Mazar i Sharifeko ospitalea, herrialdearen egoeraren isla
Paula Gilek, Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) Estatu espainoleko presidenteak, eta Irene Perezek, gobernuz kanpoko erakundearen pediatrak, Afganistaneko egungo errealitate ahaztua mahai gainera ekarri dute Gaur8rekin eginiko elkarrizketan. Mazar i Sharifeko ospitalean ibili dira biak lanean eta formakuntza eskaintzen.
Paula Gil, Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) presidentea Estatu espainolean, eta Irene Perez pediatra gobernuz kanpoko erakundearen misioi batean izan ziren Afganistanen martxoan. Bertako egoeraz mintzatu dira GAUR8rekin.
«Afganistanera nindoan lehen aldia zen hura. Oso bisita esanguratsua izan zen. Egoeraren berri izan arren, han egon arte eta nork bere begiekin ikusi arte, ez da bat egoeraren larritasunaz jabetzen. Hamarkadetako gerratik datorren herrialdea da Afganistan. Egia da talibanak boterera iritsi zirenetik segurtasunaren alorrean hobekuntzak izan direla; giroa lasaiago dago, nahiz eta oraindik atentatuak izan. Oro har, lasaitasun sentsazio handiagoa dago herrialdean eta hori oso garrantzitsua da herritarrentzat. Kontuan izan behar baitugu urteak daramatzatela gerrak eta krisi ekonomikoak bata bestearen atzetik kateatzen. Horregatik, beraz, komatxo artean esanda ere, nolabaiteko bakea izateak jendea gehiago mugiarazten du eta bizitza apur bat gehiago dago. Baina hori guztia beste sakrifizio batzuen kontura da, eta emakumeak dira lehen sakrifizioa», nabarmendu du Gilek.
«Emakumeek bizitza publikoan parte hartzeko, lan egiteko eta ikasteko dituzten aukerak ezerezera mugatu dituzte talibanek», salatu du.
Hainbeste urtetako gerren ondorioz, Afganistan krisi ekonomiko iraunkor batean murgilduta dago. Langabezia %35ekoa da. Kontuan hartu behar da, era berean, biztanleriaren erdia, gutxi gorabehera, emakumeak direla eta ia ez dutela ezer ere kontsumitzen, etxetik apenas ateratzen direlako. Horrez gain, oso gutxik jarraitzen dute lanean, talibanek emakumeei lan egitea debekatu baitiete sektore gehienetan -medikuntza eta hezkuntza, salbu- eta «horrek eragin izugarria du ekonomian», ohartarazi du MSFko presidenteak.
Iaz, talibanek nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeentzat lan egitea debekatu zieten emakumeei; batez ere, NBErekin lotutako erakundeentzat. «Emakume langile horiek etxera soldata eramaten zuten eta horren gabeziak inpaktu zuzena izan du familien gaitasun ekonomikoan».
«Erakunde mediko bat garen aldetik, murrizketa horrek ez digu hainbeste eragin; erizainek, doktoreek, emaginek, baita administrazioko langileek ere gurekin lanean jarrai dezakete», azaldu du.
Goi mailako ikasketen debekua
Talibanek bigarren hezkuntza eta ikasketa unibertsitarioak egitea debekatu diete emakumeei. Soilik lehen hezkuntza egin dezakete. «Erizaintza ikasten ari ziren edo Medikuntzan graduatzear zeuden emakume askok ezin izan dute ikasten jarraitu ezta graduatu ere. Medikuntzako bosgarren mailan zeuden emakumeek, mediku gisa jardun ahal izateko, azken azterketa gainditu behar zuten, eta ondoren mediku-ordenan erregistratu. Baina tramite hori ezin izan zuten egin. Beraz, karrera amaitu duen belaunaldi oso batek ezin du mediku gisa lan egin. Beharbada, erizaintza laguntzaile gisa, nutrizioko eta komunitateko arretako langile gisa kontrata daitezke. Baina ez mediku gisa», azaldu du.
«Goi mailako ikasketak egiteko debekua iaz jarri zutenez, oraindik ere badira emakumezko erizainak eta medikuak, baina debekua indargabetzen ez badute, urte gutxi barru arazo larria izango dute, herrialdean ez baita osasun arloan emakumezko langilerik izango, gizonezkoak bakarrik egongo dira. Horrek ondorio izugarriak izango ditu emakumeen osasunean, Afganistanen gizon batek ezin baitu emakume bat artatu, nahiz eta gaixo egon. Emakumeak soilik beste emakume batek artatu ditzake. Baina, bigarren hezkuntzatik aurrera ezin badute ikasi, zer gertatuko da hurrengo belaunaldiekin? Zer gertatuko da emakumezko erizainik, medikurik, emaginik... ez badago? Denbora gutxian emakumeek ez dute osasun zerbitzurik izango», nabarmendu du Gilek.
