Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ANALISIA }

«Like» ematetik botoa ematera

Ez daukate esperientzia eta programa politikorik, ez zuten botoa ematen. Badituzte, baina, milioika jarraitzaile sare sozialetan. Berriki Europako Parlamentura iritsi dira. Pronostikoen aurka, politika eza marka politikoa eginda.

Nina Skočak, makillajearen eta vintage arroparen zale porrokatua den Kroaziako influencerra, Gen Z alderdiko hautagaia
Nina Skočak, makillajearen eta vintage arroparen zale porrokatua den Kroaziako influencerra, Gen Z alderdiko hautagaia (FACEBOOK)

Oraintsu arte, influencerrak aktore apolitikoak zirela pentsatzen zen. Erosteko erabakietan eta marken inguruko jarreretan zeukaten eraginagatik, marketin mailan garrantzia zutela aitortzen zen, baina politika mailan ez hainbesterainokoa, edo ia hutsaren hurrengoa.

Gauzak aldatu egin dira, asko, oso azkar. Sare sozialetako influencerrek gai politikoak lantzen dituzte orain, ia gai guztien inguruan iritzia dute, hauteskundeetara aurkezten dira, eta, kasu batzuetan, emaitza ikusgarriak lortzen dituzte. Orain arte, influencerren eraginak ez du interes akademiko handirik piztu, baina Europako azken hauteskundeez geroztik, errotik aldatu da hori.

Antiglobalismoa globalizatzen dute, modernismoaren kontrako diskurtso modernoak osatzen dituzte, beren xelebrekeria eta ateraldiengatik ezagunak dira. Alderdi eta egitura politikorik gabeko outsiderrak dira, eta, kasu gehienetan, kanpaina osoa sareetan bakarrik egiten dute. Ezaguna zen eskuin muturreko alderdiek “bot” edo “trol” armadak antolatzen dituztela sareetan, beren hauteskunde estrategiaren erdigunean daudela, beraien metrikak hobetu eta mezuak anplifikatzeko.

Baina oraingoa ez da berdina, influencer horiek ez baitute espazio politiko bera ere okupatzen. Badaude eskuin muturrekoak, oso-oso eskuin muturrekoak ere bai, eta badaude apolitikoak, politika eza marka politiko bihurtu dutenak. Fauna bitxia, bai horixe!

Geratzeko etorriak

Influencer horiek, beren milaka jarraitzaileekin, iritzi publiko eta diskurtso politikoaren konfigurazioan ezinbesteko bilakatu dira. Hedabide dira, eduki politikoen sortzaile. Eta berriz ere definitu dituzte komunikazio politikorako bide tradizionalak, publizitate politiko eta komunikabide konbentzionalen mugetatik askoz harago joanez.

Jadanik hauteskunde kanpainen ezinbesteko parte egin dira; alderdi batekoek eta bestekoek kontratatzen dituzte, AEBetan, milioika dolarretako soldatekin. Edo, Europako Parlamenturako azken hauteskundeetan bezala, beraiek egiten dute zerrenda propioa aurkezteko pausoa, beren kabuz. Ez dira jada komentarista edo ikusle soilak; parte-hartzaile aktiboak dira, haien babesak edo kritikak kanpainaren mezuak anplifikatu ditzakete, boto-emaileak modu harrigarrian mobilizatzeraino. Gazteekin aritzen dira bereziki, ongi ezagutzen dute teknologia digitala, eta gazteen sentimenduak eta lehentasunak aprobetxatzeko abantaila handiak dauzkate. Edonondik begiratuta ere, geratzeko etorri den fenomenoa da, bai.

Influencerrak ez dira ekintzaileak, oraingoz. Kontuan hartu behar da, bestalde, historian ez dela “Z Belaunaldia” (1990eko hamarkadaren erdi eta amaieran eta 2000ko hamarkadaren bukaera artean jaiotakoak) -edo hizkera arruntean, zoomerrak-, baino hain online bizi izan den beste belaunaldirik ezagutu. Eta, gustatu ala ez, badituzte komunikabide tradizionaletan azaltzen ez diren ikuspuntu politiko erradikalak. Gazte horiek badituzte beren erreferente propioak, beren gustuko influencerrak, online espazioetan diskurtso politikoa definitzen dutenak. Eta joera orokor batek ere eragina du: atomizazio sozialak eta prekaritate ekonomikoak gero eta gazte gehiago bultzatzen dituzte sareetara erantzunen bila.

