Aholkularitza sektoreak egindako bideaz eta etorriko denaz hausnartu du Tolosan
Esna gauden orduen erdia baino gehiago lanpostuan igarotzen baditugu, argi dago lan munduan euskaraz jarduteko aukera izateak garrantzi handia duela gizartearen euskalduntze prozesuan. Horretan dabil aspalditik aholkularitza sektorea. Orain arte egindako lana eta etorkizuneko erronkak aztertu dituzte Tolosan.
Ekainaren 13an egin zen Tolosako Kultur Etxean “Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak” udako ikastaroa. Euskarak gaur egun lan munduan hartzen duen lekua abiapuntu hartuta, etorkizunean izan beharko lukeena irudikatu zuten eta horretarako jarraitu beharreko ildo nagusiak aztertu zituzten hainbat ikuspegi eta arlotatik.
Lege eta arauen arloa, sortzaileena, langile borrokari dagokiona... Hainbat eragilek hartu zuten hitza Tolosako ikastaroan, baina guk aholkularien lana eta egoera nabarmendu nahi izan ditugu zenbaki honetan, euren lana ez delako oso ezaguna eta beren ikuspegiak gutxitan hartzen duelako euskararen inguruko eztabaiden erdigunea.
Enpresa, administrazio zein erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen dituzte aholkularitza erakundeek, nahiz eta gaur egun zerbitzu horiek gero eta anitzagoak diren. Aitziber Salaberria (Elhuyar), Eider Iturricastillo (Artez), Txarles Ranero (Ahize) eta Elias Zumalde (Emun) izan ziren “Lan mundua euskalduntzeko egungo mekanismoak eta etorkizuneko erronkak” gaiaren inguruan hausnarketa egin zuten sektoreko lau ordezkariak.
bat-batekotik planifikaziora
Hitza hartzen lehena Aitziber Salaberria izan zen, eta sarrera moduan aholkularitza zerbitzuek azken hamarkadetan egindako bidea errepasatu zuen, lan munduak euskararen normalizazioan duen garrantzia azpimarratzearekin batera. «Egunak dituen orduei erreparatzen badiegu, esna gauden erdiak edo gehiago lanean ematen ditugu. Horrek erakusten du lanak zer pisu duen gure bizitzan. Horregatik, euskaraz bizi nahi badugu, lana euskaraz egiteko aukera izan behar dugu. Arlo estrategikoa da, beraz».
Salaberriak gogoratu zuenez, enpresen jarduna euskalduntzeko beharra ez da gauza berria. «Aspalditik datorren hausnarketa da, aspaldikoak dira arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko egindako saiakerak. Non hasi zen? Nola? Hau garai bateko borondate, indar eta gogoari esker hasi zen. Gehienetan, planifikaziorik gabe, hainbat lantegitan ikusi zenean horren beharra. Langileentzako euskalduntze eta alfabetatze eskolak lantegian bertan antolatzen hasi zirenean, sindikatuak lan hitzarmenetan euskararekin lotutako lehen puntuak sartzen hasi zirenean, errotulazioan eta paisaian euskara sartzen hasi zirenean... Gehiegi planifikatu gabe eta modu espontaneoan».
2020an, adibidez, ikerketa bat egin zuten «garai hartan euskara planak martxan jarri zituzten enpresek zer motibazio zituzten, zer diskurtso, zer baliotan oinarritzen ziren» ikusteko. «Ondorio mordoa atera genituen, baina bereziki aipatzekoa da orduan hizkuntza bakarra nagusitzen zela, gaztelania. Euskara maila informalean erabiltzen zen, ez zeukan prestigiorik. Gainera, plan horiek oso behetik gora aplikatu ziren. Langileen indar eta borondatetik abiatuta. Hor hasi ziren sortzen lehen euskara batzordeak, eta lidergoak oso garrantzitsuak izan ziren. Hainbat arduradunen papera oso garrantzitsua izan zen, batzorde horietan hartzen ziren erabakiak aplikatzerako orduan. Eta pisu handia izan zuen alfabetatzeak. Lantegietan ikastaro espezifikoak antolatzeari garrantzi handia eman zitzaion. Ia dena zegoen egiteko eta, horregatik, egiten zen gutxi hori ikusi egiten zen; hori oso motibagarria zen aurrera egiten jarraitzeko».
