JUN. 08 2024 DARDARAK ARTXIBOAN Katalina eta Maritxu, duela 500 urte elkar maitatu zuten bi emakume Katalina Belauntzakoa duela 478 urte hil zen Tolosan, 1546ko ekainaren 4an. Epaitegietako artxiboetan topa daiteke bere berri, gogor epaitu zutelako Maritxu Oiartzungoarekin «haragizko harremanak» zituela leporatuta. Hari mutur horretatik tiraka sortu dute «Dardarak» album ilustratua eta erakusketa. «Dardarak» album ilustratuaren egileak. Ezker-eskuin, Irune Irureta, Karmele Mitxelena eta Joana Aurrekoetxea. (Andoni CANELLADA | FOKU) Amagoia Mujika 1503ko uztailaren 21ean, Valladolideko Kantzilertzak eta Gorteko alkateek bi emakumeren kontrako epaiaren berri eman zuten. Akusatuak: Maritxu Oiartzungoa eta Katalina Belauntzakoa. Leporatzen zieten delitua: elkarrekin ‘haragizko harremanak’ eduki izana. Epaitegietako artxiboetan, epaien eta zigorren zirrikituetan, maiz suma daitezke garaiko gizartearen argiak eta ilunak. Nor eta zergatik zigortzen duten jakiteak jendarte baten berri zehatza ematen du. Katalinaren eta Maritxuren kontrako epaia Donostian hasi zen, bertako alkate Miguel de Ochoa Olazabalen aginduz. Epaiak jasotzen duenez, herritar batek eman zion abisu alkateari: Katalina Belauntzakoa eta Maritxu Oiartzungoa ikusi omen zituen «gizon batek emakume batekin soilik egin zitzakeen haragizko ekintzak egiten». Garaiko gazteleran jasota dagoen deklarazioak dioenez, «...gizon eta emakume bezala erabiltzen zuten elkar; bata bestearen gainean biluzik jarrita, elkar ukituz, musukatuz, sabel biluzien gainean zamalkatuz... gizon batek emakume batekin bakarrik egin behar dituen haragizko ekintzak egiten zituzten». Donostiako alkateak Belauntzako Katalina atxilotzeko agindua eman zuen. Gogor torturatu omen zuten, haren burua errudun jo zezan, baina Katalinak errugabea zela esaten jarraitu zuen, «emakume ondradua eta fama onekoa» zela. Froga sendorik ez zuen arren, alkateak Katalina errudun jo, jabetza guztiak konfiskatu eta erbesteratu egin zuen. Alkatearen arabera, leporatzen zitzaion delitua oso larria zen eta bi emakumeen arteko harremanak ‘fama publikoa’ zuen; alegia, haien arteko sexu harremanak Donostia osoan ezagunak ziren. Hori nahiko jotzen zuen alkateak Katalina gogor zigortzeko. Alkateak zigor hori ‘eredugarri’ izatea nahi zuen, inork ez zezan antzekorik egiteko tentaziorik izan. Azkenerako, beraz, Katalina erbestera kondenatu zuten, auziaren gastuak ordainarazi zizkioten eta haren ondasunak kendu. Katalinak agindutakoa bete ez eta inoiz Donostia zapaltzen bazuen berriro, plazan soka batetik buruz behera zintzilikatuko zuten, bertan hil arte. Katalinak bere epaiaren kontrako apelazioa aurkeztu zuen Valladolideko Kantzilertza Auzitegian, errugabe jo zezatela eta bere fama ona eta ohorea itzul ziezaiotela eskatuz. Gaztelako Auzitegi Gorenak errugabe deklaratu zuen, frogarik ez zegoelako eta akusazioak lekuko bakarra aurkeztu zuelako. Hartara, Katalinari leporatzen zitzaion «fama publikoko delituak» ez zeukan funtsik, Donostiako bizilagunen artean ez baitzen ezaguna leporatzen zitzaion delitua. Valladolideko epaitegiak absolbitu egin zuen emakumea eta Donostiako alkatea Katalinari «fama oso-osoa» bueltatzera derrigortu zuen. Ez zen lantegi erraza izango, garaiko jendartean zama handia baitzen emakume batentzat halako akusazio baten pean ikustea bere burua. Ziur aski haren bizitza izugarri baldintzatu zuen epaitegietako liskarrak. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan topatu dute Katalina Belauntzakoaren heriotza agiria. Tolosan hil zen 1546ko ekainaren 4an. Emakume askea Jesus Angel Solorzano historialariak ikertu du Katalinaren epaitegietako kasua eta dokumentu horietan lerro artean irakurriz, zenbait ondorio jarri ditu mahai gainean. Hartara, Katalina emakume ‘independente’ bezala ageri dela nabarmendu du, ondoan gizonik ez zuena eta bere negozio propioak zituena. Garaian ez zen oso ohikoa hori. Segur aski, salerosketan aritzen zen Katalina eta baliabide propioak zituen. Donostiako alkateak ondasun guztiak kendu bazizkion ere, Valladoliden alegazioa aurkeztu zuen. Horrek hilabeteetako egonaldia, abokatuak, prozesu-kostuak... ekarriko zizkion eta, hala eta guztiz ere, aurrera egin zuen. Nabari da emakume indartsua zela eta bere burua defendatu zuela eskura zituen tresna guztiekin. Solorzanoren ustez, pentsatzekoa da Katalinaren senitarteko gizonezko guztiak hil edo desagertu egin zirela eta bera geratu zela etxeko negozioarekin. Horregatik izango zituen baliabideak segur aski. Bestalde, epaitua izan zen garairako, heterosexualitatearen eta ezkontzaren erakundearen arauetatik aparte bizi zen eta horrek ere asko esaten du Katalinaren izaerari buruz. Maritxu Oiartzungoari buruz, ez zaigu ezer asko iritsi. Epaia Katalinaren kontrakoa izan zen. Solorzanoren ustez, badirudi Katalina zela bietan ikusgarriena, emakume otzanaren rola apurtu zuena, garaiko arau sozialak hautsi zituena eta horregatik izan zen bortitzagoa bere kontrako jazarpena. Apenas dakigun ezer Maritxuri buruz, baina horrek ez du esan nahi ez zuenik sufritu epaiketa paralelorik, norbere herrian bizitzea asko zailtzen duten horietakoa. Hari-mutur bati tiraka Maritxuren eta Katalinaren kasuak 500 urtez isildutako genero eta sexu disidentzien historiaren hari mutur bat eskaintzen du eta hari horri tira egitea erabaki dute. Hortik osatu dute “Dardarak artxiboan” izeneko erakusketa eta “Dardarak” album ilustratua. Joana Aurrekoetxeak eta Karmele Mitxelenak jarri dituzte hitzak eta Irune Iruretak, ilustrazioak. Oiartzunen piztu da proiektuaren sua. Bertan martxan da Ku-ku Taldea, sexu eta genero disidentzia jasotzen duten euskarazko eta kalitatezko liburuak sustatzeko sortua. Urtero uzta berria prestatzen saiatzen dira eta aurtengo egitasmoa izan da “Dardarak” album ilustratua, hain justu. Fikziozkoa da istorioa, baina Katalina eta Maritxu dira protagonistak, elkar maite duten bi emakume heldu. «Dardarak artxiboan» erakusketaren irudi bat. Oiartzungo udaletxean egon zen lehendabizi eta Tolosako Andragoran, ondoren. Aurrerantzean beste toki batzuetara iristea espero dute. (DARDARAK ARTXIBOAN) «2008an izan nuen Katalina eta Maritxuren berri. Donostian egindako ekitaldi batean haien omeneko plaka bat jarri zen. Hor nonbait barruan geratu zitzaidan istorioa eta liburuarekin hasi ginenean, piztu egin zitzaidan berriro. Bitxia izan zen», kontatu du Joana Aurrekoetxeak. «Katalinari eta Maritxuri buruz dakiguna oso murritza da. Baina, hasieratik, album ilustratuan, ez dugu iraganeko istorio bat kontatu nahi izan, gaur egungo istorio bat baizik. Orainetik iraganera josita dago, zubiak daude bi garaien artean. Oinarrian, bi emakumeren arteko maitasun istorio bat kontatzen dugu, elkar zaintzen duten bi emakumerena. Adineko emakumeen sexualitateaz eta desiraz ere hitz egiten da, bagenuen gogo hori; normalean asko ikusten ez den iruditegia bistaratu nahi genuen». Katalinak eta Maritxuk genero arauekin hautsi zuten XVI. mendean. Honaino iritsi den informazio apur horretatik osatu behar da puzzlea. Puzzle hori osatu nahian arakatze lan mardula egin dute Aurrekoetxeak eta Mitxelenak, eta topatutako horri erakusketa forma eman diote, kontatu gabeko historian kapitulu berri bat idazteko gogoz. “Dardarak artxiboan” erakusketak Erdi