Probokazioa, emozioa

Beste egiaztapen bat egin daiteke hemen, eta galdetzekoak dira atzean egon daitezkeen arrazoiak: zergatik daukate sare sozialetan arrakasta handiagoa eskuin muturreko alderdiek? Zergatik banatzen dira errazago eduki arrazista eta antidemokratikoak? Gazteek ba al daukate sare sozialen edukiak kritikoki sailkatzeko tresnarik? Izan ere, sare sozialak dira gazteen informazio iturri nagusiak. Europan 12-20 urte artean %33k YouTube erabiltzen du, %30ek TikTok eta %29k, Instagram. Azken hauteskunde kanpainan gazte horien %84k sare sozialak erabili ditu informazioa jasotzeko.

Gakoetako bat argitalpen ultrek erabiltzen dituzten teknikak izan daiteke. Jakina baita probokazioak eta emozionalizazioak atentzioa handitzen dutela, berri faltsuak eta eduki toxikoak azkarrago hedatzen direla, gehiagotan konpartitzen eta komentatzen direla. Eta, azkenean, algoritmoak eduki aipagarri bezala sailkatzen ditu.

Fidias Panayiotou youtuber zipretarra, agenda politikorik gabekoa, sekula botoa eman ez duen ordezkari hautatua. «Youtuberra izaten ikasi nuen bezala ikasiko dut europarlamentaria izaten». (FACEBOOK)

Ondorioz, argitalpen horiek sarriagotan erakusten eta banatzen dira. Sare sozialetako klip labur batean, edo meme batean, denbora itzela baitago testuingurua eta azalpenak transmititzeko. Erabiltzaileena da erabakia, segundo gutxiko kontua, ikusten jarraitu edo beste kontu batera joatea. Argitalpen ultra horiek erretolika mailako bitartekoak erabiltzen dituzte polarizatzeko eta emozioetara deitzeko.

Edukiei dagokienez, etsaiaren irudiak sortu behar dira atentzioa bereganatzeko, eta nor bere burua “herriaren benetako defendatzaile” bezala aurkezteko -ez gobernu partikular hau edo hori bezala, egiatan “herriaren etsaiak” baitira horiek-. Gai konplexuak asko laburtu eta distortsionatzen dira, izan migrazioa edo klima. Gazteentzat oso beharrezkoa den arren, ez dago edukiak sailkatu, kontraesanak antzeman eta iritzi bat osatzeko informaziorik, ezta gai politikoekiko aurretikako jakintzarik ere. Desinformazioa da nagusi.

Milioika jarraitzaile

Sare sozialek iraultza ekarri dute komunikazio politikora. Urtetan komunikabide tradizionalek esparru hori menderatu duten arren, gaur egun inoiz baino mezu politiko gehiago pasatzen dira influencer gazteen bitartez. Pertsonalitate digital horiek TikTok eta Instagram bezalako plataformak erabiltzen dituzte iritzietan eta hauteskundeetan eragina izateko, klik soil batekin audientzia itzeletara iritsiz.

Hauteskunde kanpainetako estrategek gero eta sarriagotan kontratatzen dituzte, haien eduki babestuak zabaltzeko, oinarriak mobilizatu eta atxikimendua bultzatzeko. Joera handitzen doa, influencerrak inoizko botere politiko handiena lortzen ari direlako, aurkarien inguruko informazio maltzurra zabalduz, propaganda merkea eta narratiba arriskutsuak elikatuz eta milioika jarraitzaile sintonia berean jarriz.

Ez daukate esperientzia politikorik. Kasu batzuetan, ez dute sekula botoa eman. Ez dute programa politikorik. Ezta inongo alderditan afiliaziorik ere. Ez dute zertan babesle indartsurik eduki. Baina badauzkate ehunka mila, milioika, jarraitzaile YouTuben edo TikToken.

Eta horietako batzuek eserlekua irabazi berri dute Europako Parlamentuan. Kanpaina ezinezkoekin, pronostiko guztien aurka, jendeak ulertzen ez dituen alderdi tradizionalen hitz hutsalen aurrean beren hitz hutsal propioak kontrajarriz.

