Pandak Txinaren diplomaziaren tresna dira: Washingtonera itzuliko dira laster
Txinaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harremanen ikurretako bat panda hartza da: Washington hiriburuan, esaterako, Smithsonian zoologikoko animaliarik ezagunena izan da ia mende erdiz. Iaz, baina, Beijingek hartzak erretiratzea erabaki zuen. Orain, berriz ere itzuliko direla iragarri dute.
Washington hiriko sinbolo ezagunenetako bat hiriko zoologikoko panda hartzak izan dira mende erdiz. Etxe Zuriarekin, Kapitolioarekin edo National Mall-eko monumentuekin eta museoekin batera egon dira turistek bisitatu beharrekoen zerrendan. Haurrekin datozenentzat, batez ere, ezinbestean joan beharreko lekua da zooa -ondoren helduen interesgune izan litezkeen leku historiko eta kulturaletara joatea negoziatzeko besterik ez bada-. Txoko ederra izateaz gain, bisita doakoa da, Smithsonian erakundearen gainerako lekuetan bezala.
Rock Creek parkearen barruan dagoen zooan mundu osoko animaliak ikus badaitezke ere, panda hartzek izan dute txokorik bereziena. Banbu artean eserita, kanpoan aire librean zein barruko pasabide batetik joanda ikusi dituzte bisitariek ile zuri eta beltzeko animaliak bost hamarkadatan, eta haiei buruzko argibideak ere ikasi ahal izan dituzte.
Iaz, baina, Beijingek etxera bueltatuko zituela iragarri zuen. Smithsonian zooan ez da hartz zuri-beltzik orduz geroztik. Izan ere, Txinarekiko diplomaziaren barruan sartzen dira pandak ere. Orain, urtea amaitu aurretik hartzak Washingtonera berriz itzuliko direla iragarri berri dute, AEBetako hiriburuko herritarren gozagarri. Zooak panda hartzentzat eraikita duen egitura berezia hutsik dago iaztik, eta hala egongo da aurten ere zenbait hilabetez, washingtondarren etsipenerako. Esan bezala, ordea, azken egunotan tristura ilusio bihurtu da: urtea amaitzerako, Bao Li eta Qing Bao bi urteko hartzak AEBetako hiriburuan egongo direla baieztatu dute Txinako Gobernuak eta Smithsonian erakundeak berak.
Panda hartzek 51 urte egin zituzten Washingtoneko Connecticut Avenue eta Rock Creek Park-en hedatzen den Smithsonian Institutuaren zoologikoan. Milioika washingtondar eta turistek bisitatu izan dituzte panda hartzak 1972an lehen aldiz AEBetako hiriburura iritsi zirenetik, Washingtoneko sinbolo bihurtzeraino.
Maoren opari
Richard Nixon AEBetako presidenteak bisita historikoa egin zuen Txinan 1972ko otsailean. Sobietar Batasunaren eta Txinaren arteko zatiketa gertatu berri zen, eta Gerra Hotzaren eta Vietnamgo gerraren testuinguruan, berebiziko garrantzia zeukan Washingtonentzat Beijingekiko lotura sakontzeak. Mende laurdenez AEBek ez baitzuten harremanik izan kontinenteko Txinarekin: Taiwan zen txinatar erreferentzia Washingtonentzat, eta hark izan zuen NBEtako aulkia 1971ra arte.
Nixonen bisitaren amaieran Shanghaiko komunikatua atera zuten bi herrialdeetako gobernuek; 1949tik bi gobernuen arteko lehen harreman diplomatiko ofiziala izan zen hura, eta AEBek Txina Bakarraren politika onartu zuten. Horren arabera, AEBek aitortu zuten «Taiwaneko itsasarteko bi aldeetako txinatarrak» herri bakarra zirela eta Taiwan Txinako zati zela. Zazpi urte behar izan ziren oraindik ere erabateko harreman diplomatikoak lortu arte, baina abiapuntua bisita hura izan zen.
