Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Interview
PAKO ARISTI
Kazetaria eta idazlea

«Onak ona berehala errekonozitzen du. Uztapidek eta Xalbadorrek bazuten elkarri zer ikasi»

«Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi» liburua ondu du Pako Aristik, Zestoako eta Urepeleko udalen bultzadaz. Adiskidetasun eder baten kronika da. Xabier Amurizaren hitzaurrea jantzita datorren lana bertso garai oso baten kronika ere bada, ñabardura ederrez zorroztua.

(Argazkiak: Gorka RUBIO | FOKU)

Zestoa eta Urepele senidetuta daude. Tartean, 146 kilometro, bi estatuk derrigortutako muga bat eta bi bertsolari sonatuk itzali gabe utzitako oihartzuna.

Manuel Olaizola ‘Uztapide’ Zestoako Endoia auzoan jaio zen 1909ko maiatzaren 10ean. Fernando Aire ‘Xalbador’ Urepelen sortu zen 1920ko ekainaren 19an. Bien artean 30 urteko laguntasun eder bat izan zen eta bertsolaritzaren historian bakoitzak lorratz oso propioa utzi du. Bertsogintzaren historiako pasarte sonatuenean ere biak izan ziren protagonista; 1967ko txistualdi krudel hartan, Uztapide eta Xalbador zeuden oholtzan, lau mila pertsonaren orroaldi haren parean, zutik eta isilik.

Zestoa eta Urepeleren arteko lokarriari begira, adiskidetasun eder bat topatu duzu.

Zestoako alkateak proposatuta, Uztapide eta Xalbadorren inguruko literatura ikertzen hasi nintzen, ia zer topatzen nuen. Hasi nintzen eta begi aurrean agertu zitzaidan bi pertsonaren arteko laguntasun handi bat. Pistak agertzen hasi zitzaizkidan, non ezagutu zuten elkar, zer esan zioten, bertso sorta ederrak dituzte elkarri eskainiak… Azkenean 16-17 liburu ikertu ditut laguntasun horren bila. Han eta hemen testigantza mordoa agertu zait, baita bertso mordoa ere. Liburu honetan hiru kontakizun mota daude: nire kontakizuna, beraiek prosa liburuetan jasota dauzkaten testuak -oso adierazgarriak eta ederrak- eta, hirugarrenik, bertsoak. Bertsoen antologia horretan ikusten da nola doazen hobetzen eta garatzen bertsolari bezala.

Haurtzaro desberdina dute, baina amarekiko eta ama hizkuntzarekiko maitasun antzekoa daukate.

Baserria dute jaiotetxe biek, eta biek eskaintzen dizkiote bertsoak beren jaiotetxeari. Nekazari, laborari, ingurune batean sortuak dira, baserrian, mendian. Baserriko bizitza nolakoa zen, denbora nola pasatzen zen, neguak nolakoak ziren -Uztapidek esaten du zortzi eguneko elurtea egiten zuela noiznahi eta hori tristea izaten zela- kontatzen zuten. Gurasoengandik eta aitona-amonengandik hitz egiteko dohaina jaso zuten, denak elkarrekin bizi baitziren baserrian. Eta hor hasi zen bakoitza bertsoarekiko lilura jasotzen. Uztapidek kontatzen du nola zortzi bat urte zituenean aitak bertsopaperak ekartzen zituen etxera eta liluratuta egoten zen. Xalbadorrek kontatzen du bere aita kantorea zela elizan eta han entzuten zituela kantak. Gustatu egiten zitzaizkion eta pentsatzen hasi zen; kanta hauek nondik datoz? Nork egin ditu? Nola? Hasieran pentsatzen zuen Jainkoak bidalita espiritu bat etortzen zela eta pum sortzen zela kanta. Gero deskubritzen joan zen mekanika bat zegoela, bertsoak egiten zituztenak zeudela, ‘zirtolariak’ deitzen zien. Bakoitzak bere bidetik deskubritu zuen bertsolaritza.

Ingurune desberdina zuten. Uztapidek bertsolari gehiago zituen inguruan.