Sekulako fauna

Eta herrialde gehienetan, ia Europa osoan, funtzionatu du fenomenoak. Hauteskundeetako emaitzek beldur pixka bat, edo handia, ematen dute: eskuin muturreko berrogei alderdik Europako Parlamentuko lau eserlekuetatik bat hartu dute. Hain zuzen ere, 192 parlamentarirekin, ganberako 720 eserlekuen %26,6 lortu dituzte. Broma gutxi.

Europako 19 estutan hobetu dituzte emaitzak eta soilik Irlandak eta Maltak ez dute europarlamentari ultrarik aukeratu. Baina Europako Alderdi Popularraren garaipenaz edo ultraeskuindarren igoeraz harago, sekulako fauna politikoa izango da aurrerantzean Bruselan. Errepasatu ditzagun horietako batzuk, ideia bat osatzeko egokia delakoan.

Fauna, ez datorkit bestelako hitzik gogora europarlamentari horiek izendatzeko; ez baitira influencer, youtuber hutsak -denak sare sozialetan oso aktiboak dira-. Adibidez, Italiako armadako jeneral ohia, misogino erabatekoa; moto gidari profesionala izandakoa, gaur egungo motorzaleen klub bateko buru faxista; Poloniako Konfederazioa koalizio ultrakontserbadoreko kide antisemita entzutetsua, eta abar.

Roberto Vannacci, LGBTQ+ komunitatearen kontrako liburua argitaratu berri duena, sare sozialetan etorkinen eta feministen aurkako purrustekin famatu egin dena. (FACEBOOK)

Roberto Vannacci da jenerala, LGBTQ+ komunitatearen kontrako liburua argitaratu berri duena, sare sozialetan etorkinen eta feministen aurkako purrustekin famatu egin dena. Bere hitzek haserrea piztu dute han eta hemen, baina eskuin muturreko liderrak, Matteo Salvinik, ez du zalantzarik izan Vannacci fitxatzeko, zerrendetan izar gisa aurkezteko. Beltzak italiarrak izan ote daitezkeen zalantza egiten du, eta botoa eskatzeko, "gorrotatzeko eskubidea" erabili du argudio gisa.

Txekiar errepublikan Filip Turek ageri zaigu, karreretako motor gidari profesionala izandakoa, hiperaktiboa sareetan, politika klimatikoen aurrean motorzaleen eskubideak defendatzeko zerrenda baten buru aurkeztu dena. Hirugarren geratu da hauteskundeetan, Europa errotik eskuinerantz aldatzera deituz, eta hainbat post-etan agur nazia eginez.

Eta Polonian Grzegorz Braun dugu, Konfederazioa koalizio ultrakontserbadorekoa. Abenduan munduan famatu egin zen juduen ospakizun baterako piztuta zeuden kandelak amatatu baitzituen su-itzalgailu batez. Abenduan bertan, zabor poltsak jaurti zituen Europar Batasuneko eta Ukrainako banderekin argitua zegoen gabonetako zuhaitz batera, eta hori guztia «normaltasuna» berriz ezartzeko helburuarekin egin zuela azaldu zuen.

«Bukele espainola»

Har dezagun Zipreko Fidias Panayiotou, adibidez, Elon Musk besarkatzeagatik famatu egin zena: 2,7 milioi jarraitzaile ditu YouTuben, eta bere emaitza ikusgarriekin hankaz gora jarri du herrialdeko alderdien kultura.

Youtuberra izaten ikasi zuen bezala europarlamentaria izaten ikasiko duela hitzemanda, politika eza aukera politiko bihurtuta, mesedeak banatuz indartu diren alderdi boteretsuak desafiatuz, herrialdeko kultura politikoarekiko herritaren desengainua agerian utziz, formalki trajez eta gorbataz janzten diren politikarien aurrean praka motzetan eta niki batez oholtzara igota, sekulako marka egin du. Normalean abstentziora edo eskuin muturrera joan zitezkeen adin guztietako boto-emaileen ia %20 lortu du, eta gainerako alderdiak gaizki zer joan den galdezka utzi ditu, zeinen ardura den hausnartzen, nor bere ardurak ekiditen.

Edo “Bukele espainiarra” bezala proiektatu den Luis Alvise Perez eta Se Acabó la Fiesta zerrendak lortu dituen 800.000 botoak. Telegram-etik (milioi erdi jarraitzaile ditu) eta Instagrametik (milioitik gora) Bruselara jauzi egin du Sevillako influencer ultrak, programa politikorik gabe, Europako kartzela handiena eraikiko duela edo bortxazko lan derrigortua berriz ezarriko duela hitzemanez.

