Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Lurraren poetikan

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Hiriaz jarduten garenontzat, lurra zerutik irudikatzen den azalera bat da, ikusgai dugunaren zehaztapen bat. Zapalgarria den horretan zentratuz. Fin aritzen gara azalera gainekoak koloreztatzen eta geometria ematen; definizio honekin, gainazalean bizigarritasuna dena planifikatzen da. Lurralde eta hirien formakuntza Euskal Autonomia Erkidegoak ezarritako legediaren barnean egiten dugu, zer eta Lurzoru Legea izenarekin deitzen dena. Ondo esana dago, deskribatu bezala, lurrezko zoruan gertatzen denaz okupatzen baita. Legearen irizpide deskribatzaileetan, lurzoruaren defentsa egiten da, «funtsezko baliabide naturala» dela diolako, eta eraikuntza eta giza aktibitatetik babestu egin behar da, edo eragina mugatu gutxienez. Ejem, baliabide hitzak aprobetxamendutik gehiago du zaintzatik baino.

Lurzorutik lurra hitzera dagoen salto berdina dago lurralde eta hiriaren eraikuntzatik ekopoetikarako ikuskerara. Vandana Shivaren “lurra gara” lemaren esanahi-uhina hirigintzara ekartzen badugu, erabiltzen ari garen begirada praktikoaz, funtzionalaz, eraginkorraz ohartuko gara, maskulinitate sutu baten ezaugarriekin. Ekintza estraktibista hutsetik eragiten dugu, gizakia zentroan jarriz, eta zentrotik kanpokoak gure beharren esanetara gelditzen dira, alboraturik eta gure mende. Gainera, guretzat egiten dugun zoruan, asfalto eta hormigoizko azaleran, bizitza posible bakarra gizakiarena da. Kosmobisio honek eraiki du gure lurrarekiko harremana, lurraren berezkotasuna zertan den ahaztera eraman gaituena. Tratu txarrekin ari gara lurra zaintzen: lurraren gorputza gaixotu, kutsatu eta husten dugu gure ongi beharrez. Eta hala ere, lurrak eskuzabala izaten jarraitzen du gurekin.

Lur azpiaren zaintza bi modutan egin izan dugu orain arte; berreskurapena abian jartzen dugu lurzoruaren aktibitate kutsakorra gizakiarentzat kaltegarria denean, edota lurra kutsaturik abandonatu egiten da, “bere kabuz” berroneratu dadin, naturaren ahalmenean fedea jarriz.

Lurraren ekopoetikari buruzko lan-ildo garaikide bat zabaldu da, lurzoruaren zentzu material berriztatu bat ekartzeko nahia duena. Harreman maitekor bat bilatu nahi da lurraren eta gizakien artean, bio-azpiegiturarik boteretsuena delako etxeen zimenduen artean ur zikinen kanalizazioa eta tipularen eta begoniaren sustraiekin dagoen hori. Biraketa kontzeptuala lurraren bizitza propioa onartzea besterik ez da, lur gain eta azpian bizi diren hainbeste izakien bizitza errespetatzetik hasten da, gizakia sistema ekologikoko zatitxo bat bezala ulertuz. Harrigarria gertatzen da zeinen gutxi dakigun lur azpiari buruz, begi bistatik ezkutaturik dagoelako edo. Misteriotsua da opazitate handiko lur masa horrek duena, eta mikrobiologiako alor zabal bat sortzen ari da dibertsitate oparoaren nolakotasuna deskubritzeko asmoz. Interesgarriena da adierazpen sortzaileak behar dituztela lur azpiko kontakizun eta iruditerien eraketarako, eta lurraren kultura honetan begirada zientifikoa eta artistikoa batzen ari dira. Lurra izango ote da mendebaldeko kosmobisio kultura dualista konpostatuko duena! •