Lagun batek kotxea erosi du
Lagun batek kotxea erosi du. Han eta hemen ibili da begira, batarekin gelditu eta bestearekin ere bai. Kilometroak eta urteak eta kutsagarritasuna eta euroak hizpide, kotxe-jabeekin eta gaia ateratzen zuenarekin. Ametsa zen oraintsu arte, kontu korrontea politu ahala hurbilagotzen zena; mantso, baina. Ez dakit noiz hasi garen kontu korrontearen politasunaz ulertzen. Kezkatzen hasi ginenean, pentsatzen dut. Kontua da zeroek ematen diotela. “Astelehenean hemen izango dut” esan du. Eta pentsatu dut, jo, ze bat-batean ailegatu garen puntu honetara.
Gurasoei, lagunei, lankideei, lehengusinei, maitaleei, bizilagunei, klasekideei kotxea eskatuz ibiltzen denari otuko zitzaion seguruenik kotxea erostearena behin baino gehiagotan. Eta iritziko dio agian bere kontu korronteari ez-aski-polit. Eta iritziko dio agian erosketari ez-aski-koherente, ez-aski-ekologista. Baina otuko zaio eta egingo du amets. Kontua ez delako zeroek ematea edo ez. Kontua da kotxea darabilgula ia-ia sakelako telefonoa nola: ezin erantzi soinetik. Askotan haserretzen naiz gure ibilerei begira. Eta iristen da ostirala, aurreikusten dut trenaren atzerapena, urduritzen naiz, zalantza egiten dut, saiatzen naiz eguneko ekintza guztien ordutegiak zehazten, begiratzen dut berriz trenaren irteera ordua, burura ekartzen dut kotxe-bidaiak eskainiko lidakeen abantaila bakoitza, eta berriz erabakitzen dut: kotxez joango naiz.
Nire zeroak ez dira kotxera iristen. Baina astelehenetik aurrera hurbilago izango dut bolante bat, laguna etxe inguruan dabilenean, eramango nauena garraio publikoak goizegi, beranduegi, garestiegi, mantsoegi edo zorabiatuegi eramango nindukeen espaloi iskina horretara. •