala agertzen ziren ingelesezko itzulpenak. Horrek eman du euskara hutsean egindako proiektu bat New Yorken edo beste edonon kaleratu ahal izateko aukera, eta jendeak bere osotasunean gozatzekoa. New Yorken kasuan, argi dago proiektu honetarako hiririk egokienetakoa zela, Spoken Word mugimenduak bertan sekulako oihartzuna izan zuelako 80ko hamarkadan eta Igorren iturri asko proiektu hau burutu ahal izateko handik hartutakoak dira. Gure ametsetako bat zen, bertara joatea guk sortutako proiektu batekin eta bertan gozagarri egitea; euskaraz, horrek dituen mugak gaindituz eta emanaldiaren nondik norakoak egokituz. Oso aberasgarria izan da eta beti bezala ikasi egin dugu.

2023ko urtarrilean hasi zineten zuzeneko emanaldiekin. Bidearen hasieran espero dena eta amaieran ikusten dena desberdinak izan daitezke. Nolako bidea izan da?

[I.E.]: Segur aski amaitzea eta beste hilabete batzuk beharko dira ariketa hori zorrotzago egiteko. Baina, tira, balantzea orokorrean ona da. Nik neuk behintzat aurreko fasea ere ipiniko nuke hor, inori ezer erakutsi aurreko fasea. Eta baita aurre-aurreko fasea ere, bertsoak idazten hasi nintzenekoa. Premia eta barne bulkada bat izan zen, intuizio bat edo, nitik kantatzea izan zen atera zitzaidana. Niri neuri zaila egiten zitzaidan horrek zein aterabide izan zezakeen irudikatzea. Rafarekin lanean hasi nintzenean, berak oso ondo ulertu zuen nik letretan bakarrik neukan hori eta arin hartu genuen ondo elkar. Rafak ez zion bakarrik soineko musikal eder bat jantzi proiektuari, hitzei zegozkien doinuak eta soinuak sortu zituen. Azpeitiko Kulturaz kooperatibakoekin bideoak egiten hasi ginen, Oier Zuñigarekin zuzenekoak prestatzen... Hor hasi nintzen apur bat irudikatzen edo amesten zer izan zitekeen. Egia esan, orduan amestutakoa edo irudikatutakoa bete egin dugu, eta pozik nago.

Dena esanda, lan asko-asko egin beharra dago horrelako egitasmoekin aurrera egiteko. Ez dakit inoiz garai onak izan diren, baina sortzaileok gero eta ardura gehiago hartu behar ditugu gure gain aurkezpenean, zabalkundean eta beste alor askotan horrelako egitasmoak aurrera ateratzeko. Hori ere esan beharra dago. Baina esperotako, bilatutako eta neurri batean amestutako bidea egin dugu.

Elortza eta Rueda, Bilbon ateratako argazkian. Jon URBE | FOKU

Izan ere, bigarren fase horren ostean dator jendaurrean ematekoa, azkena, eta hor badira kezkak, nahiz eta uste izan zerbait ona duzula, jende onarekin zaudela lanean, kalitatezko zerbait dela... Benetan nitik guetara salto egiten duzunean kezka nagusiena izaten da zein arreta eta zein harrera jasoko duzun. Taula gainean, Rafa eta bioz gain, zuzenean Alvaro Olaetxea musikaria izan dugu, eta baita bi teknikari ere, Jose Lastra soinu-teknikari eta argiztapenean eta bideo proiekzioetan Gaizka Izagirre. Talde osoarekin 30 emanaldi pasatxo egin ditugu eta bikotean beste dozena bat emanaldi. Kopurua handi samarra da eta jendearen harrera ona izan da. Nitik gurako lokatz horietan mugituta ere, ikusi dugu kantatzen duguna jende dezentek partekatzen duena dela, gure bizipenak beste dezenterenak ere badirela; gure kezkak, gure garaiarekiko birkokatze nahiak... horrek berak nitik gu batzuetara eroan gaitu.

Rafa, nola jaso zenuen Igorren proposamena? Bertso sorta mardul hori ikusita, zer pentsatu zenuen?