Bai, bai, Azpeitian bertsolariak zeuden, inguruan baziren. Xalbador, alde horretatik, bakartiago zegoen. Xalbadorrek lagun bat zuen, mundu gerran desertore izan zena. Etorri zen Hernanira eta Txirrita eta horiek ezagutu zituen, haien bertso asko entzun zituen eta Iparraldera bueltatu zenean, Xalbadorri kantatzen zizkion. Xalbadorrek bertso mordoa entzun zuen, entzun zuen gipuzkeraz kantatzen, bazekien beste mintzaira batean kantatzen zutela eta elikatzen joan zen pixkanaka.

Hizkuntzarekin lotura berezia zuten biek, baina erdarak desberdin bizi zituzten.

Xalbador eskolan hasi zen eta han bazuten maisu bat, euskara debekatu eta frantsesa inposatzen ziena. Xalbador, haurraren mentalitate horretan, konturatu zen ‘honek ez du nahi guk daukagun hizkuntza hau mantendu eta gorde eta beste bat ikastea. Honek nahi du guk gurea baztertu dezagun, ahaztu, eta berea sartu guri. Nik hori ez dut onartuko’. Xalbadorrek bi fideltasun garbi zituen, oso garrantzitsuak: bata, amarekiko fideltasuna eta, bestea, amak erakutsi zion hizkuntzari zion fideltasuna. Ez dio uko egin nahi amarengandik jaso duen hizkuntza horri eta hamaika urte zituela eskolatik alde egin zuen, mendira. Maisua etxera joan zen gurasoei gertatutakoa kontatzera, ahalegina egin zuten maisuak eta gurasoek eskolara buelta zedin, eta berak ezetz, ez zela gehiago joango. Paradoxa da Urepeleko eskolan hil zela, bertan eman ziolako bihotzekoak bere omenaldiaren egunean bertan. Eskolatik alde egin zuen hamaika urte zituela eta berrogeitaka urte geroago bueltatu zen eskola hartara. Eta bertan hil zen.

Uztapideren jarrera, berriz, garai hartan hemen zegoena zen; erdara ikasi behar zela, espainola ikastea ona zela eta Arabara joan zen lehengusu batzuen etxera, urtebetez, hizkuntza ikastera. Zeozer ikasi zuen. Kasu horretan ez da espainola ikasi eta euskara ahaztu behar duela, inork ez dio esaten euskara abandonatzeko. Bi hizkuntzak hartu zituen.

1936. urtea klabea izan zen. Uztapidek bigarren egin zuen Euskal Herriko Txapelketan. Eta Xalbadorrek lehen aldiz abestu zuen jendaurrean. Bai Uztapidek bai Xalbadorrek 16 urterekin kantatu zuten lehen aldiz jendaurrean.

Xalbadorrek esaten zuen bera askotan jarduten zela bere kasa, mendian eta ardiei kantatuz. Une batean, 1936an, Urepelen herriko jaiak zirela, ostatu batean bertsotan ari zirela entzun zuen. Iruditu zitzaion kaskar ari zirela eta leihotik barrura bertso bat kantatu zien. Barrukoak haserre, umemoko bat zelako, atzetik segika hasi zitzaizkion.

Uztapidek aurretik hori egina zuen Zestoan parranda batean, lagunekin zegoela ausartu eta soltatu zen. Txapelketa Nagusia 1935ean izan zen lehen aldiz eta ‘Basarri’ izeneko batek irabazi zuen, 22 urte zituela. Errezildarra zen, baina Zarautzen bizi zen. Uztapide Basarriren tabernara joan zen, hari galdetzera txapelketa joan beharko zukeen edo ez. Basarrik esan zion ez zuela bertsotan entzun, baina entzuna zuela bertsolari ona zela eta txapelketara joan beharko zukeela. Basarrik animatu egin zuen, eta Uztapide aurkeztu egin zen 36an txapelketara. Aurreko urtean Basarrik irabazi zuenez, legea zen aurreko txapeldunak epaimahaiko egon behar zuela. Basarri ez zegoen kantari.

Txirritak irabazi zuen txapela eta Uztapide bigarren geratu zen. Epaimahaiko kide bat joan omen zitzaion Uztapideri esanez, berez, berak irabazi behar zuela txapela, baina Txirrita zaharra zela eta hari ematea erabaki zutela. Uste dugu Basarri izan zela hori esan ziona. Uztapidek hori kontatzen du “Lengo egunak gogoan” liburuan. Eta hortik sortu zen 90 urte iraun duen gezurra, gero beste leku askotan errepikatu baita. Lortu ditugu epaimahaikoen puntuazioak eta han ikusten da Txirritak irabazi zuela eta Uztapide bigarren geratu zela. Hori da gertatu zena.