Harik eta, une batean, euskalduntze prozesu hori egituratzeko beharra ikusi zen arte. «Duela 30 bat urte espontaneotasun horri heldu eta gauzak modu planifikatuagoan egiten hasi ziren lantegietan. Gaur mahai honetan gaudenok hortik abiatu ginen. Metodologia sortu, planifikazioak egin, hizkuntzaren diagnostikoak egin... Horrela diseinatu ziren lehenengo euskara planak eta horiek garatzen hasi ginen. Ibilbide horretan hainbat aholkulari ibili gara lanean. Lantokietan ezinbestekoa izan da laguntza lana, eta urteekin metodologia fintzen joan gara, momentuko beharretara egokitzen, enpresek behar zutena ikasten, probatzen...».
Salaberriak aipatu zuenez, gainera, beraien lana euskaratik haratago doa gaur egun. «Enpresak egokitu diren heinean gu ere egokitu egin gara. Euskara planak konplexuagoak egin ahala gu ere moldatzen ari gara. Eta saiatu gara enpresei erreminta desberdinak eskaintzen eta beste ikuspegi batzuk txertatzen: berdintasunean, partaidetzan, justizia sozialean... Azkenean, enpresek martxan jartzen dituzten euskara planak eraldaketa prozesuak dira. Pertsonak daude erdigunean eta eraldaketa da helburua. Gaur egun prozesu oso sakonak direla esan dezakegu»
Maila instituzionalean ere hainbat erakunderekiko elkarlana garatzen joan dira. «Aholkularitza bakoitzak bere egiteko moduak ditu, bere proiektua, bere erronkak, bere lan ildoa... Baina 2010. urte inguruan Kontseiluko lan munduko sektoreko mahaia sortu zen. Hor elkartu ginen denok. Kontseiluko zuzendaritzan egoteaz gain, sektoreko lan mahai horretan batu ginen. Zertarako? Bageneukalako helburu bat: arlo sozioekonomikoan euskara sustatzea. Eta helburu horri jarraikiz hausnarketa egin, egoera nola zegoen aztertu, eta 2013an lan mundua euskalduntzeko konferentzia dokumentua sortu genuen. Hortik abiatuz, gaur egun mahai horretan jarraitzen dugu, hausnarketa egiteko, partekatzeko, administrazioarekin solaskidetza bateratu bat izateko, amets egiteko, eta elkarrekin egiteko dugun bidea garatzeko».
Onartu zuenez, bidea emankorra izan da, baina datozen erronkak ez dira makalak. «Guk baditugu enpresak gurekin aspalditik lanean ari direnak, duela urte asko euskara planak garatzen hasi zirenak, eta azken urte hauetan urrats oso garrantzitsuak egin dituztenak. Baina enpresak aldatzen doaz, eta erronka berriez gain, belaunaldi berriak datoz enpresetara, arduradun berriak. Horregatik izan zen garrantzitsua duela urte batzuetako motibazioak gogoratzea, enpresa askotan erronka nagusia atzerapausorik ez egitea delako. Orain arte egindakoarekin jarraitu eta sistematizatzea».
Egoera zenbakietan
Hurbilpen historiko hori egin ostean, Eider Iturricastillok aholkularitza erakundeek gaur egun egiten duten lanaren erradiografia bat aurkeztu zuen, eguneroko lan hori zenbaki eta estatistiketara eramanez. Aipatu zuenez, 1.700 unitate edo establezimendutara ailegatzen dira, 120 bat enpresatara, eta 60.000 langilerengan eragiten dute gaur egun lanean dabiltzan 54 aholkulariek.