Feministek «gizonak azpiratu» nahi dituztela dio, kazetariak «zaborra eta mertzenario» hutsak direla, Pedro Sanchez maleta-lekuan sartuta erbestera bidaliko duela, edo zuzenean kartzelara -ez bada iradokizun esplizituagoa: sikarioa kontratatzea presidentea akabatzeko-. Alvise Perezentzat «Espainia festa bat delako pedofilo, bortxatzaile eta ustelentzat». Eta lotsagabe, parlamentariei dagokien immunitatea probetxu propiorako erabiliko duela adierazi du, oraingoak baino astakeria handiagoak botatzeko, ohiko epaitegiek ezin izango dutelako epaitu.

Luis Alvise Perez, sare sozialetan ehunka mila jarraitzaile dituen ultra espainiarra; Se Acabó la Fiesta (SALF) alderdiarekin hiru europarlamentari lortu berri ditu. (EUROPA PRESS)

Estilo horrekin lortu du arrakasta: konfrontazioaz eta pertsonaia publikoak motzean lotuz, markatuz. Etekin politikoak ematen dizkio, "antisistema" bezala posizionatzen du bere burua, "ezkerraren ziberazote" eta outsider bezala, bizi osoan Rosa Diez edo Toni Canto bezalakoen zerbitzura liberatuta ibili den arren.

Sare sozialak politikarako tranpolin bihurtu ditu, pandemia garaian konspirazio teoriekin famatu egin zen, PSOEren Madrilgo Ferraz kaleko egoitzaren aurrean antolatutako protestetan nabarmendu da, euskaldun eta katalanen aurka egurra eskatu izan du... Nola da posible sare sozialetatik horrelako munstroak gizentzea?

Ez da anekdota

Sare sozialak, oso bereziki Telegram, ezinbestekoak dira, nor bere burua "alternatibotzat" hartuta, narratiba faltsuak eraikitzeko. Sare sozialetan erradikalizatzen dira gaur egun gazteak, beren mugikorrei begira, ez hainbeste militantzian, edo futbol zelaietan, edo dena delakoan. Gainera, ez dirudi fanatizazio faxista modan dagoela esatea ausartegia dela, blaitu egiten du-eta, errealitatea aldatu nahi duten gazte askorentzat erakargarria da.

Sare sozialetan mikrokosmos propioa sortu eta zenbatzea oso zaila egiten den komunitate bat trinkotzen dute. Eta edukiak zigorgabe eta etengabe sortuz, komunikabide tradizionalen aurkako "gurutzada" partikular batean engaiatuta daudela proiektatzen dute.

Dudarik gabe, fenomeno hauen gorakada alderdi politiko tradizionalen gainbeherarekin lotua dago, Europako azken hauteskundeetan nola edo hala eutsi dioten arren: beren praktika klientelarren erruz eta berritze etiko bati ekiteko ezgaitasunagatik, higadura geldiezina sufritzen ari dira.

Finean, Alvise bezalako jendilajea ate handitik sartu da politikara, eta ez da anekdota hutsa. Haustura suposatzen du, baita Vox bezalako eskuin muturreko alderdiekin ere Nola? Eskuin mutur "tradizionalak" baino ekintza eta diskurtso erradikalagoak zabalduz, gazteekin are gehiago konektatuz. Apustu horrek zein irismen du? Oraingoz, ezezaguna. Etorkizunaz egin daitekeen aurreikuspen zuzen bakarra da harritu egingo gaituela. Ez da izango uste dugun bezalakoa. Aldaketa azkartu egin da eta aldakortasunak gobernatzen ditu gure bizitzak. Aitortu behar dugulako duela bi hilabete inork ez zuela espero Alvise bezalako pertsonaia batek lortu dituen emaitzak lortzea.

Ez da anekdota. Emaria handitzen ari zaion lur azpiko korrontea da, indartsua, eta Europa 1945etik gobernatu duten bi blokeak -demokristauak eta sozialdemokratak- arrastatu ditzake. Ustez politikaren forma apurtzaile eta potentzialki ustelgarriarekin bat egiteko soilik sare sozialak piztu behar direlako.