Uztapide bigarren geratu zen eta sekulako ezustekoa izan zen. Berak ez zekien zein maila zuen, ez zen asko probatu bertsolari onekin eta, teorian, Euskal Herriko txapelketan zeuden onenak. Orduan sinetsi zuen bide bat egin zezakeela bertsolaritzan.

Pako Aristi, elkarrizketarako Zestoan ateratako argazkian (Gorka RUBIO / FOKU)

1939an Xalbadorri desgrazia bikoitza etorri zitzaion.

Mundu Gerra piztu zen Frantzian eta aita hil zitzaion. Baserrian lan gehiago egiten hasi behar izan zuen, eta horrek bere bertso ibilbidea atzeratu egin zuen pixka bat. Gerra bukatu arte ez zuen kantatu bertsorik jendaurrean.

Gerrak markatu zuen Uztapideren bizitza ere.

Gerrak parte hartzen duten guztien bizitza markatzen du. Uztapide derrigorrez eraman zuten Francoren alde, gerra hasi eta bi urtera. Liburuan esaten du une batean ‘pentsatu nituen hainbat gauza, baina joatea erabaki nuen’. Segur aski pentsatu zuen desertatzea ere, baina ez zuen egin, urtebetez aritu zen gerran. Bueltatu eta hasi ziren bertsotarako dei batzuk. Oso modu prekarioan hasi ziren. Uztapidek berak esaten du gerratik bueltan oso motel zegoela, bertsotarako gogorik gabe. Bertsoak eskatzen du alaitasuna, herriaren aurrean aritzeak eskatzen du umore puntu bat. Eta hemen gerra amaitu berritan ez zen umorerik. Sekulako miseria utzi zuen gerrak eta giro horretan bertsotan kantatzen hastea, Uztapidek berak esaten duenez, asko kostatzen zen.

Gerra ondorengo garaia. Giro desberdina zegoen Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian.

Iparraldean, poliki bazen ere, bertsoa loratzen hasi zen pertsona bati esker: Teodoro Hernandorena. Liburuan esaten dudanez, bertsolariak dira izarrak, baina antolatzaileak ere oso garrantzitsuak izan ziren eta omenaldia egin nahi izan diet liburuan. Hernandorena, gerragatik, deserriratua zen Ipar Euskal Herrian eta han hasi zen bertsolari bila. Galdezka hasi zen eta zortzi-bederatzi agertu ziren -tartean, Xalbador eta Mattin- eta lehen jaialdia antolatu zuen 1946an. Gerra bukatu eta segituan, ondorengo urtean, lehen jaialdia antolatu zuen Donibane Lohizunen. Saio hartan ezagutu zuten elkar Xalbadorrek eta Mattinek. Gero bi horiek Zarautzera etorri ziren, Hegoaldean ere pixkanaka bertso saioak antolatzen hasi zirelako, eta urte hartan ezagutu zuten Uztapide. Basarri urte batzuetan zigortuta egon zen gerra ondoren, bortxazko lanak egiten aritu zen, errepideak eraikitzen. Libratu zutenean itzuli zen eta Uztapide eta Basarri hasi ziren, batez ere, plazan. Eta Iparraldean, Xalbador eta Mattin. 1946an laurak elkartu ziren Zarautzen saio batean eta elkar ezagutu zuten Uztapidek eta Xalbadorrek.

Mattin-Xalbador eta Uztapide-Basarri izan ziren bertso bikote. Xalbador eta Uztapide ez, nahiz eta askotan kantatu zuten elkarrekin.

Bai. Beren bertsoetan ikusten da elkarri estimu eta maitasun handia ziotela eta nik uste dut garaiko onenak zirela biak. Ezaugarri desberdinak zituzten. Uztapide lurreko pertsona bat zen; praktikoa, esan dezagun. Mahai inguruko bertsolari bat zen eta bere gizartea nolakoa zen oso ondo ezagutzen zuen. Bazekien nola kantatu oso ondo ezagutzen zuen gizarte horri.