«Tamainari begiratzen badiogu, enpresa txikiak dira gehienak. Krisiak lan baldintzen prekarizazioa ekarri du, eta hizkuntza planen lehentasunik eza. Belaunaldi berriek bestelako atxikimendua dute hizkuntzekin. Hizkuntza planak martxan jartzeko baliabideak behar direnez, bideragarriagoa izaten da enpresa handientzat», azaldu zuen Artez-eko kideak.
Dirulaguntzei dagokienez, egoera oso desberdina da lurraldearen arabera. «Ipar Euskal Herrian ez dago inolako sustapen neurririk. Nafarroan laguntzak egon izan dira tarteka, baina modu oso sinbolikoan. EAE mailakoak dira laguntza gehienak. Aldez aurretik neurri solte batzuk hartu ziren arren, 2006an jarri zen martxan egungo eredua. Urtero 160 bat enpresak jasotzen dute laguntzaren bat», jakinarazi zuen Iturricastillok.
Gipuzkoako enpresak dira gehienak, %60 inguru, «eta joera hori denboran mantendu egiten da»; Bizkaikoak %33 dira eta %7, Arabakoak. Eskualdeka Bilbo, Donostialde eta Deba bailarakoak dira enpresa gehienak. Enpresa sektoreei begiratuta, apenas dagoen lehen sektoreko enpresarik. «2008ra arte industria arloa zen nagusi, baina beheranzko joera erakutsi du, eta gaur egun heren bat da sektore industrialekoa eta bi heren inguru, zerbitzuen sektorekoa. Asko kooperatibak dira edo administrazioarekin loturaren bat daukatenak. Alde horretatik espektroa zabaldu beharra dago», aipatu zuen.
Ziurtagiriei begiratuz gero, Iturricastillok gogoratu zuen Bai Euskarari ziurtagiria 2000 urtean jarri zela martxan Hegoaldean eta 2001ean zabaldu zela Ipar Euskal Herrira. «Erreferentea da eta zazpi lurraldeetan daukagu. Gaur egun 1.272 ziurtagiri ditugu eta prozesuan parte hartzen dutenak gehiago dira. Ondoren sortu zen Bikain, 2008. urtean, Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin, eta hor 491 entitate daude».
Eta kopuru hutsetatik haratago, enpresei hizkuntzen kudeaketaren garrantzia ikusaraztea izaten omen da gaur egun arazo nagusietako bat. «Beharra sentitzen ez duten enpresak motibatzea ere garrantzitsua da. Sustapen lana handia izanda ere kosta egiten da enpresek behar hori sentitzea. Sarritan entzuten ditugun erantzunak dira hauek: ‘ingelesez funtzionatzen dugu’, ‘denok dakigu gaztelania eta ez dugu euskararen beharrik’... Horrelakoak ohikoa dira eta horri ere buelta bat eman behar diogu. Derrigortasunik ez dago eta horrek zaildu egiten du edozein aurrerapauso egitea», aurreratu zuen gero sakonduko zen ideia.
Nora heldu nahi dugu?
Eta egungo egoera kezkagarriaren bestaldean, Txarles Ranerok etorkizuneko paisaia ideala marraztu zuen. Kontseiluarekin eta Bai Euskararekin batera egindako «etorkizunera begiratzeko ariketa baikor baten» emaitza. Politegia, agian, sinesgarria izateko, baina baliagarria izan daitekeen ariketa, jarraitu beharreko norabidea ongi zehazteko.
«Hogeita hamar urte barruko ikuspegi positibo bat, amets bat, irudikatzeko ariketa egin genuen. Etorkizuneko errealitate hori jasotzen ahalegindu ginen hainbat arlo eta faktore kontuan hartuta: lege edo araugintza neurriak, hezkuntza arlokoak, demografiak izango lukeen pisua eta ekarriko duen errealitate berri hori... Sektorearen egoera zein izango litzatekeen, baita zer gobernantza eredu beharko genukeen ere», azaldu zuen.