Malnutrizioa eta elgorria
Horri guztiari nutrizio krisi handia gehitu behar zaio, herrialdea luzaroan gerran egon delako eta lehorteak behin eta berriz etorri direlako. «Orain malnutrizio-tontor bat ikusten hasi gara. Horrek asko kezkatzen gaitu», ohartarazi du. Joan den urtean, Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak malnutrizio arazo larria zuten 12.500 haur artatu zituen, baita malnutrizio moderatua zuten beste 10.500 ere.
«Talibanek boterea hartu zutenean, nazioarteko erakunde asko joan ziren eta ez dira itzuli oraindik. Horrek ondorio zuzenak izan ditu osasunean. Elgorriaren epidemia dugu, eta hori gertatzen ari da haurrak ez direlako modu erregularrean txertatzen ari. Ez dago behar adina aurrekontu, ezta gaitasuna ere, haurrak txertatzeko sistema bat martxan jartzeko. Elkarrekin, elgorria eta malnutrizioa hilgarriak dira», azaldu dute.
MSF zortzi probintziatan ari da lanean. Iparraldeko Mazar i Sharif ospitalean, Balkh probintzian, esaterako, neonatologiaren, jaioberrientzako ZIUren eta pediatriako larrialdi unitatearen inguruan ardaztu du gehienbat lana. Afganistaneko hiri nagusietako bat izan arren, ospitalean ez zegoen jaioberrientzako ZIU zerbitzurik. Hilean, batez beste, 3.000 haur artatzen dituzte egoera larrian pediatriako larrialdi unitatean. Era berean, batez beste, 546 jaioberri ingresatzen dituzte, hilean, zainketa intentsiboetako unitatean. «Behar handiak daude. Oheen batez besteko okupazio tasa % 140 baino handiagoa izan da, sistematikoki, jaioberrien zainketa intentsiboetako unitatean lanean hasi ginenetik. Gaur egun, bularreko 60 ume hartzen ditu unitateak, 27 oheko edukieraren bikoitza baino gehiago. MSF erakundeak baliabide gehiago jarri behar izan ditu martxan, langileek haur bakoitzari arreta eta zainketa pertsonalizatuak ematen jarraitu ahal izan dezaten, eta agortze arriskua murrizteko, ahalmen beharrak eta espazio mugatua gorabehera», azaldu du.
Baina, lehenik eta behin, ospitaleko segurtasuna berrantolatu behar izan du MSFk. «Iaz, Mazar i Sharifeko gobernadore talibana hil zuten. Talibanak jomuga dira eta hortaz, baita Osasun Ministerioaren langileak ere; batik bat, goi karguak. Ospitalea hain handia izanik, eraso edo atentatuak izateko arrisku handia dago. Denbora luzea kendu digu segurtasuna bermatu ahal izateko sistema antolatzeak, lan logistikoa izugarria izan da: hesi bat jarri behar izan genuen, metal detektagailua, ateetako zaindariak... Pazienteen eta haien zaintzaileen zirkuitua ere berrantolatu behar izan genuen, nahiko kaotikoa baitzen; bisita ordutegirik ez zegoenez, jendea edozein ordutan sartu eta irteten zen. Behin segurtasuna bermatuta, larrialdi unitatean hasi ginen lanean, eta ondoren, neonatologian eta jaioberrien ZIUn. Hirugarren fasean, amatasun unitatean hasiko gara lanean», aipatu du Gilek.
Gaineratu duenez, «lan karga izugarria da, osasun sistema oso ahula baita. Azken urteetan apenas egon da inbertsiorik osasun sisteman. Material gabeziaz gain, ospitaleak zaharkituta daude. Lehen mailako osasun arreta egoera zaurgarrian dago. Herrialde emaileek ezarri duten baldintzetako bat da dirulaguntza talibanen gobernura es iristea, baizik eta tokiko erakundeetara, horiek ari baitira lehen mailako arreta ematen. Gu probintziako ospitale horietan egoteak eta doako kalitatezko zaintza eskaintzeak dei efektua eragiten du. Landa eremuetatik paziente asko iristen zaizkigu».
Talibanen Osasun Ministerioarekin elkarlanean jarduten dute. Lan talde mistoak osatu dituzte. Antolaketa eta formakuntza lantzeaz gain, edoskitzea eta kanguru teknika sustatu nahi dituztela adierazi du Gilek: «Amak edo aitak jaioberria besoetan hartzea; hala, haur goiztiar baten edo pisu gutxiko jaioberriaren inkubagailu denbora murriztea lortzen baita. Kontuan hartu behar dugu, mundu mailan, Afganistanek haurren heriotza tasa altuenetakoa» duela.
