Asier AIESTARAN

Okerreko habeak jartzen

Etxegintzan master bat egiten ari naiz azken urteotan. Gure auzo zaharreko pabiloi abandonatuak eraitsi eta etxebizitza berriak egiten ari dira jo eta su. Zarata eta zikinkeria jasanezinak dira, baina askotan tontotuta geratzen naiz leihotik begira: eraikuntza zaharrak birrintzen, hondeamakinak lurra mugitzen, habeak lurrean sartzen, garabi erraldoiak muntatzen, solairuak zerura igotzen...

Makinetara joaten zait begia gehienetan, baina horiek lan egingo badute langileak beharko dira, eta langileen jardunari begira ere harrapatzen dut askotan nire burua. Badira goizeko zazpietarako bertan bueltaka dabiltzanak, gaueko bederatziak jota lanean ikusi izan ditugu beste batzuk. Uda garaian, bero handiena egiten duen egunetan, gure etxe azpiko itzalgunean etzanda topatu izan ditut askotan, “bazkaltzen” edo. Portugaldar kuadrilla egun batean, pakistandar itxurakoak bestean...

Eraikuntza lanak behin amaituta, sari banaketa hasten da, edo zigor eskaera. Ahal duenak, edo ahal duela uste duenak, etxebizitza “librea” erosiko du. Eta babestutako etxebizitzen zozketa ere egingo da. Ez dut datu zehatzik, baina nire inguruan “saria” tokatu zaien gehienek 40 urtetik gora dituzte, lan finko samarra, seme-alaba bat edo beste... Etxe berria bultzada polita izango da beraientzat, baina ez dut uste bizitza gehiegi aldatuko zaienik. Eta, are kezkagarriagoa dena, ez dut uste prozesu horrek guztiak etxebizitzaren arazoa ezertan aldatuko/hobetuko duenik.

Eta gogoetan nabilela, ezagun baten kasua kontatu didate. Erdialdeko amerikar emakumea, ahal bezala zaintza lanetan dabilena paperak lortu bitartean, konpartitutako pisu batean sofan lo egiteagatik hilabetean 250 euro ordaintzen zituena, eta pozez zoratzen hartu duena zaintzaile egoiliarra izateko eskaintza bat, bertan lo egiteko aukera duelako.

Etxepeko portugaldarrekin oroitu naiz, pakistandarrekin, lan bila dabilen 20 urteko gaztearekin... •