Ametsetako egoera ideal horretan ezagutzaren unibertsalizazioa lortuta egongo litzateke, euskarak prestigioa izango luke, etorkinentzat euskalduntze plan pertsonalizatuak egingo lirateke, eta enpresetako arduradun berriak euskaldunak izango lirateke. Euskararekiko atxikimendu zabala legoke, eta sustapena bultzatuko litzateke lan munduan. Hezkuntzan soziolinguistikak dagokion lekua hartuko luke, eta ikasketa denak euskaraz lirateke. Lantokietan ere aldeko diskurtsoa legoke, araudi bidezko betekizunak leudeke, hizkuntza klausulak ezarrita, hobari fiskalekin, eta jarraipen zorrotza egingo litzaieke. Gainera, harrera planak leudeke eta sustapena egingo litzateke. Aholkularitza sektorea ahaldunduta legoke, egonkortuta, aholkulari belaunaldi berria legoke, euskara planen kopurua eta horiek aurrera eramateko baliabideak hirukoiztu egingo lirateke...
Zerrenda nahi beste luzatu daiteke, baina aipatutakoa nahikoa da konturatzeko errealitate ideal horretatik zein urrun gauden une honetan. «Amets horrek erakusten digu etorkizuna erronkaz beteta dagoela, eta era berean aukera handiak ere eskaintzen dituela. Bistakoa da aurkeztu dugun argazki horrek bide labur eta bide luzeko eginkizunak planteatzen dituela. Jauzi kualitatibo eta kuantitatibo nabarmena egin beharko dugu eta, tamainako apustu politiko sendoarekin batera, eragileen arteko artikulazioa josten joan beharko dugu. Gu elkarlanerako prest gaude, eta beharrezkoak izango diren aldaketak egiteko prest. Norabidea argi dugu, eta beraz, aldeko haizea beharko dugu orain. Seneka filosofo zaharrak esaten zuen bezala, ‘aldeko haizea beti lagun, nora joan dakienarentzat’», itxi zuen Txarles Ranerok bere hitzartzea.
Estrategia berriak
Egungo egoeratik ametsetako errealitate horretara heltzeko bidea zein izan daitekeen aztertzea Elias Zumalderi egokitu zitzaion. Argi dago ez dela egun batetik besterako kontua izango, ezta eragile batek bere kabuz lor dezakeena ere, baina bidean aurrera egiteko garrantzitsuak izango diren zenbait gako aipatu zituen Emun-eko ordezkariak.
Lehen kolpean dozena erdi zerrendatu zituen: orain arte egindako bidean sakontzea -«metodologietan eta abarretan asko egin dugu, esperientzia eta praktika bat metatu dugu, eta horri bide eman behar diogu»-; estrategia berriak lantzea -«orain arte egindakoarekin lortu dugu lortu duguna, zerbait aldatu beharko dugu beste emaitza batzuk lortu nahi baditugu»-; aholkularitza ahalduntzea -«uste dugu gure lana oso garrantzitsua izango dela amets egin dugun horretara iritsi behar badugu»; eragileen arteko saretzea -«ikuspegi sistemiko batekin egin behar da lan eta saretze horrek oinarriak jarri behar ditu»-; baliabideak handitzea -«baliabide asko behar dira eta horiek jarri egin behar dira duintasunez eta sendo lan egiteko»-, eta sustapena areagotzea -«euskara planak sustatu behar dira enpresetan eta ezin da borondatean oinarritu soilik».
Azken puntu horretan gehixeago luzatu zen Elias Zumalde: «Uste dugu beste urrats batzuk egin behar direla. Eta urrats egite horietan, zergatik ez begiratu genero berdintasunean egiten denari? Horrek ekarri du enpresa askok genero planak egitea. Gero eztabaida egongo da horrek zer emaitza duen edo ez duen, baina gutxienez, aukera bat zabaldu da hori lantzeko, eta enpresa guztiek daukate konpromiso bat bete beharra. Iruditzen zaigu hori ere beharrezkoa dela».
