JUN. 01 2024 HAITIARRAK, LARRI Portuen itxierak eta segurtasun faltak baliabiderik gabe utzi ditu ospitaleak Mugarik Gabeko Medikuek agintariei eskatu diete mugako igarobidea errazteko, eta alde guztiei galdegin diete irekita jarraitzen duten osasun etxe gutxiak hornitzeko eta garraio segurua ziurtatzeko. Otsailaren erdialdetik aurrekaririk gabeko indarkeria egoeran sartua dago Port-au-Prince hiriburua, kanpoko mundutik isolaturik. Port-au-Prince hiriburuan balaz zauritutako herritarrak artatzen, Turgeauko Mugarik Gabeko Medikuen Larrialdi Zentroan, 2023ko artxiboko irudi batean. (MUGARIK GABEKO MEDIKUAK) GAUR8 Port-au-Prince Haitiko hiriburua kanpoko mundutik at gelditu da, nazioarteko aireportua itxia egon baita kasik hiru hilabetez, eta herrialdeko portuek blokeatuta jarraitzen baitute. Horrek kalte larriak eragin ditu osasun sisteman, eta biztanleriak ez du oinarrizko osasun zerbitzuak jasotzeko aukerarik. Horri gero eta handiagoa den segurtasun falta gehitu behar zaio, Mugarik Gabeko Medikuek azaldu dutenez. Gobernuz Kanpoko Erakundea bera ere arazoak izaten ari da bere lana egiteko: ezin du medikamentu eta osasun materialik sartu Haitin martxoaren erdialdetik. Horregatik, erakundeak presazko deia egin die talde armatuei eta aduanetako agintariei, osasun materiala sartu ahal izateko eta herritarren eskura jartzeko. «Hurrengo bi asteetan gure osasun materialak jasotzen ez baditugu, gure esku hartzeak anitz murriztera behartuak egonen gara», adierazi du Mumuza Muhindo Musubaho Mugarik Gabeko Medikuen proiektuen koordinatzaileak. «Oraingo larrialdi egoeran, ospitaleak ixten eta zerbitzuak gutxitzen ari direnez, erakundean gure erantzuteko ahalmena handitu behar izan dugu paziente guztiengana iristeko, baina botika eskaera hain da handia, non ia gabe gelditu garen». 30 osasun etxe eta ospitale baino gehiago itxi dituzte jada eraso eta lapurretengatik, baita seguruak ez diren inguruetan kokatuak egoteagatik ere. Horien artean dago Haitiko Estatuko Unibertsitate Ospitalea, herrialdeko handiena. Otsailetik maiatzaren 20ra arte nazioarteko aireportua itxita mantendu da. Horrez gain, portuek blokeatuta segitzen dute eta herrialdearen barrenean segurtasunez mugitzea hagitz zaila da. Horrek denak ekarri du Mugarik Gabeko Medikuen osasun instalazioak kasik hornidurarik gabe gelditzea. Momentuz ez dute soluziorik aurkitu. Aireportua, lehentasuna Muhindo Musubahok esplikatu duenez, Port-ou-Princeko aireportua zabaldu izana lehendabiziko pausoa da isolamenduaren ondorioak arintzeko, baina portuak itxita mantentzeak ez du laguntzen. Gainera, larrialdi egoera honetan, aduanetako tramiteek anitzez errazagoak izan beharko luketela defendatu du. «Ezinbertzekoa da botikak eta bertze materialak ahalik eta azkarren entregatzea». Mugarik Gabeko Medikuen eta bertze osasun langileen horniketa agortzen doan heinean, tuberkulosia edo GIBa bezalako eritasun kronikoak dituzten pazienteen egoera okerrera joan daiteke, funtsezkoak baitituzte botikak bizirik segitzeko. Bertzetik, Port-au-Prince osoan hedatu diren desplazatuen kanpamendu ugaritako baldintzak ez dira batere osasungarriak, eta horrek uraren bidez gaixotasunak transmititzeko arriskua sortzen du, bertzeak bertze, kolera. «Epidemia larri bat gertatuko balitz nahiko hornikuntzarik ez izatea hondamendia litzateke», ohartarazi du Mumuza Muhindo Musubahok. Carrefour Port-au-Princeko barrutian dagoen komunan, Mugarik Gabeko Medikuek ospitalea ireki zuten martxoan, areagotzen ari zen indarkeriari erantzun nahian. Izaten ari diren zailtasunen adibide garbia