ABADIÑOKO HAURRAK

Diktadurak 1939an herrian zabaldu zuen haur barnetegiaren memoria ikergai

Hamarkadatan zehar «lo egon» da gaia. Eraikinak zutik dirau, baina ez dago dokumentu askorik, ezta aztarnarik ere. Ikerlan batek laino arteko oroitzapenak piztu ditu. Erregimen frankistak barnetegi bat zabaldu zuen Abadiñon, baina nortzuk ziren bertan zeuden haurrak? Marta Calvo ikertzaileak aurkitutakoa partekatu du GAUR8rekin.

Marta Calvo Larralde ikertzaile durangarra.
Marta Calvo Larralde ikertzaile durangarra. (Jaizki FONTANEDA | FOKU-German ZorraquinGerediaga Elkartea)

NODOaren soinu banda dator burura ondorengo adierazpena irakurrita: «Liberado el pueblo de Abadiano, en él se instaló un Hogar, denominado Nuestra Señora de Begoña, al objeto de recoger a los niños abandonados o indigentes y ya en el primer momento se dio entrada a 80 niños de ambos sexos comprendidos entre los 3 y los 7 años de edad». Hitz horiekin deskribatzen zuen diktaduraren propagandak Abadiñoko Zelaieta auzoan irekitako haur barnetegia; eta zera eransten zuen: «El Hogar, bajo la dirección de la señorita Eugenia Diaz de Urrutia, cuyo entusiasmo, cariño e interés la convertía en una madre más que en una directora, quedó atendido por guardadoras, puericultoras y enfermeras, aparte del servicio necesario para que los niños perfectamente atendidos estuvieran a cubierto de toda necesidad».

Era horretara aurkeztu zuten frankismoaren hastapenetan erregimenak Abadiñon ireki zuen haurrentzako barnetegia. Marta Calvo Larralde ikertzaile durangarra haren historiara hurbildu da saritua izan den ikerlan batean. Hurbildu diogu, zeren Calvok berak kontatu duenez, informazio asko falta da oraindik, eta hala ere, aurkitu duena ikaragarria da, horren atzean ezkuta zitekeen errealitatea kontuan hartuta.

Nuestra Señora de Begoña izeneko haur barnetegia Abadiñoko Zelaieta auzoan egon zen. Hartu zuen eraikina ez da desagertu, zentroa itxi ondoren hotela izan zen, eta bizitzaren paradoxak zer diren, Gaztetxea eta Mediateka ditu orain ondoan. 1939an, frankismoaren hastapenetan irekia, egoitza 1951. urtera arte egon zen zabalik. Hiru eta zazpi urteko haurrak hartzen zituen. Mota bereko beste batzuk ez bezala, mistoa zen, neskak eta mutilak zeuden han.

Diktadurak utzi nahi izan zuen errelatora itzuliz, Abadiño ez zen askatua izan; zalantzagarria da handik igaro ziren haur guztiak umezurtzak izatea, eta marrazten zuten babes eta arreta gozo hori auzitan jartzen duten datu eta testigantza ugari daude. Ez dago lekukotza zuzenik, 73 urte dira ateak itxi zituenetik, baina hainbat datu dago sistema frankistaren funtzionamenduaz eta Abadiñokoa bezalako beste egoitza batzuez.

Gerediaga Elkarteak gazteen artean ikerketa bultzatzeko antolatzen duen lehiaketan sarituta, Calvoren lanak memoria piztu du Durangaldean. Dioenez, ez dago garaiko agiri askorik eta ematen du ez zuela aztarna nabarmenik utzi, eskualdean jende askok ez baitu haren berri izan. Hala ere, lana aurkeztu zenetik, dei batzuk izan ditu Gerediaga Elkarteak historia horrekin lotuta.

Calvok bildu duen informazioaren arabera, 50 haur inguru pasatu ziren barnetegi hartatik, 1951 edo 1953an -data biak agertzen dira dokumentazioaren arabera- itxi eta izen berarekin Sodupera lekualdatu zen arte. Eugenia Diaz de Urrutia izan zen zuzendaria, eta haren inguruan gordetzaileak (“guardadoras”) arduratzen ziren umeen arretaz. Eredu «itxiko» barnetegiak zirenez, hau da, zerbitzu guztiak biltzen zituztenez, zailagoa da zuten funtzionamenduaren eta egunerokoaren informazioa izatea.

Ezin da jakin zehatz-mehatz Abadiñoko barnetegi hura nolakoa izan zen, baina irudikatu dezakegu zer izan zitekeen, arreta sistema frankistak eta erakunde bereko beste zentroek zuten funtzionamenduaren inguruan egindako ikerketak eta lekukotzak berreskuratuz.