Arotik Errenazimentura bitarteko garairako bidaia proposatzen du, fokua sexu eta genero disidentzien plazan jarrita. Artxiboen ikuspuntua Historia kontatzen duenak erabakitzen du zer den garrantzitsua, zer kontatzeko modukoa. Aurrekoetxeak dioenez, «badakigu artxiboak ikuspegi erabat androzentrikotik osatu zirela, gizon zuri, klase jakin bateko, heterosexual eta europarraren erabateko zentraltasunetik. Horregatik ez ditugu errelato subjektiboak, autobiografiak, emakumeen gogoetak... lehen pertsonan. Horregatik interpretazio lan handia egin behar izan dugu, eta kontu handiz, gainera». Honetara iritsita, nabarmendu beharra dago epai judizialek sekulako garrantzia daukatela kontatu ez den historiaren partea interpretatzeko orduan. Maiz, epai judizialetan bakarrik agertzen dira protagonista bezala jendarteko zenbait sektore, nahiz eta zigorraren betaurrekoetatik izan. «Guk jaso dugun informazio ia osoa dokumentu judizialetatik eratorritakoa da. Pentsa, emakumeen sexualitatearen inguruan jasota dauden asko Inkisizioaren epaiketa batean emakume batek bere bizitzari buruz kontatutakoak dira. Horrelako egoera bortitzetan jasotako informazio urri horretatik osatu behar da kontaketa. Eta horietan maiz ikusten da emakumeek adierazten zutela haiek pasiboak zirela harreman horietan, emakumearen ‘papera’ betetzen zutela. Hori baitzen heriotza zigorretik salbatzeko modu bakarretakoa». Epaiketa horietan maiz sodomia izaten zen epaituari leporatzen zitzaion delitua. Historian barna, sodomia kontzeptua gaur egungo homosexualitatearen ideiari oso lotuta egon da, baina ezin dira sinonimotzat hartu. «Goi Erdi Aroan, adibidez, kontzeptu horren barruan kokatzen ziren ‘naturaltzat’ jotzen ez ziren sexu-praktika guztiak; alegia, ugalketari lotutakoak ez zirenak», azaldu du Aurrekoetxeak. Sodomia delitua «genero bitartasuna» ezartzeko eta «gizon eta emakumeak haien gizarte roletara egokitzeko» asmatu zen. «Jendartearen gaineko kontrola ezartzeko modua zen eta nagusiki delitu maskulinotzat jo zen», gaineratu du Aurrekoetxeak. Badirudi, beraz, lesbianismoa ez zela sistematikoki zigortzen, ez zelako aukeretan agertu ere egiten. «Emakumeak semenaren hartzaile fisikoak baino ez ziren, gizonezkoen desira objektu pasiboak eta, genero harremanetan, mendekoak. Emakumeen arteko harremanen inguruko ezjakintasuna izugarria zen; erekziorik, penetraziorik eta eiakulaziorik gabe, garaiko Europako biztanleek ez zuten praktika horiek kontzeptualizatzeko interesik agertu eta emakumeen arteko harreman homoerotikoak ikusezinak izan ziren neurri batean». Joana Aurrekoetxearen ustez, bi emakumeren artekoa «ez zen kontzebitu ere egiten edo ez zen kontzebitu ere egin nahi. Emakumeari ukatu egiten zitzaion sexu plazererako aukera bera ere». Hartara, agintariek gizonezkoen arteko harremanak detektatu eta bortizki zigortzeari ekin zioten, «maskulinitate eredu jakin baten eta familiaren instituzioaren defentsan. ‘Pater familias’ ideiaren gainean», azaldu duenez Amaia Nausia Pimoulier historialariak. «Dardarak» album ilustratua, Oiartzungo udaletxean izandako erakusketan. (DARDARAK ARTXIBOAN) Europako hainbat artxibategi arakatu dituzte “Dardarak artxiboan” erakusketa osatzeko. Hor topatutako dokumentuetan sumatzen denez, «emakume kategorian sartzen ez ziren gorputzek eta rolek sortu ohi zuten kezka nabarmenena». Bide horretan, bereziki zigortzen zituzten haien gainean ‘funtzio maskulinoak’ hartzen zituzten emakumeak, menderatzailearen rola hartzen zutenak. «Penetrazioa egiteko tresna falikoak erabiltzen zituzten edo gizonezkoz janzten ziren emakumeak ankerkeriaz jazarri zituzten». Emakumeen sodomia