Xalbador gehiago zen filosofoa eta esteta. Abstraktuagoa zen. Gizon gogorra zen, baina oso sentikorra, era berean, eta estetikari garrantzi handiagoa ematen zion.

Oso desberdinak izanik, elkar osatzen zuten eta nola biak ziren onenak -nahiz eta ez zuten esango-, bazekiten elkarri zer ikasia bazeukatela. Uztapide berehala konturatu zen Xalbador bertsolari ona zela. Onak ona berehala errekonozitzen du eta harengandik ikasten saiatzen da. Uztapide oso segurua zen, bertsolari diesela, egoten zekiena, jendearen aurrean egonarri bat zuena. Hori jaso zuen Xalbadorrek. Uztapidek Xalbadorri, berriz, alderdi emozionala jaso zion. Oso gizarte takarra zen, tabernetan gizonezkoen mundua zen nagusi, Hegoaldean emakumeak ez ziren tabernetan ibiltzen, etxean zeuden. Gizonen artean harremanak zakarrak ziren eta Uztapide samurtu egin zen Xalbadorrekin harremana izan zuelako. Emozioari ateak ireki zizkion.

Emakumeak aipatu dituzu. Bada saio sonatu bat, Zaldibian, 1970ean. Elkarte batean zeuden Xalbador eta Uztapide, emakumeak lehen aldiz sartu ziren egunean. Sekulako duelua izan zen.

48 bertsoko maratoia, gelditu gabe. Saio hori antologikoa da, guregana iritsi direnen artean garbien uzten duena Xalbadorrek lortu zuela Uztapideren maila eta irabazi egin ziola. Uztapidek oso rol tradizionala hartu zuen, ‘emakumeari ez zaio indar gehiegi eman behar’ eta bide horretatik. Xalbador, aldiz, beste toki batean, mezu aurrerakoia emanez eta garai hartarako feminista. Goia hartu zion Uztapideri. Saio hori bikaina da. Emakumeen gaiak kezkatzen zuen Xalbador. ‘Odolaren mintzoa’ lanean jasota utzi duenez, «nik eskatzen dut geldi dadila behin betikotz hautsia/ emaztekia gizonetarik berexten duen hesia».

Oholtzan elkarrekin momentu sonatuena 1967ko ekainean bizi izan zuten, txistualdi krudel haren egunean. Liburuan ertz desberdinetatik jaso duzu.

Bai, lekukotasun ugari daude eta denen artean ikuspegi poliedrikoa lortzen duzu. Jende artean ba omen ziren bi pertsona, zutik jarri, buelta eman eta jendeari isiltzeko agintzen, lau mila lehoiren orroa baretu nahian. Uztapidek bere liburuan idatzita utzi zuenez, Joakin Zubiria izan zen bakea jartzen saiatu zirenetako bat.

Bestea, bigarrena, euskal kulturan pertsona aski ezaguna zena: Xabier Lete. Maitea zuen Xalbador. Hura hil eta hurrengo urtean konposatu zuen ‘Urepeleko artzaina’ kanta, gerora hain sonatu egin dena.

Txistu jotze hura astakeria hutsa izan zen. Batzuek diote bost minutu baino gehiago izan zirela eta beste batzuek, zazpi baino gehiago. Txistuak epaimahaiko kideentzat ziren, baina Xalbador eta Uztapide zeuden oholtzan, agurra kantatzeko zain. Kieto geratu ziren han, elkarren ondoan.

Zazpi urtetan lau txapelketa izan ziren: 1960an, 1962an, 1965ean eta 1967an. Lauretara aurkeztu ziren biak. Xalbador lehenengoan laugarren izan zen; bigarrenean, hirugarren; hirugarrenean, hirugarren eta, laugarrenean, finalean sartu zen. Progresio bat ikusten da. Eta finalera iritsi zen irabazteko aukerarekin.

Jendeak, garapen hori txalotu beharrean, txistu jo zion. Xalbadorren nortasuna hain irmoa ez balitz izan, zapuztu egingo zen, kantatu ezinik geratuko zen agian. Xalbadorrek aurre egin zion eta sekulako saioa egin zuen. Astakeria izan zen, eta Xalbadorrek bere bertsoarekin sentiarazi zion jendeari zer nolako astakeria egin zuten. Orduan denak txalo jotzen hasi ziren. Irudiak badaude, eta ikusten da entzuleren bat negarrez, damututa.