Haurrak, apaizak eta militarrak Nuestra Señora de Begoña izena zuen Abadiñoko barnetegi frankistaren aurrean (German Zorraquin/Gerediaga Elkartea)

Barnetegia Auxilio Social erakunde frankistaren barruan zegoen. Egitura gerran sortu zuten, jatorrian alde “nazionaleko” soldaduak eta haien familiak laguntzeko. Calvok gogoratu du pobrezia handiko testuinguru batean, non eskasia handia zegoen, sorospen sistema bat eratu zutela ongintzaren eredua jarraituz. Laguntzeko baino, garbiketa ideologikoa egiteko erabiliko zuten.

Horren memoria apur bat eginez, komentatu du Mercedes Sanz Bachiller izan zen sortzailea, Seccion Femeninako kidea izandakoa eta falangista baten alarguna. Gerraren ondorioz kalean ikusi zituen umeekin arduratuta aurkezten zuen bere burua. Erraz irudika daiteke falangistaren alarguna pisu politikoa hartzen hasi izana, eta pertsonaiak irabaziko zuen ospea. Sanz “ongileak” Javier Martinez de Bedoya bilbotarra izan zuen ondoan, erregimeneko beste jarraitzaile bat, Alemanian urteak eman eta nazien politikak gertutik ezagutzen zituena, gainera. «Biak elkartu ziren zerbait sortzeko asmoz, batek haurrekiko ‘sentsibilitate’ hori jarri zuen, eta besteak nazien eredua», dio Calvok.

Ongintza sistema horren inguruan propaganda aparatu indartsu bat elikatu ahal izan zutela azpimarratu du durangarrak: «Komunikatiboki oso potentea zen mezua zabaltzen zuten, zeren adierazten zuten eurek ez zituztela babesten nazionalak bakarrik, ‘guk haur guztiak babesten ditugu’ zioten. Gero, egiatan, erakunde horren egoitza sisteman, errepublikazaleen, gorrien seme-alabak hartzen zituzten, batez ere. Nazionalenentzat bestelako laguntzak zeuden, baina ez zituzten familiengandik bereizten. «Ez zuten banatzeko grina hori, eta gorriekin bai gertatzen zen» dio Calvok. Benetako helburuak erregimenarekin bat ez zetozen ideologiak ezabatzea eta haur horien doktrinamendua ziren.

«Gorriekin zuten banatzeko grina hori, familia horiek ez zirelako euren eredu sozialekoak, ez ziren haurrentzako eredu egokia, eta gainera kutsakorrak zirela pentsatzen zuten, «marxismoaren kutsakortasuna». Azpimarratu du, gainera, ongintza sistemak erabateko boterea zuela, erregimenaren hiru botere nagusiak biltzen baitzituen: militarrak, Falangea eta eliza katolikoa.

Molak: «Bilbotik hasi»

Sistema Valladolidetik hasi zen osatzen, nazionalen aldeko lurraldeetan, baina Sanzek proiektua hedatu nahi zuen. «Orduan, [Emilio] Molarekin hitz egin zuen eta zera esan zion: ‘zabal zaitezte, baina Bilbotik’ hasi», kontatu du durangarrak. Abian zegoen plana segituz, hiru ziren urratsak: lurraldeetan sartu, «askatu» eta ongintzarako egoitzak zabaldu, eta horren inguruan on eta txarren kontakizuna sortu.

Estatu kolpea gauzatu eta gerra eragin ondoren, «mina eragin eta, aldi berean, laguntzera nator esatea, galtzaileekiko umiliazio puntu bat zen, ‘garaitu zaitut eta gainera jaten ematen dizut’. Gosea dagoenean, komunikatiboki oso potentea da. Horregatik esaten da ongintza kontrol sistema bat zela, zeren, azkenean, zuk badaukazu jendeari emateko edo ez emateko boterea, ez da eskubide kontu bat».

Irudian, frankismoan haur barnetegia izan zen etxea. Horren ondoren, beste erabilera batzuk izan ditu eraikinak, horien artean hotela izan zen garai batean. (Oskar MATXIN / FOKU)

Ez dakigu zergatik aukeratu zuten Abadiño. «Propaganda politikoaren barruan esaten dute ‘askatu’ zutela, herria zibilizatuko balute», baina gauza da Portugalete eta Abadiño aukeratu zituztela Bizkaian lehen bi zentroak zabaltzeko. Ezkerraldekoan mutilak zeuden bakarrik, eta Abadiñokoak mistoa izaten jarraitu zuen itxi arte. 55 umerekin hasi ziren, eta 80 haur izatera heldu zirela diote, «kopuru itzela da, ez dakigu zer puntutaraino zen propaganda, gero eta ume gehiago izanda... agian zenbakia puzten ari ziren, baina zifra hori une batean baino ez da agertzen, eta ez dute gehiagotan aipatzen».