Emakumeen eskubideen murrizketak zaintzan ere badu eragina. «Jaiotzean, jaioberriaz kargu egiten den pertsona ez da ama izaten, baizik eta amaginarreba. Izan ere, ezkondutakoan, emakumea gizonaren gurasoen etxera joaten da bizitzera, eta amaginarrebak hartzen du zaintzaren ardura. Haurtxoak ospitalean gelditu behar badu, zaintzera etortzen dena amona da, ez ama, eta hori arazoa da edoskitzerako. Guraso eta amaginarrebei, jaioberriaren osaketarako, onena edoskitzea lehenbailehen hastea dela eta haurtxoa amaren edo aitaren bularrean jartzea garrantzitsua dela azaltzen saiatzen gara. Pazientzia eta ulermen handia eskatzen du horrek. Ezin dugu herrialde batera joan eta geure ikuspuntua eta egiteko modua inposatu. Herrialde horien egoera, kultura, ohitura eta jarduerak ezagutu eta errespetatu behar dira».
Formakuntza
Irene Perez MSFko pediatra martxoaren 4an itzuli zen Afganistanetik. Mazar i Sharifen larrialdi pediatrikoei eta jaioberrien zainketari buruzko formakuntza eskaini zuen. «Bizi-baldintza eskasak direla eta, jaioberrien eta haurren artean infekzio ugari daude, baita ume goiztiar asko ere, haurdunaldian amari egin beharreko kontrolak egiten ez zaizkiolako. Haurdunaldiaren jarraipen zehatzik ez egiteak baditu beste ondorio batzuk ere, hala nola, haur asko bizitzarekin bateraezinak diren malformazioekin eta sortzetiko kardiopatiekin jaiotzea».
Afganistanekoa bezain testuinguru zailean lana nolakoa den galdetuta, honako hau adierazi du: «Etsigarria da ume txikiak infekzio larriekin ikustea, oso higiene-baldintza eskasetan jaio direlako. Gehienak landa eremuetan bizi dira, eta asko kostatzen zaie ospitalera iristea eta maiz, ospitalera iristen direnerako, egoera oso larrian daude. Hainbeste urtetako gerren ondorioz, osasun azpiegitura asko suntsituta daude. Profesionalak ere falta dira, askok atzerrira ihes egin dutelako eta emakumeek ezin dutelako unibertsitatean ikasi».
«Oso ondo hartzen gaituzte bertakoek, bai pazienteek bai gurekin elkarlanean jarduten duten afganistandarrek. Guregatik izango ez balitz, ez lukete doako osasun arretarik jasotzeko aukera izango. Osasun azpiegitura nahikorik ez dagoenez, proiektu bat martxan jartzen dugunean, pazienteen fluxua altua izaten da eta ez da kudeatzeko erraza, batez ere baliabide urriengatik», gaineratu du.
Batzuetan lana etsigarria izan daitekeen arren, «egoera batzuetan inpaktua eragin dezakegu; batez ere, tokian tokiko lankideak prestatuz. Formakuntzak eta ezagutza partekatzeak potentzial handia dute, bizitzak salbatu ditzakete». Arlo pertsonalean, «formakuntza saioetan irakatsitakoa aplikatzen dutela ikusteak asko» betetzen du. «Emakumeei hezkuntza ukatzen zaien herrialde batean emakumeei prestakuntza emateak balio erantsia du», nabarmendu du.
Ahanztura
Egoera larria bada ere, Afganistanekoa ahanzturan erori den krisi horietakoa dela nabarmendu du Gilek. Herrialde gehienek talibanen gobernua aitortzen ez dutenez, arreta eskasa jartzen zaio bertako egoerari. «Ez genioke Afganistani begiratzeari utzi beharko, ezta une batez ere. Talibanak 2021eko abuztuan Kabulera iritsi zirenean, boom mediatiko bat izan zen, baina oso azkar ahaztu zaigu Afganistanetik ihes egin duten eta ihes egiten saiatzen ari diren pertsona horiek direla gure mugetara iristen direnak, eta Greziako uharteetako eremuetan pilatuta daudela. Pertsona horietako asko beren alabei etorkizun bat emateko atera dira herrialdetik, ezkondu eta seme-alabak izan ezean haiek ez baitute beste aukerarik Afganistanen. Ahalegina egin behar dugu afganistandarren zailtasunak ulertzeko eta, batez ere, pertsona horiek besoak zabalik hartzeko», nabarmendu du Gilek.