[R.R] Hasieran, irakurri gabe bertsoen luzera ikusi nuenean, pixka bat ikaratu egin nintzen egia esan. Oso testu sakonak eta mardulak ziren, kantu bihurtzeko zailtasunak ikusten nituen, kantuak berak dituen muga horiekin. Baina, egia esan, behin irakurrita, oso benetakoak eta indar handikoak iruditu zitzaizkidan eta oso-oso erraz ikusi nuen bidea. Horren indartsuak ziren, non inertzia baten moduko zerbaitek mugitu ninduen eta bidea erraz topatu nuen. Musikalki Igorrek ere bazuen buruan nondik bideratu zitekeen eta hor bat egiten genuen, estetikoki eta musikalki gustuko genituen proposamenak mahai gainean jarrita. Belaunaldi berekoak izanik, ez zen arazorik egon bat egiteko batek ekarritakoak eta besteak horren gainean proposatutakoak. Elkar ezagutza bat ere bazegoen, eta horrek asko erraztu du bidea. Proposamena oso ausarta iruditu zitzaidan, batez ere testuen nitasun markatu horregatik, eta musikatzean ere beharrezkoa ikusten nuen nire aldetik antzerako ahalegin bat egin behar izatea. Ez da lehen aldia testu bat ekarri eta musika egiteko enkargua egiten didatena, baina honetan zerbait oso neuretik abiatzea beharrezkoa ikusten nuen, batez ere testuen maila berean egoteko. Asko jarri behar izan dut nire nitasun horretatik Igorren maila antzekora iritsi ahal izateko. Oso gustura egindako lana izan da. Estetikoki bide berriak zabaldu dizkit eta oso eskertuta nago egin zidan proposamenagatik.

Belaunaldi berekoak zarete. Segur aski belaunaldi horretako entzuleei zuzenago iritsi zaizkie gogoetak...

[I.E.] Hau bai ez dela bertsoak idazterakoan zehazki buruan erabili nuen kontu bat. Baina gero, partekatzerakoan, segituan konturatu naiz horrekin, eta guztiz logikoa da ezaugarriak ikusita. Garaiari eta giroari esaten dugunean, esaten ari gara hau guztia sortzen hastean ni nintzela 46 urteko gizon euskaldun bat pandemiako itxialdi betean, horrek esan nahi duen guztiarekin. Oraintsuko garaiak dira, baina uste dut beste etapa batean gaudela. Zehazki Euskal Herrian sozialki eta politikoki giro gatazkatsuaren ondorengo impasse edo birkokatze batetik gentozen denok. Eta ez dut zehazki politikara murrizten hau, aurretik eta hamarkadatan gizarte modura gauzak asko aldatzen ari ziren eta duela dozena bat urte hori dena nabarmenago bistaratu zen. Horrekin batera, XX. mendeko ziurtasun batzuk lausotu egin ziren, batzuk onerako eta beste batzuk ez hain onerako. Hori daukate aldaketek, horien aurrean kokatu egin beharra dagoela.

New Yorken, beste sortzaile batzuekin (ANONYME POPULAR)

Bestetik, adinarena ez da tontakeria. Adinaren pisua eta bizitza aurrera joatearena hor dago, eta gero pandemiak denoi eragin zigun zartada ere badago. Gai indibidual eta kolektibo batzuk lantzea atera zitzaidan. Gai horietako batzuk indibidualagotzat eta beste batzuk kolektiboagotzat jotzen dira, baina, zergatik da adiskidetasuna, adibidez, gai indibiduala? Eta zergatik da kolektiboa gizona izatea feminismoaren zorioneko olatu honetan? Edo zein posizio betetzen dugu bakoitzak munduko botereen aurrean? Horrela esanda denak oso gai serioak dirudite, baina umore dezente ere badago bertsoetan.

Horrela izanik, guztiz logikoa da belaunaldi bateko jendeak ikusi izana bere burua identifikatuen proiektu honekin. Eta arreta eta harrera gehien gure adin bueltako jendearen artean izan du.

Zintzotasun ariketa bat da Anonyme Popular.

[I.E.] Badago halako autoauditoria bat. Gehiago gustatzen zait esatea nitik kantatzen dudala, ez niri buruz. Nitik kantatzen dut, baina guri buruz idatzita daude bertso horiek, gu batzuei buruz. Zentzu horretan, izan daiteke ispilu zorrotz samar eta deseroso bat nahi bada, baina oso maitekorra, neure burua lehenengo jartzen dudan momentutik. Badago norbere burua eta, beraz, identifikatuta sentitzen direnak zorrotz hartze bat, baina begirada maitekor batekin. Lehenengo sortan esaten dudan moduan, “lehen gutarra nintzen, orain nitar nago”, eta hain justu garaiei buruzko eta norbanakoa den gailentzeari buruzko kritika bat badago, nahiko umorez egina. “Norbere burugintza da egungo gerra...”, “...berriz bila dezagun elkarren ederra”, esaten dut. Uste dut bertso horrek ondo laburbiltzen duela Anonyme Popular dena. Autokritika bai, autozitrika ere bai -nahi baldin bada-, baina elkarren ederraren bila.

Rafa, zer moduz ikusi duzu Igor oholtzan?