Ez dago argi, era berean, lekualdaketaren zergatia. «‘Motivos de servicio’ aipatzen dute, baina ez da arrazoi zehatzik» ematen. Calvok aipatu duenez, izan zitekeen txiki geratu izana, dakiguna da Sodupen beste bederatzi urtez egon zela zabalik, izaera berdinarekin, eta azken hori ixteko orduan arrazoi bera eman zutela: ‘motivos de servicio’. Ezaguna da Sodupen zeuden mutilak Mungiara bidali zituztela, eta neskak Bilbora, Rafaela de Ybarra Angeles Custodiosen egoitzara. Sexuaren araberako segregazioa adituek eliza katolikoaren gero eta indar erakustaldi handiago batekin lotzen dutela azaldu du ikertzaileak.

Atxikimendu politiko argia ere izan behar zuten. Badakigu, adibidez, «‘Kamarada’ deitzen ziotela Eugenia Diaz de Urrutia zuzendariari, eta jakina da erregimenaren aldeko militante sutsuak izan behar zirela, konfiantzazkoak».

Gainerako langileen artean, kopuru handiena “guardadora” izeneko horiek ziren, «oso neska gazteak izaten zirenak, formakuntza gabeak, eta batzuetan, zigor gisa beste egoitza batetik ekarriak zirenak. Gainera, haiekin lotuta agertzen dira indarkeria testigantza asko». Erizainak ere bazeuden, Seccion Femeninakoak zirenak, eta maistra bat egon omen zen Abadiñon. Antza, barnetegiaren ondoan beste eraikin bat egon zen, langileen bizilekua izan zena. Ikerketan, barnetegiarekin lotutako albiste bitxi bat aurkitu du Calvok. Berriak dio «urakana egon zela eta eraikinaren teilatua hondatu zuela, baita langileen egoitzaren zati bat ere. Ez du zehazten langileena zein zen».

Haur egoitza haiek probintziaka funtzionatzen zuten, eta berez artxiboak egon beharko lirateke, baina ez Bizkaiko artxiboan ezta herrikoan ere ez du barnetegiaren inguruko dokumentaziorik aurkitu. «Baliteke Artxibo nazionalean zerbait egotea, baina gurean behintzat ez da paperik geratu, propaganda bakarrik, 25. urteurrenean egin zuten txostentxoa, argazkia eta oso azaleko informazioa daukana», gogoratu du Marta Calvok.

Abadiñon egon ziren haur horien historiara hurbiltzeko, hura bezalako barnetegietatik pasatu ziren haurren testigantzak ekarri ditu gogora durangarrak, propaganda desmuntatu eta ongintza sistema horren aurpegi beldurgarriagoa ematen dutenak. Angela Cenarro eta Francisco Gonzalez de Tena ikertzaileen lana nabarmendu du Calvok, garaiko barnetegi horiek ezagutu zituztenen artean testigantza bilketa handi bat egin dutenak. Kontakizun horien artean, Nafarroako egoitza batean egondako neska baten oroitzapena jaso zuen Cenarrok, barnetegian zegoen neska bati irain gisa «vasca» esaten ziotela gogoratu zuena.

«Umezurtzak? Eztabaidagarria»

Haur haiek benetan umezurtzak ziren argitzeke geratzen den beste kontuetako bat da, haur guztiak ez baitziren umezurtzak, propaganda-aparatuak horrela aurkezten bazituen ere. Gerran, haur asko atzerrira eramanak izan ziren, baina horietako asko Auxilio Social-ek berak ekarri zituen bueltan, oroitu du ikertzaileak. Frankisten propagandak zabaldu zuen gorriek haurrak bahitu eta atzerrira eraman zituztela eta Auxilio Social berriz espainiaratzen ari zela. «Ehundaka haur ekarri zituzten Irundik, eta han inguruan banatu, oso txikiak ziren», baina noren seme-alabak ziren? Calvok planteatu duenez, kasuistika askotarikoa izan daiteke: batzuetan agiriak galtzen ziren, «‘zuen gurasoak ez zaizkit gustatzen eta orduan ez zaituztet itzuliko’; egunkarian agertzen zen norbait itzuli dela, baina ez zeuden mundu guztiaren eskura eta mundu guztiak ez zekien irakurtzen, orduan, umezurtzak baino ume galduak izan zitezkeen». Horren ondoan, «kontuan hartu behar da oso haur txikiak zirenez agian ez zekitela nor ziren esaten. Oso zaila da jakitea».

