JUN. 08 2024 3 BEGIRADA: Emantzipatzerik ez izatearen ondorio psikologikoak Gero eta gehiago omen dira Europar Batasunean emantzipatu nahi eta ezin duten langile gazteak. (PIXABAY) Luixa REIZABAL ARRUABARRENA EHUren Psikologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea eta UEUko Psikologiako sailburua Gero eta gehiago dira Europar Batasunean emantzipatu nahi eta ezin duten 25-34 urte bitarteko langile gazteak. Hori dio, bederen, NAIZek jasotako Eurofund erakundeak gazteen egoerari buruz argitaratu berri duen txostenak. Txostenaren arabera, lan-baldintza prekarioak eta etxebizitzaren prezioa dira emantzipatzeko oztopo nagusiak. Emantzipazioa gertakari normatibo garrantzitsua da garapenean. Izan ere, bizi-zikoaren ikuspegi psikologikotik, mendebaldartutako herrialdeetan, ikasketak amaitzea, lanean hastea, gurasoen etxetik joatea, familia osatzea eta antzeko gertakariak dira helduarorako trantsizioa behar bezala egiteko ezinbesteko garapen-atazak. Emantzipatu nahi eta ezin izatea espero ez den gertakari negatiboa da eta, ondorioz, eragin kaltegarria izan dezake egoera horretan dauden pertsonen garapenean. Artikulu honetan, eragin psikologiko nagusiak aztertuko dira. Hasi aurretik, aipatu behar da eragin horiek gogorragoak izan daitezkeela emakumeen kasuan -bereziki ama badira-, prekarioagoak izaten baitira haien lan-baldintzak. Batetik, ziurgabetasun ekonomikoak eta mendekotasunak estres eta antsietate maila handiak eragin ditzakete. Pertsonak irtenbiderik gabeko egoera batean harrapatuta senti daitezke, etorkizuneko planik egiteko aukerarik gabe, eta horrek haien ongizate emozionalari eragin diezaioke. Bestalde, independentzia lortzeko ezintasunak porrot-sentimenduak eta itxaropen sozialak edo/eta pertsonalak ez betetzearen pertzepzioa ekar ditzake eta horrek guztiak autoestimua urritu dezake. Halaber, agerian geratu da norberaren nahiak ez betetzea depresioa pairatzeko eta jendartetik baztertuta sentitzeko arrisku handiagoarekin erlazionatzen dela. Gainera, intimitaterik ezak eta mendekotasun ekonomikoak familia-harremanak kaltetu ditzakete, harmonia gutxiko giroa sortuz. Azkenik, emantzipazioa funtsezkoa da gizarte-trebetasunak eta bizimodu independenterako beharrezkoak direnak garatzeko. Esperientzia hori ez edukitzeak atzeratu egin dezake helduarorako funtsezkoak diren trebetasun horien garapena. Nahi izan arren, emantzipatzerik ez duten pertsonengan ez ezik, pertsona horien gurasoengan ere eragin dezake psikologiaren eremuan «habia betea» gisa ezagutzen den egoerak. Ikerketen arabera, alde positiboak zein negatiboak izan ditzake gurasoentzat habia beteak. Alde positiboen artean, seme-alabengandik jaso daitekeen laguntza instrumentala eta emozionala dugu nagusi. Negatiboei dagokienez, ekonomian -pertsona bat mantentzeak ekartzen dituen gastuak-, gurasoen bizimoduan -nahi dutena egiterik ez izatea, bereziki amek, beren gain hartzen baitute seme edo alabaren zaintza- eta etxeko giroan -aipatutako familia-gatazkak-. Halako egoeretan kontuan izan beharreko jarraibideak eskaintzen dizkigu psikologiak. Seme-alabei dagokienez, ulermena, maitasuna, laguntza eta abar eskaini behar dizkiete gurasoei, eta, noski, beren gain hartu dagozkien ardurak eta ekarpenak egin, etxean harmonian bizi daitezen. Gurasoei dagokienez, beste hainbeste, betiere seme-alabei argi utzita haiek ere etxeko ardurak hartu behar dituztela. Laburbilduz, ondorio psikologiko kaltegarriak ekar ditzake emantzipatzerik ez izateak. Hala, garrantzitsua litzateke egoera hori sortzen duten lan-baldintzak eta etxebizitzen prezioak duintzeko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak egitea. •