Oier IMAZ ALIAS
{ DATORRENA }

Jendetasuna

Jendetasuna lantzea da eskuin muturraren kontrako antidotoa» (Panpi Sainte-Marie, 2024). Kezka dakarte Europako hauteskundeetako emaitzek. Eskuin muturra sendotu egin da. Irabazi ditu hauteskundeak, besteak beste, Europar Batasuna sortu zuten sei estatuetatik hirutan (Frantzia, Italia eta Belgika), eta bigarren indarra da Herbehereetan edo Alemanian. Bestela esanda, ez dute periferiek edo bat egite berriek eraman eskuin muturrerantz europar proiektua. Europar proiektuaren erdi-erdian nagusitu da eskuin muturra.

Itxaropenerako argi izpiak ere badira, Jonas Sjöstedt-ek, Suediako ezkerreko alderdiaren hautagaiak, zioen bezala. Danimarka eta Finlandian, Suedian bezala, eskuin muturreko alderdiak ahuldu egin dira, eta alternatiba aurrekoiak indartu. Bereziki jarri zaio arreta Finlandiako kasuari. Finns Party (lehenago, True Finns) alderdiak babes erdia galdu du. 1995ean sortu zen Finlandiako Laborantzako Alderdiaren disoluziotik. 2015etik darama gobernu koalizioetan parte hartzen eta 2023an bigarren indarra izatera iritsi zen. Ezkerreko aliantza, aldiz, bosgarren lekutik bigarrenera pasatu da urte batetik bestera.

Hemen ere zaila da azalekoa eta funtsezkoa bereiztea. Aldiz, paradoxikoa dirudien arren, argi dago Europa mailan, «praktikan gauzak ez direla asko aldatuko», Asier Blasek ondo azpimarratu duen moduan. Alderdi Popularraren eta sozialdemokraten baturak nahikoa du, talde liberal-demokrataren babesarekin, aurreko legegintzaldian bezala aritzen jarraitzeko.

Ez da berria. Beti izan da zaila berariaz europarra den eskalatik interpretatzen Europako hauteskundeen emaitza. Lehenak 1979an izan ziren. Orduan bederatzi kide zituen klubak. 1980an Karlheinz Reif eta Hermann Schmittek artikulua kaleratu zuten: “Nine Second-Order National Elections”. Egileek zioten jende gutxiagok parte hartzen zuela, politika estatalari loturiko gaietan ardazten zirela eztabaiak edo, normalean, agintean zirenei abisuak bidaltzeko baliatzen zirela. Hau da, Europako hauteskundeak interpretatzeko marko egokia estatala zela zioten. Joko zelai berean, aldi berean, bederatzi partida desberdin jokatzen ziren.

Gauzak aldatu egin dira azken mende erdian, baina ez horrenbeste. Pentsa daiteke estatu eskalako eztabaidetan europar auziek lekua handiagoa dutela. Horrenbestez, baita hautesleen erabakietan ere. Finlandian azken hamarkadetan eskuinerantz emandako bira Europara zabaltzea ekiditeko deia zabaldu zutela nabarmendu zuen Li Anderssonek, Finlandiako ezkerreko aliantzako hautagaiak, “Jacobin” aldizkarian. Baina, ez horrenbeste. Elkarrizketan onartzen zuen auzi nagusietan, gerran adibidez, ez dagoela europar eskalako erantzunik. Bidea, hortaz, europar eskalan ere, lekuan lekuko alternatibak indartzean datza.

Gurean ere horrela kontatzen zuen Panpi Sainte-Marie laborariak, hauteskundeak baino egun batzuk lehenago. Iparraldeko laborariek arrangura handiarekin begiratzen diote eskuin muturraren gorakadari. Onartzen zuen «luzaz ez bada beti» laborari munduak eskuina babestu duela. Baina sektorearen gainbeherak eta horrek sortzen duen beldurrak eskuin muturreko jarrerak hauspotu dituzte, baita Iparraldean ere. Antidotoa ere proposatzen zuen. Langabeak, kanpotarrak, baztertuak, finean, zaurgarrienak hobendun aurkitzen dituztenen aurrean, jendetasuna: «Guk aipatzen dugun laborantza mota: jendea onartu, lagundu eta borrokak partekatu». •