Doktoretzarako ikerlanaren barruan aurkitu zuen Marta Calvok Abadiñoko haur barnetegiarekin lotutako albiste bat. Horren gainean burututako ikerlanak lehen saria jaso du Gerediaga Elkarteak Durangaldean antolatzen duen Ikertzaile Gazteen Sarietan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Ez dago dokumentaziorik, eta gainera, zaintza sistema zarratu bat zenez, pentsatzekoa da ez zutela kaleko jendearekin harreman askorik izango. Kontuan hartu behar da, era berean, -dio Calvok- bost urtez zentroan egon eta beste batera aldatzen zituztela, hortaz, zaila zen leku batean errotzea.

«Ez dakigu haurrak nondik zetozen, baina badakigu Bizkaian zehar mugitu zituztela ondoren, eta bitxia da; askotan penintsulatik punta batetik bestera mugitzen zituzten. Bilboko Angeles Custodiosen egon zen Andaluziatik ekarritako preso baten alaba; Portugaletekoan Bartzelonatik etorriak zeudela aipatzen da: ‘Bartzelona askatu genuenean haur hauek ekarri genituen’, eta Gipuzkoako egoitza batean Badajozeko umeak zeudela diote.

Haurren jatorriaren inguruan, gainera, Errepublikan “koloniak” zeudela ekarri du gogora durangarrak. Umeak babesteko egiturak ziren, irakasle baten ardurapean zeudenak. Frankistak sartzean irakasleek haur horiek abandonatuta utzi zituztela esaten zuten. Nabarmentzen duenez, «dokumenturik gabe zaila da jakitea».

Calvoren ikerlanak piztu du dagoeneko memoria. Kontatu duenez, Gerediaga Elkarteak lanaren berri eman zuenetik dei bat baino gehiago egon da barnetegi horren oroimenarekin lotuta. Zaila izango da Abadiñoren haria jarraitzea, baina ikertzaileak uste du dokumentazio gehiago egon daitekeela Portugaleten eta Barakaldon, 60ko hamarkadara arte zabalik egon ziren egoitzen inguruan. Testigantza horiek jasotzea izango da hurrengo pausoa, memoriari hautsa kentzeko.

HAUR ARRETAREN IRAGAN LATZEAN IGERIAN AGERTU ZEN ESKUALDEKO ALBISTE HURA

Kasualitatez aurkitu zuen Marta Calvok Abadiñoko barnetegi haren inguruko informazioa. Gizarte langilea da eta haurren babes sistema ikertzen ari da doktoretzan. Egungo sistema ulertzeko, iraganean egondako ereduak aztertzearen aldekoa da, eta haurren lehengo arretaz hitz egin du GAUR8rekin. Gai bitxia da, oso gutxitan ikertu dena, eta gizarte baten bilakaera eta begirada erakusten dituena. Haurrak ez dira beti gaur ikusten ditugun bezala ikusiak izan. Kontatu du XVI. mendearen aurretik ezagutzen direla haurren egoitzak, Euskal Herrian ez direla agertzen XVII. mendera arte, eta XIX.a «hospizioen mendea» izan zela.

Elizaren eraginarekin eta emakumeen sexualizazioaren errepresioarekin lotuta, ezkontzatik kanpo jaiotako haur askok bukatzen zuten egoitza horietan, «bigilantzia» ezarri arte: «Haur hau noren seme-alaba da?». Dioenez, garbiketa kontua zen haurrak kaleetatik ateratzea. Krisi ekonomiko sakoneko garaietan haur asko abandonatzen ziren, eta zuten erabileraren arabera tratatzen zituzten. «Produktiboak izan behar ziren, eta sisteman sartzea erabilgarri egiteko modu bat zen», azaldu du. Euskal Herrian egoitzarik ez zegoenean Zaragozara eraman ohi zituzten kaleko haurrak. «Asko hiltzen ziren, ez zuten garrantzirik, enbarazu bat ziren... Eta horregatik abandonatzen ziren desgaitasunen bat zuten umeak ere, «lanerako ez zirelako gai». Lana hasi baino ez da egin haurrekiko babesaren historiaren haria jarraituz, Abadiñora heldu den durangarrentzat.