Iritzi berekoa da Perez. «Afganistan ahaztutako krisien zakuan erori da. Inork ez du hitz egiten emakumeen eta, oro har, herritarren egoeraz. Benetan gauza beldurgarriak gertatzen ari dira, eskubide urraketek emakumeei eta gizonei eragiten diete; familia osoari, esango nuke. Zenbat etxetan haurrak ezin dira eskolara joan, aitaren soldatarekin -emakumeei lan egitea debekatu ondoren sartzen den bakarra- ez delako iristen eta lanean hasi behar dutelako. Tristea da hainbeste sufritzen ari den populazio batez ahaztea. Min handia ematen dit munduak alde batera begiratzeak. Sufrimendu horren lekukoa izan naiz, eta horretaz hitz egitea nire lanaren parte bat ere bada».
Ez du uste gauzak aldatuko direnik, egungo testuinguruan «hainbeste krisialdi daude, ezen zaila baita horien guztien gainean egotea».
Perezek afganistandarren erresilientzia goraipatu du. «Azken berrogei urteetan ez dute atsedenik izan eta hala ere, aurrera egiteko kemena dute. Ez dute borrokarako eta beren formakuntza hobetzeko grina galtzen. Jarrera txalogarria iruditzen zait; balentria handia erakusten ari dira. Ikasi beharreko lezioa da».
TALIBANEN KANPO ARAZOETARAKO MINISTROA, DOHARA GONBIDATUA
Nazio Batuen Erakundeak oraindik ez du onartu talibanen gobernua, duela ia hiru urtetik Afganistan kontrolatzen duena, baina Amir Khan Muttaqi Kanpo Arazoetarako ministroa gonbidatu du Dohan (Qatar) ekainaren 30ean herrialdeari buruz egingo den konferentzian parte hartzera.
Rosemary DiCarlo Gai Politikoetarako idazkariorde nagusiak maiatzaren 18tik 21era Afganistanera egin zuen bidaian luzatu zien gonbidapena talibanei.
Dohako nazioarteko konferentziak hainbat herrialdek Afganistani buruz izendatu dituzten «mandatari bereziak» bilduko ditu. Afganistaneko diplomaziako burua gonbidatu dute bertara, NBEren hitzetan, «Afganistanekiko nazioarteko konpromisoa modu koherenteago, egituratuago eta koordinatuago batean hobetzeko».
DiCarlo Afganistaneko agintariekin giza eskubideei eta emakumearen egoerari buruz mintzatu zen. Narkotrafikoa eta behar humanitarioa ere hizpide izan zituen.
«Dohako konferentzia prestatzeko Afganistanera egindako bisita amaitu berri dut. Nazioarteko komunitatearen konpromisoaren seinale da. Afganistaneko herriaren alde egiten jarraitu nahi dut. Horren barruan, bizitza publikoan eta hezkuntzan emakumearen erabateko parte-hartzearen alde egingo dut», adierazi zuen.
Human Rigths Watch gobernuz kanpoko erakundeak emakumeen esklusioa salatu eta talibanak konferentziara gonbidatu izana gaitzetsi du. «Dohako hitzordua aukera bat da Afganistaneko emakumeei sustengua emateko. Giza eskubideen krisi larria ez da arinki hartu behar, eta talibanen erregimenaren legitimazioa eragin dezakeen edozer pauso ekidin behar da. Afganistaneko emakumeek argi utzi dute zer egin behar den. Nazioarteko komunitateak erantzukizunak eskatu behar dizkie talibanei, emakumeen eta nesken aurkako krimenak egiteagatik. Ez dituzte gonbidatu behar, adibidez, NBEk antolatutako bileretara. Giza eskubideen egoera hobetu dela egiaztatu arte, ez lirateke talibanei ezarritako zigorrak altxatu beharko. Talibanek ezarri duten beldurrezko erregimena normalizatzeko arriskua dugu», adierazi du, iritzi artikulu batean, Andrew Stroehleinek, HRWren Europarako Argitalpen eta Komunikabideetako zuzendariak.
«Neskei eta emakumeei bigarren hezkuntza eta goi mailako hezkuntza debekatzen dizkien munduko estatu bakarra da. Galdutako potentziala -artistak, medikuak, poetak, ingeniariak... - ezin da ordezkatu. Neska eta emakume ausart bakar batzuek talibanei aurre egiten diete eskola klandestinoetara joanez, baina argi dago horrek ezin dituela galera guztiak gainditu. Nazioartearen ahalegin handiagoa behar dugu», azpimarratu du Stroehleinek.