Juantxo EGAÑA

Portugaleteko Burdin Kaia, 1889an

(BILBOKO PORTU AGINTARITZA)

1889an egile ezezagun batek Portugaleten egindako argazkian, lehen lerroan, ontzi txikiak daude eta, haietan, gizonak eta emakumeak, hondarra kargatzen itsasbeheran. Atzealdean, Serantes mendia ikusten da eta, azpian, Santurtzi. Irudiaren erdian, Portugaleteko Burdin Kaia dago, jatorriz Nafarroako Izu herrikoa zen Evaristo Churrucak diseinatua. Churruca Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria zen, baita Bilboko Portuko Obra Batzordeko zuzendaria ere. Kaiaren eraikuntza 1881ean hasi zen, eta 1887. urte amaieran inauguratu zuten lana. Eraikuntza horri esker, nabigazio segurua egin ahal izan zen inguruan, istripuak eta hondoratzeak saihestuz. Burdinazko kaiak 800 metroko luzera dauka eta eraikitze lanetan ari zirela azken 200 metroak zementuzko hormigoizko blokeetan eraikitzea erabaki zuten, ekaitzei, itsasoaren higadurari eta ontzien inpaktuari hobeto eusteko. Irudian, barraren hasieran zegoen eta dagoeneko desagertuta dagoen Pilotu Nagusiaren Dorrea ere ikus daiteke.