ikusezin izatetik gero eta gogorrago zigortua izatera pasatu zen. «XI. eta XIII. mendeen artean matxinak -garaiko dildoak, jostailu erotikoak- erabiltzea bekatu izugarri bihurtu zen», zehaztu du Aurrekoetxeak. Hala ere, emakumeen arteko sexu harremanek buruko min ugari sortu dizkio sistemari betidanik, klabe androzentrikoetan kabiarazten zaila zelako. Zakilik eta semen substantziarik gabe krimenik ote zen erabaki nahiak lan nekeza ekarri du mendez mende. Lege esanguratsuenak Ikusi edo ez, kontzebitu edo ez, lesbianismoa jopuntuan izan duten Europa Mendebaldeko legeak eta zigorrak ez dira atzo goizekoak. Kasu askotan, baina, delituak ez zeuden tipifikatuta eta zehaztuta, nahiz eta zigorrak jartzen zituzten. Baina, maiz, delitu zehatzik gabeko zigorrak dira. «Gizonen artean, askoz kasu gehiago izan ziren: gizon askoz gehiago erre zituzten sodomia leporatuta. Lesbianismoaren kasuan, ikusezinagoa izan da. Gizonen kasuan gogor zigortzen zen maskulinitate mandatuak hautsi eta familiaren aginduak ez betetzea». Lesbianismoari dagokionez, V. mendean, Agustin Hiponakoa gotzainak «antinaturaltzat eta bekatutzat» jo zuen ugalketa helbururik gabeko desio oro. «Naturala den sexua zulo egokitik, tresna egokiekin, posizio egokian eta gehiegizko lizunkeriarik gabe egin behar da», agintzen zuen. XII. mendetik aurrera, homosexualitateak gero eta zigor zorrotzagoak jaso zituen Elizaren aldetik. Heresiaren parean jarri zuten eta Inkisizioak gogor egin zuen haren kontra. Sexurako tresnak -matxinak edo dildoak- erabiltzea «bekatu izugarritzat» jo zuten eta sodomia heriotza zigorrarekin zigortzen hasi zen. Katalina eta Maritxu, «Dardarak» album ilustratuan. (DARDARAK ARTXIBOAN) XIII. mendean, Alfonso X.aren erregealdian, Gaztelan sortutako Zazpi Partidak arautegian zehaztu zen sodomia lizunkeria bekatua zela eta prebentziozko zigorrak ezartzen hasi ziren; erailketa zeremonia publikoak eredugarriak izateko eta izuaren pedagogia egiteko. 1497tik aurrera, eta Errege-erregina Katolikoek aginduta, sodomiaz errudun jotzen zutenari ondasunak kentzen zizkioten eta erre egiten zuten. XVI. mendearen erdialdetik aurrera, emakumeen gaineko kontrola zorroztu egin zen eta itxialdia areagotu, emakumeak eremu pribatura mugatuz. Mojen komentuak Gaur egungo talaiatik irudikatzen zaila izan daitekeen arren, mojen komentuak irudimen eta askatasun espazioak izan ziren garai batean. Hori suma daiteke historiaren lerro artean irakurtzen, letra txikiari erreparatzen. Bavierako monastegi bateko bi maitasun gutun iritsi dira guregana, adibidez. Erdi Aroan bezala geroxeago ere, «gizon batekin ezkondu edo moja bilakatu» esanak esanahi osoa izan du gure jendartean. «Moja bilakatu» hori zigorra balitz bezala saldu izan digute, baina askatasunerako giltza ere izan zitekeen, nahiz eta apenas irudikatu den horrela. «Erdi Aroan europar mendebaldeko emakumeen erresistentzia komentuetan ardaztu zen; harresi haien barruan sortzen ziren harremanetan. Kultura hartan emakumeak askatasunez harremantzeko eta jazarpenari aurre egiteko aukera ematen zuten leku bakarretakoak ziren komentuak». Ez zen asko luzatu denboran, Erdi Aro amaieran eman zen eta ez zuen jarraitu XIII. mendetik aurrera. «Badirudi garai batean emakumez soilik osatutako espazio bakarrak izan zirela, gizonezkoen zaintzarik gabe. Nolabait beren buruarekiko autodeterminazioa eduki zezaketen eta pentsatzekoa da azpikultura lesbiko bat egon zela». XII. mendean itzali zen loraldi labur hura, garai ilunagoak hasi baitziren emakumeentzat. Tentazioak saihesteko edo, Pariseko (1212) eta Rouengo (1214) kontzilioek mojei elkarrekin lo egitea debekatu zieten