Xabier Mikel ERREKONDO

Monagillo

Hamar-hamaika urte izango genituen herriko apaizak errekrutatu gintuenean. Kuadrillako zortzi izan ginen herriko eliza nagusian laguntzaile hasi ginenak. Apaizentzat kontu serioa zen nerabeen lan pastoralean zerbitzua eta espiritualtasuna lantzea, baina gu inozo totalak ginen, eta eliza jolas eremu berri bihurtu zen.

Mezak laguntzen genituen, mahaia eta liburuak prestatu, binajerak ardotxoekin bete, limosna-poltsa pasatu, hiletan apaizaren aurretik egurrezko gurutze beltz luzea eskuetan gorpua eta jendea hilerrira gidatu eta abar. Dotore asko lagundu ere, sotana gorria eta liho fin zuriarekin eginiko atorra manga-zabala jantzita.

Meza-lanak begiak ireki zizkigun. Nola ez, etxeko pagaz gain, meza bakoitzeko hamar pezeta haiek lehen dirupekoa zirenean eta binajeretako ardoarekin lehen esperientzia alkoholduna izan genuenean. Harro esan genezake elizako sakristia izan zela gure lehendabiziko taberna.

Gogoan dut sakristiaren garbiketa sakona egiten ari ziren batean botilak nahastu eta mezatarako binajeran, ardo zuriaren ordez, agoarrasa jarri genuenekoa. Noski, ardo kontuetan gu baino jantziagoak ziren apaizak, baina, bedeinkatua izan arren, trago hark ez zion gorputzaldi onik utzi Benantxio gizagaixoari. Katalina serorak ere lanak izaten zituen gure atzetik…

Jolas hark urte pare bat iraun zuen, hain inozoak ez ginela… ez kristauak, bihurriagoak, ardozaleak, ostia-jaleak eta limosna-poltsan esku-sartu zaleak…

Bistan da apaizek ez zutela lortu monagilloak kristau bidean kateatzerik; aitzitik, jantziago atera ginen, eta ez preseski sotana gorriarekin…

Garai magiko hartan aitor-lekutik bekatuak aitortzera inoiz pasatu ez baginen ere, gaur egiazko aitortza egitera natorkizue: meza amaieran kanta ezagunak dioen bezala, “eskerrak… Jaungoikoari !”. •