GAUR8 - mila leiho zabalik
«JAUZI.EUS» BILATZAILEA

Iruñerrian euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jardueren bilgunea

Sortzen elkarteak «jauzi.eus» bilatzailea jarri berri du martxan, Iruñerrian euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduerak modu errazean aurkitzeko zerbitzua. Ezagutzaren muga gainditu eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin lanean dihardu Sortzenek, eta bilatzaile hau norabide horretan beste pauso bat da. Iñigo Otxoa Fernandezek eman dizkigu xehetasun guztiak.

Iñigo Otxoa Fernandez, «jauzi.eus» bilatzailearen arduradun nagusia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sortzen elkarteak “jauzi.eus” webgunea jarri du martxan berriki, Iruñerrian euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea. Modu oso errazean Iruñeko edozein auzotan nahiz Iruñea inguruko herrietan antolatzen diren jarduerak kontsulta daitezke, bai guraso elkarteek antolatutakoak bai udalek egindakoak.

Iñigo Otxoa Fernandez da arduradun nagusia, eta bilatzaile hau martxan jartzeko ideiaren atzean dagoen gogoeta azaldu digu. «Guk, Sortzenen, bagenuen hausnarketa bat egina. Bageneukan Iruñerri mailan D ereduko ikastetxeen hizkuntza diagnostikoa, eta ikusi genuen azken 50 urteetan aurrera egin dela, baina helburuak eta erronkak berritu egin behar zirela», ekin dio Otxoak azalpenari.

«Ikusi genuen LH6ra ailegatzean ume batzuek ez zutela lortzen euskarazko ahozkotasun eroso bat. Baita askotan azpimarratzen ez den errealitate bat ere: etxetik euskaldunak diren umeek berehala gaztelerara jotzen dutela. Ikusi genuen denon artean gauzak hobetu behar genituela, inertziak apurtu, eta proposamen eta ideia berriak izan behar genituela. Eta hori dena batu genuen euskararen normalizazio plan batean», jarraitu du nafarrak.

«Hor hiru adar nagusi zeuden: etxea, hezkuntza arautua eta aisia», dio aipatutako planaren inguruan. «Eta aisiaren barruan, proposamenetako bat zen eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea. Hor ikusi genuen ez geundela saretuta, bakoitzak bere auzo edo herriko eskaintza bakarrik ezagutzen zuela, edo hori ere ez agian, eta askotan ez genekiela ondoko auzoan edo pixka bat urrunago zer eskaintza zegoen. Horri erantzuteko sortu dugu, hain zuzen ere, “jauzi.eus” bilatzailea».

Aisialdia, familiak...

Izan ere, euskararen egoeraz egiten diren ikerketa eta txosten guztietan aipatu ohi den ezagutzatik erabilerarako jauzi horretan tresna baliagarria izan daiteke bilatzailea. Arazoa nahiko identifikatuta dago, Sortzenek ere egin du hausnarketa hori, eta helburua lortzeko ekinbide praktikoak martxan jartzeko erronka zail horri heltzeko prest dago.

«Gure ustez, azken urteetan egin dugunak, inertzia horrek nolabait, ezagutzaren mugara eramaten gaitu. Eta guk argi ikusten genuen eskolaren inguruko hizkuntza sistema zabaldu beharra zegoela. Auzora atera behar zela, aisialdira atera behar zela, familien artean transmisioari indar handiagoa eman behar zitzaiola... Baterako eta besterako proposamenak behar genituen eta hori dena euskararen normalizazio planean sartu genuen», dio Otxoak.

«Zuzendaritza eta guraso elkarte guztien mahai gainean jarri genuen, eta helburua zehaztu: ikasleria osoak, ume guztiek, azkenekoak ere bai, izan behar dutela euskaraz ahozkotasun eroso bat. Baditugu baldintza positibo batzuk eta gai izan behar dugu haurren artean, batzuen artean behintzat, euskaran oinarritutako harremanak izateko. Hori Iruñerrian jada posible dela ikusten da, baina hasi behar dugu hori erronka bezala izaten, ikastetxe, guraso elkarte edo dena delako eragile bezala, leku guztietan. Hori da, neurri batean, aldaketa», hausnartu du Iñigo Otxoak.

Haur batzuk irristaketa lantzen. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Teknikoki, lan nagusia jardueren eskaintza egituratu eta sailkatzea izan da, eta Otxoak eskaintza kopurua nabarmendu du, denak batera jarrita zerrenda benetan luzea delako. Oraingoz zortzi ikastetxe batu dira ekimenera: Amaiur (Iturrama), Bernart Etxepare (Txantrea), Ermitaberri (Burlata), Hegoalde (Arrosadia), Irulegi (Mutiloa), Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzisko (Alde Zaharra) eta San Miguel (Noain). Beste batzuek ere erakutsi dute interesa eta pentsatzekoa da beren eskaintza bilatzailera gehitzen joango direla etorkizunean. Udalei dagokienez, Antsoain, Aranguren, Berriozar, Noain eta Zizur Nagusia batu dira proiektura lehen ikasturtean.

Teknologikoki ere egon da lanketa bat, bilatzailea argia eta txukuna suertatu zedin. «Pentsatu genuen dirua bildu behar genuela eta enpresa bati, CodeSyntax-i kasu honetan, planteatu behar geniola garapen lana. Guk zehaztu behar genituen helburuak, zer nahi genuen lortu, eta arduradun bat ipini -kasu horretan, ni neu-. Ikasturte honetan lan horretan ibili gara batez ere».

Emaitzarekin pozik

Otxoak dioenez, emaitzarekin oso pozik daude, erabiltzaileei zerbitzua emateaz gain, abantaila ere ekarri duelako barne funtzionamendurako. «Uste dut erabiltzaileei begira, familiei begira, oso intuitiboa dela. Balantzea oso positiboa da. Jaso dugun feedback hori oso positiboa izan da. Helburua zen sarea koordinatzea, euskarazko zirkuitu horiek koordinatzea, baina baita guraso elkarteetan eskolaz kanpoko batzordeetan daudenei lana erraztea ere, eta horrek lana erraztu die. Erabiltzaileen aldetik positiboa da, baina kudeatzaileon aldetik ere bai. Ez dugu balorazio formalik egin oraindik, baina uste dut balorazioa positiboa izango dela», zehaztu du.

Eta proiektua Nafarroa osora zabaltzeko asmorik ote duten galdetuta, baietz erantzun digu, baina pauso bakoitzak suposatzen duen zailtasuna ere kontuan hartu behar dela gaineratu du. «Iruñerrira mugatu dugu oraingoz. Agian apur bat zentralista da, baina datuek esaten dute, kopuruei begiratuta, ume euskaldun gehienak Iruñerrian daudela. Horregatik ikusi genuen, hasteko behintzat, Iruñerria inguru egokia izan zitekeela», argitu du lehenik.

«Eremu geografikoa zabaltzeko asmoa badago, ikastetxe batzuek jada interesa erakutsi digute, baina baliabide kontua ere bada. Ez daukagu liberatu askorik horrelako lanetarako eta dirulaguntzak ere behar dira. Interesgarria litzateke, adibidez, ideia hau nerabeengana ere zabaltzea. Adin horretan independenteagoak dira jada, gehiago mugitu daitezke auzo eta herri batetik bestera, eta jakin behar dute euskarazko zirkuituak non dauden. Gaztelerazko zirkuitua oso indartsua da, bide askotatik iristen zaie, baina saiatu behar dugu horri aurre egiteko bideak jartzen euskarazkoa ere ezagutu dezaten», aldarrikatu du Iñigo Otxoak.