Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta BIZIPOZAko kidea
3 BEGIRADA:

Gorrotoaren fobiak

LGTBfobiaren aurkako egunean Bilbon egindako elkarretaratzea.
LGTBfobiaren aurkako egunean Bilbon egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Armiarmen, hegan egitearen, leku itxien, odolaren, altueren beldur den norbait ezagutzen dugu denok, gu geu ere izan gaitezke. Araknofobia, aerofobia, klaustrofobia, hematofobia eta akrofobia duten edo dugun lagunak, alegia. Izan ere, fobia hitzak grezieran du jatorria, eta Fobos izuaren eta beldurraren jainkoa da. Fobia bat, berez, neurriz kanpoko beldurra da, bizi duen pertsona shock-ean utz dezakeena.

Maiatzaren 17arekin batera aldarrikatu da LGTBfobiaren aurkako eguna, baina, fobia? Buenos Airesen gizon batek hiru emakume erail zituen eraso lesbofobo batean. Gizon horri galdetu nahiko nioke zeren beldur ote zen molotov koktela jaurti zienean. Akaso, emakume horiek gizon lesbiano bihurtuko zuten beldur? Lesbofobia deritzon horretan, nekez aurkitzen dut beldurra, ez dut inon ikusten. Are gutxiago, beldur horren aurrean molotov koktel bat botatzen norbere burua babesteko beharra.

Letretakoa izanagatik, hiruko erregela erabiltzen saiatuko naiz. Amazonian barrena zoazela, 100 gramoko tarantula bat bizkarrean gora nabaritzen duzunean sentituko zenukeen beldur hori da sexu bereko bi pertsona eskutik helduta eta muxuka ikustean pertsona batzuek sentitzen dutena? Barkatu, baina hori ez da fobia, hori… zer da? Lehenik eta behin, bidegabekeria eta eskubide urraketa larria. Bi pertsona edo gehiagok osatutako harreman batean, inork ez du zeresanik. Betiere, harreman horretan borondatez baldin badaude, tratu ona emanez eta jasoz eta elkarrekin egiten duten oro elkarren onespenarekin egiten badute, NOSKI. Letra larriz, azalpen gehiegi eman behar delako oraindik ere, arauak ulertu nahi ez dituztenentzat.

Arauez ari garela, hitz egin dezagun heteroarauaz, eta hau betetzeko sentitzen dugun etengabeko presioaz. Heteroarauak hauxe dio: izan zaitez heterosexuala (praka eta zakildun gizon eta makillaje eta aludun emakume) eta egin ezazu zure sexuari (organo genitalei erreferentzia eginez, beste behin) dagokiona. Alegia, neskek hau, mutilek hura. Ez gaude ados, ez dugu horretan sinesten, baina oso arau indartsu eta boteretsua da. Denak bultzatu gaituena momenturen batean erabaki bat edo beste hartzera, kontrakoa nahi genuenean. Ilearen luzera, arropa mota, osagarriak, jarrera, esertzeko era, gorputzeko ileak depilatzea, zaletasunak… guztiak ditu mendeko.

Bidasoan bada muga bat eta hori gainditzen dutenek ondorio larriak izaten dituzte. Buenos Aireseko hiru emakume horien gorputzaren mugak ankerkeriaz gainditu zituen gizonak ihes egin zuen, inolako ondoriorik gabe. Bizitza duin baten bila ez duzu pasatzerik, baina zure fobia eta gizontasuna lasai asko elika dezakezu, gure mugak zapalduta. Grisa nahi duzue, baina gurea ostadarra da, gorria, laranja, horia, berdea, urdina, eta bai, morea, ikuspegi feminista ere badagoelako honetan ere.

Eta ez naiz horrela hazi, baina horrela hezi nahiko nuke. Nork esan zigun maitasunak min ematen duela? Minik eta gorrotorik gabeko harremanetan hezi, hautatu, erabaki, sentitu, gozatu eta utzi. Pamela, Mercedes eta Andreari ez zieten utzi, erail egin zituzten elkar maitatzeagatik. Gorrotoak ez du lekurik maitasunean, ez du lekurik ostadarrean. Horregatik, zuk, LGTB+ kolektiboko kide izan zein ez, aldarrika ezazu maitasuna gurekin batera. Maite dugu maitasuna, maite koloreak, azalekoak zein bihotzekoak. Utzi zeure buruari izaten, utzi gainontzekooi izaten, bila ezazu ostadarra zure barrenean. Sofia da lau biktimetatik bizirik iraun duen bakarra, eta Euskal Herriko txoko honetatik, berarentzat gure maitasunaren ostadarra. Fobiarik ez! •