da ospitalea. Izan ere, hasieran sei hilabeterako baliabidez hornitu bazuten ere, hauek azkar agortu ziren, gero eta paziente gehiago artatu baitzituzten. «Dena da erronka» «Testuinguru honetan, dena da erronka. Txostenak idazteko papera erostea bera arazo handia da gaur egun», esplikatu du Jean Baptiste Goasglas erakundeko proiektuen koordinatzaileak. Martxotik apirilera Mugarik Gabeko Medikuen Haitiko proiektu guztien artean 9.025 kanpo kontsulta, 4.966 kasu larri (balaz zauritutako 869 pertsona barne) eta trafiko istripuetako 742 biktima artatu zituzten. Gainera, Tabarreko ospitalean 99 paziente ingresatu zituzten erredura larriengatik, horietatik erdiak haurrak. Nazio Batuen Erakundeak nazioarteko laguntza eskatu du Haitirentzat. Bertan, ez dirudi indarkeria etengo denik. (EUROPA PRESS) Haitiko hiriburu ingurua erabat aldatu da indarkeriaren ondorioz. Kaleak basamortuak dira, eta auzoak harresiak. Hor, bizilagunek ahal duten bezala bilatzen dute babesa. «Ezagutzen nuen hiria ez da berdina. Gure lana orain ez da zauri fisikoak tratatzea bakarrik, etengabeko beldurrak eta galerak utzitako orbain mentalak sendatzea ere bada», adierazi du Windy Mugarik Gabeko medikuak. Port-au-Princeko biolentzia gora doa otsailaren 28tik. Talde armatuek hiriko zona gehiago erasaten dituzte. Gatazkak jendea bizi den eremuetan gertatzen dira sarri, eta horrek sakon eragin du komunitatean eta kalte larriak sortu ditu osasun sisteman. Funtzionatzen segitzeko borrokan ari dira. 3 urteko umea, balaz zauritua Turgeauko larrialdi zentroan, hiriburuaren bihotzean, egunero sufritzen dituzte gatazkak eta pertsona ugari heltzen da zaurituta, tratamendu baten eske. «Egunero ikusten ditugu indarkeriaren ondorioak», baieztatu du Robin Meldrum larrialdi zentroko koordinatzaileak. «Joan den hilabetean 3 urteko ume bat izan zen pazienterik gazteena. Bala zauri bat zuen lepoaldean. Biolentziak ez duela bereizten erakusten duen adibide garbia da». Port-au-Princeko osasun zerbitzuak presio handiarekin ari dira lanean. Ospitale nagusia geldirik dago momentu honetan, gatazka inguru baten erdian. Bertze ospitale batzuek antzeko arazoei egin behar diete aurre edo gainezka daude paziente kopuru izugarriarengatik, jende gehiago hartu ezinean. Eguneroko martxa, puskatua Tabarreko Mugarik Gabeko Medikuen zentroa ere, traumatologian eta erreduretan espezializatua, bere gaitasunen mugara iritsi da. Horregatik, zauritu larrienak soilik artatzen ditu. Segurtasun faltak eguneroko martxa puskatu die herritarrei. Adibidez, Maudeline tokiko merkatu bateko saltzailea bala galdu batek jo zuen barazkiak saltzen ari zela. Jada ez da azokara joaten. «Ezin naiz arriskatu. Hor irabazten dut ogia, baina nire segurtasuna garrantzitsuagoa da. Sendatzen naizenean bizirik eta ongi itzultzeko modua topatu beharko dut». Erronka hauen guztien erdian, Mugarik Gabeko medikuek, Windy hezitzaile eta osasun langileak kasu, beren lana betetzen segitzen dute, oinarrizko osasun laguntza emanez, arreta psikologikoa barne. Komunitatean funtsezko papera betetzen duten eragile horiek azpimarratu dutenez, krisiak gogor jotako hiri honek laguntza osoa behar du.Emakume bat, bi haur txikirekin, Porte-au-Prince hiriburuan «Ezagutzen nuen hiria ez da berdina. Gure lana orain ez da zauri fisikoak tratatzea bakarrik, etengabeko beldurrak eta galerak utzitako orbain mentalak sendatzea ere bada» Martxotik apirilera Mugarik Gabeko Medikuek 9.025 kanpo kontsulta, 4.966 kasu larri (balaz zauritutako 869 pertsona barne) eta trafiko istripuetako 742 biktima artatu zituzten