[R.R.] Entsaiatu eta jarraian konturatu nintzen sekulako aurrerapausoa eman duela maila eszenikoan, ez dakit bertsogintzak edo beste musika proiektuek eman dioten hori. Nik Igor ikusten dudanean kantari bat ikusten dut, oso barneratua bere paperean eta sinesgarritasun handiarekin. Oso ondo moldatu da. Norberak bere mugak kontrolatzen dituenean eta non ibili eta non laprast egin dezakeen kontziente denean, errazagoa da horrelako proposamen sinesgarri bat gauzatzea. Igorrek eskarmentu nahikoa dauka jakiteko zertan sartu eta zertan ez. Beharbada proiektu honekin aurrerapauso bat eman du maila eszenikoan, oso ondo aholkatuta, besteak beste Oier Zuñigaren eta taula gainekoa oso ondo ezagutzen duten beste batzuen laguntzarekin.

Igor, zu nola sentitu zara plaza hoprretan?

[I.E.] Oso ondo sentitzera iristen ari naiz. Hau guztia jendaurrean aurkezteko unea izaten da kezka nagusietako bat, zein arreta eta harrera izango duen. Nire beste kezketako bat hau zen, gauza asko eta desberdinak neuzkan zaintzeko, eta behin zainduta, neure buruari hazten utzi eta gozatzeko. Azkenean hitzak buruan eduki behar dituzu, musika programatuta eramaten dugu eta hor ere ezin da hutsik egin, ikus-entzuleei proposatzen ari zaren bidaia -gidoia- eta zuri zer egitea dagokizun buruan izan behar duzu... Lehenengoetan nahiko tentsio neukan, nahiko neure baitan sartua sentitzen nintzen. Uste dut dozena erdigarren emanalditik aurrera beste era batera sentitzen eta jokatzen hasi nintzela, eta azken bolada honetan, egia esan, gozatzen ari naiz.

(Jon URBE / FOKU)

Rafak esan duenetik, uste dut klabe batzuk eman dituela. Batetik, aurreko esperientziek balio behar dizute gutxienez zer ez duzun ondo egin eta non ez sartu ikasteko. Bigarrena da, landu ere egin duguna dezente eta espresuki -eta horretan Oier Zuñigaren laguntza izan dugu-, eszenan nola jokatu. Eta, hirugarrena, eta esan egingo dut, proiektu honetan hasiera-hasieratik nire buruari esan nion gauza inportanteetako bat izan zen adina daukagula edo guztiz koldar edo guztiz ausart jokatzeko. Eta nik ausart jokatzea erabaki nuen. Nire buruari eskubidea eman diot eszenan solte aritzeko. Hau horrela izanda, inork ez dezala espero saltoka edo bafleetara igota ikustea. Baina gustuko zerbait egiten ari naiz, beti izan dut gustuko bertsoaz gainera musika, kantua eta zuzeneko emanaldiak sortzea, eta neure buruari utzi diot hor gozatzen.

Azken hiru emanaldiak dituzue bistan; Gasteiz, Baiona eta Bilbo.

[I.E.] Hiru emanaldi hauek barra bat dagoen eta jendea zutik egongo den tokietan egitea pentsatu genuen. Orain arte nagusiki antzokietan ibili gara eta behin baino gehiagotan esan digute emanaldia zutik jarraitzea eta dantzatzeko aukera izatea ondo legokeela, eta ulergarria ere bada pieza batzuen erritmoagatik. Horregatik aukeratu ditugu Gasteizen Jimmy Jazz, Baionan Biltxoko eta Bilbon Kafe Antzokia, nahi duenak trago batekin eta zutik gerria pixka bat mugitu ahal izan dezan. Gu ere izpiritu horrekin joango gara, agurrak ere badirelako eta ospakizun bat izatea nahi dugulako.

Bilbon gonbidatuak izango ditugu, modu batera edo bestera proiektu honekin harremana izan dutenak. Diskoaren grabaketan parte hartu zuten Josu Zabala, Amorante, Unai Iturriaga eta Erika Lagoma izango ditugu. Oier Zuñiga ere bertan izango da; Aiora Renteria, epilogoa deitu diogun ‘Agian’ kantuan parte hartu duelako. Beste gonbidatu berezia Ines Osinaga izango da. Gure emanaldi guztietan abestu dugu ‘Dena aldatzen da’ kantua. Originala Mercedes Sosarena da, baina euskarara Ines Osinagak ekarri du eta, zelanbait esanda ‘lapurtu’ edo ‘alokatu’ egin diogunez, nahi genuen Ines bera egotea agurrean. Azpeitiko Kulturaz kooperatibako bideogileek laguntza handia eman digute proiektuan. Bidearen hasieran, han ibili ginen garaian, Jose Luis Otamendi poeta zen kooperatibako lehendakaria. Lehen emanaldian bere testu bat erabili nuen, garaiari eta giroari kantatzeko oso pertinentea eta oso ederra delako, bere beste poema asko bezala. Jakinda bera errezitatzaile bikaina dela, Jose Luis Otamendi ere gonbidatu dugu. Bilbokoa izango da azken-azken agurra, eta alde horretatik bereziena eta osoena.

Anonyme Popular-en emanaldi bat.