Bertsoa sublimea izan zen, eta tentsio horretan, denak txistuka ari ziren bitartean, bertso hori osatu zuen buruan. Hori da bertsolaria izatea.

Uztapide, berriz, ez zen bere mailan egon. Agur estandar bat kantatu zuen, egoerari aipamenik egin gabe. Ez dakigu txistualdi horrek zein efektu egin zuen bere barruan. Baina une horretan ez zuen bere laguna defendatu.

Zer dago txistualdi horren atzean?

Batetik, hizkuntzaren auzia dago. Jendeak esaten zuen ez ziotela ulertzen Xalbadorri. Xabier Amurizak berak bere liburuan aitortzen du kosta egiten zitzaiola Xalbadorri ulertzea, beti hitz bat edo beste lerratzen zela bere bertsoetan ulertzen ez zuena. Eta bertsoa osorik ulertu gabe zaila da bere grazia eta kalitatea jasotzea. Jendeak ere ez zion erabat ulertzen.

Bestetik, gipuzkoazentrismoa ere bazegoen. Lazkao Txiki nahi zuten finalean. Oso maitea zuten, maitagarria zen, eta laido bat bezala hartu zuten Iparraldeko tipo bat, ‘bertso arraroak’ kantatzen zituena, finalean jartzea. Han zeuden gipuzkoarren itxikeriaren ondorio izan zen txistualdia.

Euskara batuaren inguruko eztabaida ere hor zehar zebilen. Artean ez zegoen euskara batua eta jendeari iruditzen zitzaion euskararik onena norberarena zela.

Xalbadorrek bazekien gipuzkeraz kantatzen, baina nahita baxenafarrera ekartzen zuen, bere amaren hizkuntza. Gipuzkeraz askotan egiten zuen, baina tarteka hitzen bat ekartzen zuen. Adibidez, bertso famatu horretan, «zuek ezpazerate kontentu errua ez daukat, ez, nik» kantatu zuen. Baina goizeko bertso batzuetan «hobena» hitza erabili zuen eta ez errua. Baina bertso horretan ulertu ziezaioten nahi zuen eta horregatik erabili zuen ‘errua’. Horrek demostratzen du Xalbadorrek bazekiela gipuzkeraz kantatzen, baina nahita erabiltzen zuela baxenafarrera, horrekin entzuleei exijitzen ari zitzaielako ahalegina egiteko. Esango balu bezala ‘nik egiten dut saiakera zuen mintzaira egiteko, saiatu zuek ere pixka bat nire mintzaira ulertzen’. Bere hautuan, hori esaten ari da. Eta herri baten aldarrikapena egiten ari da; herri bat bagara, anai-arrebak bagara, elkarri ulertu beharko genioke, eginahal bat eginda.

Uztapide eta Xalbador, 1967ko finalean (Paco MARI | KUTXATEKA)

Uztapidek irabazi zuen. Amurizak -orduan epaimahaian zegoen- esaten du beldurra eman ziela txapela Xalbadorri emateak.

Hala esaten du Amurizak, iskanbila hura eta gero ez zirela ausartu, nahiz eta konturatu ziren saio hobea egin zuela Xalbadorrek. Uztapidek berak agurrean esaten du ‘harrituta’ dagoela txapela lortu duelako hirugarrenez. Uztapide azkarra zen eta nik uste dut bera ere konturatu zela Xalbadorrek saio hobea egin zuela.

Bihotzekoak mututu zituen biak. Uztapide bertsotan egin ezinik geratu zen bihotzeko baten ondorioz, 1972an. Xalbador bihotzekoak jota hil zen, bere omenaldiaren egunean bertan, 1976an.

Biei bihotzekoak eman zien oholtza gainean. Uztapideri, Donostian, jaialdi batean. Grabatuta dago. Kantatu ezinik geratu zen. Atzera joan eta eseri egin zen. Minutu batzuk eman zituen isilik, lepoko zaina gorri-gorri zuela eta ezpainak, more-more. Gero, minutu batzuren ondoren, pasatu zitzaiola eta ondo zegoela esan zuen, eta han atzean egon zen jaialdiak iraun bitartean. Behin amaitutakoan, Joxe Lizasok medikuarenera eraman zuen eta segituan esan zioten bihotzekoa izan zuela eta sekulako eskapada egin zuela. Probak egin eta gaitza detektatu zioten bihotzean. Ez zuen gehiago kantatu, mutu geratu zen. Berak kontatu zuen ondoren berriz hitz egiten ikasi behar izan zuela, hitz egin ezinik egon zen hilabete batzuetan. Hori da bertsolari ororen terrorea, izua; jendaurrean kantatu ezina.