Bestalde, hizkuntza kudeaketari enpresa munduan merezi duen garrantzia eman behar zaiola defendatu zuen. «Hizkuntza kudeatu beharraz konturatu behar dira enpresak. Onurak dakarzkiela. Hizkuntza kudeatzeak onura ekonomikoak ere badituela. Enpresaren dinamikarako baliagarria eta onuragarria dela. Eskubide diskurtsoa badaukagu, hori ere indartu behar dugu, baina uste dugu diskurtsoa lehiakortasunarekin eta kalitatearekin ere lotu behar dela».
Eta aurten egin duten ‘Gehi’ izeneko ikerketaren emaitzak jarri zituen adibidetzat. «Abiapuntuan aholkularion intuizio bat zegoen eta hori egiaztatu nahi izan dugu. Intuizio hori da euskara planek, euskara arloan ez ezik, beste arlo askotan ere laguntzen dietela enpresei. Ekarpena egiten dietela. Horretarako lau enpresa hartu ditugu eta bertako pertsonekin prozesu bat garatu dugu. Enpresa horiek urte luzez euskara planak izan dituzte, eta ondorioetara iritsi garenean gure intuizioak bete egiten direla ikusi dugu. Esan digute aldagai askotan egin dutela hobera. Zehazki 14 aldagaitan eragin dute euskara planek. Nagusiki, langileen parte-hartzean -aktibatu egiten duelako-, elkarlanean, langileen ongizate edo gogobetetzean, kolektibotasun edo ludikotasunean, eta gizarte erantzukizunean. Euskara garatzeak baditu beste onura batzuk».
Arduradunen inplikazioa
Zentzu horretan, bada garaia talentuaren eta euskararen arteko kontrakotasun diskurtsoarekin amaitzeko, askotan justu kontrakoa gertatzen delako. «Badirudi talentua erakartzeko euskara kalte dela, diskurtso hori zabaldu samar dago. Ikerketa honetan ikusi da euskara aldeko faktore bat izan daitekeela talentua erakartzeko. Pertsonek euskaraz lan egin nahi izatea, pertsona horien gogobetetzea ekarriko luke eta egonkortzea ere bai».
Hori dena gauzatzeko, enpresetako arduradunen inplikazioa ezinbestekoa da. Elias Zumaldek bi gako aipatu zituen arlo horretan. Batetik, hezkuntzan oinarrizko ezagutza soziolinguistiko bat txertatzea. «Gaur egun enpresetara etortzen diren zuzendari, kudeatzaile eta abarrek ia ez dute oinarri soziolinguistikorik. Ez dakite zergatik gertatzen den hizkuntza baten galera, ez dakite zer egin behar den hori berreskuratzeko. Hor badago garatu beharreko elementu inportante bat». Eta bestetik, euskara planetan enpresako atal guztietako jendea inplikatzea. «Ez izatea euskara koordinatzailearen edo euskara batzordearen egiteko soila, dinamika osatuagoa izatea».
Sustapenaren ideian sakonduz, «borondatearen eta betebeharraren artean oreka bat» bilatzearen alde agertu zen Zumalde. «Hizkuntza klausulak ezarri behar dira, uste dugu administrazioak sustatzaile izatera pasatu behar duela bere osotasunean, eta aztertu behar da ia genero planetan erabiltzen den logika hizkuntza planetan ere aplikatu daitekeen. Dirulaguntza sistema bakarra eta hurbila behar da. Zergak, pizgarriak... Eta beste gakoetako bat enpresa haztegiak zaintzea izango da. Euskal Herrian egunero sortzen dira hainbat enpresa eta horra begiratu behar dugu, sortzen diren une horretan eragiteko».
Azkenik, hori dena modu ordenatuan egiteko, «itun sozioekonomikoaren beharra» nabarmendu zuen adituak, «ikuspegi bateratua izatea, argia eta adostua, sekulako aurrerapausoa izango litzatekeelako».