3
Maila diplomatikoan izandako akordioen eta lorpenen artean («mundua aldatu duen astea izan da hau», esan zuen Nixonek), ez zen hain nabarmena izan Mao Zedong Txinako lehendakariak Nixoni bi panda hartz eman izana. “Oparia” Washingtonera ekarri zuten, eta hiriko zooan amaitu zuten bi animaliek. Hartzak berehala bihurtu ziren hiriko sinbolo kuttun, eta Smithsonian zoologikoaren erabateko protagonista izan dira ordutik. Sarreran bertan zoologikoa irudikatzen duen logoak panda hartza gogorarazten duen irudi bat ageri du.
Txinako Gobernuak, Maoren erregaluak Ameriketako Estatu Batuetan izan zuen arrakasta ikusita, keinua errepikatzea erabaki zuen; hau da, berriz ere egitea, AEBekin zein beste herrialde batzuekin. Nixonentzako “erregaluarekin” alderatuta, hala ere, pandak “opari” eman beharrean, mailegutzan uztea hobetsi zuen Txinak. Ameriketako Estatu Batuetako gainerako hirietan eta munduko beste zenbait herrialdetan ere jokatu zuten horrela. Hala, Beijingek beste gobernu batekin egiten dituen akordioetan zehaztuta dago animalien jabetza Txinarena dela, baita hartzek kumerik balute ere, eta horrekin batera zehazten da zenbat ordaindu behar duen zoologiko bakoitzak.
«Pandaren diplomazia»
Hogei herrialdek baino gehiagok dituzte Txinako panda hartzak gaur egun. Azken “opariak” Errusiako eta Qatarreko agintarientzat izan ziren. Beste herrialde batzuetako mailegua, berriz, amaitzear da; Eskozian edo Australiako Adelaida hirian, esaterako. Txinak berak aitortu du panda hartzak «beharrizan politiko eta diplomatiko» handietarako erabiltzen dituela.
Herrialde batekin harremanak hobetzeko edo haren barruan daukan eragina handitzeko Beijingek hartzen duen neurrietako bat da hartz zuri-beltzen ingurukoa. Egungo testuinguruetara egokitzeko, “pandaren diplomazia” horri ofizialki “kontserbazio eta ikerkuntza programa” deitu ohi zaio. «Helburua da arriskuan diren espezieak hobeto babestea eta biodibertsitatearen kontserbazioa era globalean sustatzea», Txinako Atzerri Ministerioaren arabera.
Behinola hamabost panda hartz egon ziren AEBetako zoologikoetan. Azken urteotan, baina, Txinaren eta AEBen arteko harremanak gaiztotu egin dira, bai arlo komertzialean, bai militarrean, Taiwanekiko jarrera dela-eta. Berez, ez Beijingek ez Washingtonek ez zuten argudio hori aipatu Mei Xiang, Tian Tian eta Xiao Qi Ji, Washingtonen zeuden hiru hartzak, Txinara itzuli zirenean iazko udazkenean. Memphis, San Diego, Atlanta eta beste zoologiko batzuetako hartzekin ere beste horrenbeste gertatu zen, oro har hainbesteko oihartzunik izan ez zuten arren. 2024 hasterako, bi herrialdeen arteko laguntasun sinbolo zen animaliarik ez zen geratzen Ameriketako Estatu Batuetan.
Bi herrialdeen arteko lehia komertziala aurtengo hauteskunde presidentzialetako gaietako bat izango da, eta Joe Bidenek maiatz erdialdean iragarri zuen Txinako hainbat produkturen zergak igoko zituela, hala nola zenbait bateriarentzat eta txipentzat eta auto elektrikoentzat ezartzen direnak. Era berean, Txina Bakarraren politika Beijingen zutabe nagusietakoa izan arren, eta teorian AEBak ere harekin bat etorri arren ikuspegi legaletik, Washington da Taiwanen independentziaren berme nagusia eremu militarrean. Taiwanek AEBetako hiriburuan daukan bulegoak ofizialki ‘enbaxada’ izena ez badu ere, funtzio horiek betetzen dituen etxebizitza Washingtoneko goialdean dago, Wisconsin Avenuen. Handik gertu zoologikoa dago. Oraingoz, panda hartzen txokoa hutsik dago, udazkenean betetzeko zain.