Xalbador bere omenaldi egunean hil zen, 1976ko azaroaren 7an. Goizean meza izan zen eta gero liburua aurkeztu zuen, “Odolaren mintzoa”. Jende ezagun asko zen. Bazkaria egin zuten frontoian eta bertan zegoen oholtzara igo ziren ondoren 15-16 bertsolari, tartean Xalbador. Bertsolari denek kantatu behar zuten eta amaieran, Xalbadorrek. Zazpi ume zeuden loreekin, Euskal Herriko herrialde bakoitzeko bat. Ume horien aurrean kantatu behar zuen Xalbadorrek agurra.

Saioa aurrera zihoala, Xalbadorrek Lazkao Txikiri esan zion hotza zuela, ez zegoela ondo. Oholtzatik jaitsi eta atzeko partean lurrera erori zen. Handik jaso eta eskolara sartu zuten, hamaika urterekin abandonatu zuen eskola hartara. Mediku bat gerturatu zen, bere emaztea deitu zuten… ordubete inguru eman zuten. Jaialdiaren amaieran “Gernikako arbola”abesten ari ziren, ohitura zen horrela amaitzea. Une horretan bertan eman zuen Xalbadorrek bere azken arnasa.

Liburuan zehar agertzen dira zenbait zantzu, Xalbadorrek bere heriotza hurbilaren susmoa balu bezala.

Bertso askotan esana zuen mundu hau laster utzi beharko ote zuen. Berak sentitzen zuen bere heriotza ez zegoela urrun eta bertso saioak uztekotan zen. Etxean esana zuen. Omenaldiaren harira bi datu daude. Emazteak esan zion zapata berriak erosi beharko zituztela eta berak ia zertarako, behin bakarrik janzteko? Eta, bestetik, bi egun lehenago testamentua egin zuen. Hil baino bi egun lehenago paper batean zirriborratu zuen bere testamentua eta etxean gordeta utzi zuen, aldizkari baten barruan. Hiltzen ari zela, bere emazte Leoniri esan zion non zeukan testamentua gordeta.

 

LEONI ETXEBARRENEN BERTSO SORTA

Xalbador 1943an ezkondu zen Leoni Etxebarrenekin. «Bertsolariei buruz hitz egitean, beren emazteak ez dira existitzen, ez dira inon agertzen. Eta ez zen erraza bertsolari baten emaztea izatea. Beti kanpoan ibiltzen ziren, lo ere kanpoan. Uztapidek esaten du uda batean 18 egun egin zituela segidan etxetik kanpo. Udan horrelako martxa ibiltzen zuten. Eta emaztea etxean, seme-alabak hazten».

Leoni Etxebarrenen berri iritsi da egunotaraino, bertso sorta bat jarri zuelako. Xalbador “Odolaren mintzoa” idazten ari zenean oso kontzentratuta egoten zen etxean eta ez zitzaion gustatzen inor bisitan etortzea. Aita Zabalak Leoni xaxatu zuen, ia bertso sorta bat jarriko ote zuen. Bertan kontatzen du Xalbador nola ari den liburua idazten. Zortzi bertso horietan kontatzen du Xalbadorren sortze prozesua.

Joan omen ziren Aranalde eta Aita Zabala Leonirengana, agindutako bertso sorta horren bila. Leonik esan zien buruan zituela berak bertsoak, ez paperean jasoak. Grabatuko zituztela orduan. Eta Leonik ezetz, lotsa ematen ziola haien aurrean bertsoak kantatzen hasteak. Magnetofoia grabatzen jarri sukaldean eta Aranalde eta Aita Zabala etxetik kanpo atera ziren, Leonik bitartean bertsoak lasai kanta zitzan.

40 urtez galdua egon da grabazioa, baina azaldu da, eta “Odolaren mintzoa”-ren bosgarren edizioan sartu dituzte Leoniren bertsoak.