eta logeletako lanparek gau osoan piztuta egon behar zutela arautu zuten. XIII. mendetik aurrera, arau monastikoek mojei agindu zehatzak ezarri zizkieten: besteen logeletan ez sartzeko edo horiek giltzaz ez ixteko, abadesak ikuskatu ahal izateko eta komentuan ‘adiskidetasun-lotura’ bereziak saihesteko. «Ez zen zehazten moja batek zer egin zezakeen bere atea itxita edukiz gero, baina bistakoa da, mojen arteko olerki eta gutunek erakusten duten bezala, lege horien mende zeuden emakumeek ez zutela irudimen faltarik izan eta komentuak topaketa sexual eta afektiboen leku eta lekuko izan zirela», nabarmendu du Aurrekoetxeak. Trobalaritza galego lesbikoa “Dardarak artxiboan” erakusketa prestatzeko mila begirekin behatu dituzte epaitegietako artxiboak, baita garaiko literatura ere. Lerro artean eta zorrotz irakurriz, pista esanguratsuak topa baitaitezke. Bide horretan, ‘testu lesbikoak’ topatu dituzte, maiz manipulatuak, «harreman heterozentratuetatik eta genero arauetatik ihes egiten zuten bestelako desirak, iruditegiak eta istorioak existitu zirela isilarazteko». Hartara, ‘marida’ jartzen zuen tokian ‘marido’ jartzea eta errealitatea desitxuratzea ohiko samarra da Erdi Aroko zenbait testutan. Galiziako trobalaritzan bada kasu bat, Maria Leve eta Sancha Perezena. XIII. mendean, Compostelan bizi ziren elkarrekin eta kantutegian jasota geratu da haien kasua. «Erdi Aroko Europan, elkar maite zuten bi emakumeren izenak jasotzen dituen kasu bakarra da, tartean kondena juridikoa izan gabe. Haiei buruz ari dena trufatu egiten da, barre egiten du bi emakumeen arteko harremanaz, baina aztarna hor geratu da», dio Aurrekoetxeak. «Guretzat deskubrimendua izan da. Galizian sekulako ondarea daukate aspaldiko kantutegietan eta horietan jasota geratu da bi emakumeren arteko maitasuna, baita bi gizonezkoren artekoa ere. Europa mailan dagoen lagin interesgarrienetakoa da, horrelako kasu gehien dituena». Bisitari bat, Tolosako erakusketan (Andoni CANELLADA / FOKU) Kontrako adibideak ere badira: Hildegarda Bingengoarena, kasu. XII. mendean 80 urtera arte bizi izan zen eta eragin handia izandako abadesa, mediku, konpositore eta filosofoa izan zen. Gaur egun gordetzen den Erdi Aroko emakumezko ahots bakarrenetakoa. ‘Sodomia’ hitza erabili ez bazuen ere, emakumeen arteko harreman homoerotikoak gogor gaitzetsi zituen eta genero bitartasunaren defendatzaile sutsua izan zen. «Aurrerapenak egin zituen alor askotan, baina homoerotismoa eta genero performatibitatea erabat gaitzetsi zituen publikoki. Lan ideologiko garrantzitsua egin zuen alor batzuetan, baina beste batzuetan oso mendeko agertu zen», nabarmendu du Aurrekoetxeak. Katalina eta Maritxuk elkar maite zuten duela 500 urte. “Dardarak” album ilustratuak jaso duenez, «diotenez, nor bere etxean bizi izan zen bolada batez, nor bere etxean, norbere benetako etxetik urrun». Epaituak izan ziren elkar maitatzeagatik eta bostehun urte geroago, leihoak zabaldu dituzte, haien etxea eta jendartea aireztatzeko. Emakumeen arteko harremanen inguruko ezjakintasuna izugarria zen Erdi Aroan; erekziorik, penetraziorik eta eiakulaziorik gabe, zaila zen sexu harremanik irudikatzea Alkateak zigor ‘eredugarria’ jarri zion Katalinari. Erbestera kondenatu zuten, auziaren gastuak ordainarazi zizkioten eta ondasunak kendu Herritar batek salatu zuen Katalina Belauntzakoa eta Maritxu Oiartzungoa ikusi zituela «gizon batek emakume batekin soilik egin zitzakeen haragizko ekintzak egiten» «Emakume kategorian sartzen ez zirenek sortu ohi zuten kezka handiena. Penetrazioa egiteko tresna falikoak erabiltzen zituzten edo emakumeak ankerkeriaz jazarri zituzten»