Memoriaren artxiboa berrikusteko proposamen bat, «nolakoak ginen eta orain garena ulertzeko» modu gisa
Haurtzaroko jolasak «desehortzi» ditu Alejandra Bueno artista gasteiztarrak, ikuslea nortasunaren eraketaren inguruko hausnarketa kritikoa egitera gonbidatuz.
Haurtzarora bidaiatuta, jolasa aurkituko dugu eskuarki -Mendebalde esaten zaion Europa eta Ipar Amerikako lurralde askotan behintzat, ez baita harrigarria bertako haurren jolasak ezagutu ere egin ez dituzten umeak aurkitzea munduan zehar-. Hala egin du Alejandra Bueno artista bisual, ikertzaile eta kultura kudeatzaileak, hain zuzen ere, jolasa bihurtuta bere azken erakusketako gai. Baina gaia ez ezik, bere proposamena gauzatzeko bitartekoa ere bada; izan ere, jolasaren bidez ekarri ditu haurtzaroko oroitzapenak orainera, jendartearen gaur arteko bilakaeraren inguruko hausnarketa eginez.
Duela sei urte Guayaquilgo Arteen Unibertsitatean plaza eskaini zioten artista gasteiztarrari, arte ikasketak hasi zituenetik nahi zuena egiteko aukera, hain zuzen. Duela hiru urte, Gasteizera itzuli eta irakaskuntzan jarraitu zuen, gaur egun Euneiz Unibertsitatean dabil, baina artista gisa ere egin duen ibilbide oparoari eutsita, ekainaren 8ra arte Zas Kultur arte eta sorkuntza garaikideko gunean ikusgai dagoen “Jokatu” erakusketa lekuko.
Erakusketaren aurkezpen eskuorriak dioenez, «haurtzaroari begiratzea planteatzen du, iraganeko irudiak desehorzten ditu, jolasteaz, jarduteaz eta izateaz hitz egiten duten eszenak erakusteko. ‘Jokatu’ erakusketan haurtzaroa eraikitzen da eta nortasuna eratzen da, iraganeko erromantizismoa eta tradizioaren kritika nahastuz».
Nortasunaren eraketa
Artistaren familia-artxibotik eta Gasteizko beste zenbait familiarenetatik hartutako irudiek «historian zeharreko ibilbidea erakusten dute», artistak historia horretan jolasaren bidez esku hartu ondoren.
Kulturak eta gizarteak nortasunaren eraketan duten eraginaren inguruko hausnarketa da, «txikitatik, iraganarekin elkarrizketatzeko eta aurrez aurre jartzeko espazio bat eskaintzen digu, tradizioei aurre eginez eta ezarritako genero-identitateen baliozkotasuna zalantzan jarriz». Halaber, ikusleak ere bere hausnarketa egin dezan gonbidapena ere bada.
Marrazkiak, josturak eta eraikuntza-materialak ugari, «ikuslearen eta bi dimentsioko irudiaren arteko hesiak hausten dira, eta behaketa hutsa gainditzen duen esperientzia bat» bizitzeko aukera ematen du. Izan ere, askotariko euskarrien artean ugariak dira, esate baterako, eraikuntzako materialak, hala nola hormigoi armaturako erabiltzen diren altzairuzko barrak. Kartoia, papera, ehunarekin bat egiten dute irudiek, estandarte moduko oihaletan eskegita ikus daitezke umeak eskolan, etxean, kalean jolasten agertzen diren argazkiak, azalpen testu laburrekin: «Ez genuen telebistarik...»; sukaldean, erizain jantzita edo soldadu izatera jolastea «normala iruditzen zitzaigun»; erakusketaren kartelean agertzen den jaunartze eguneko argazkia...
«Errealitate historikoarekin aurrez aurre jartzeaz gain, etorkizun inklusiboagoa eta bidezkoagoa irudikatzeko eta eraikitzeko erronka ere jartzen digu», diote erakusketaren antolatzaileek.
Jolasa
Oihal biren artean, bideo batek lanen prozesua erakusten du; Alejandra Buenoren jolasak, alegia. Hain zuzen ere, esan bezala, jolasa erakusketaren gaia ez ezik, prozedura ere bai baitu artistak.
Dioenez, erakusten duena da jokaera edo portaera bat, identitatea da, nolabait memoria berrikusi eta lurpetik ateratzeak «nolakoak ginen berrikusteko» eta nola haurtzaroan rolak sortzen doazen ikusteko balio du. Eta irudietan egindako esku-hartzeak dira horretarako gakoak: «Niretzat irudia oso garrantzitsua da, asko lantzen dut».
Irudietan esku hartze hori «niretzat jolasa da», dio Buenok. «Zer egin dezakegu arratsalde batean? Nik lasai asko igaro nezake irudi baten gainean marraztuz, collage bat egiten, photoshop... literalki jolas bat da». Norberarentzat jolasa dena erreskatatzea proposatzen du. Bere bizitzan marrazkia oso presente egon dela dio, baita eraikuntza ere, horregatik erabiltzen ditu esandako materialak, etxeko maindireak, berak gaztetan ohean erabiltzen zituenak, eta oso hurbileko dituen beste hainbat gauza pertsonal.
Garena ulertzeko modu bat
Esan bezala, erakusketa honekin gonbidapena egiten dio bisitariari bere memoriaren «artxiboaren» berrikusketa bat egiteko, «nolakoak ginen ikusteko, gure familia, gure iragana ezagutu eta orain garena ulertzeko modu bat da eta». Jolastuz, horren gainean gogoeta egiteko gonbidapena.
Hala ere, «jolastea haurtzaroko egoera dela dirudien arren, artistarentzat marrazkiek eta argazkigintzako esku-hartzeek tradizioarekin elkarrizketatzen duen jolasa osatzen dute» eta, horretara, «historia lurpetik ateratzeko ekintza metaforatik ekintzara pasatzen da irudien tratamenduan bertan».