Itzea URKIZU ARSUAGA

Gehiegi

Dantza ero bat egin nahi du eguraldiak gurekin azkenaldian. Gustura nengoke, gutxienez, zortzikoaren metrikari eutsiko balio -hiru eguzki, bi euri edo, tira, hiru euri, bi eguzki-, baina, ezta hori ere. Biko konpasa, egunero: tan-ta tan-ta, tan-ta tan-ta… Zutabegintzaren logikan, anakronia hutsa da uztailean ekain amaierako zortzikoarekin gogoratzea; festa ondorengo nostalgia gehiegi luzatzea. Baina, gehiegi zer ote den...

Uda hasieran aterkipetik begirada ezin altxatu ibili behar izateak, atmosfera anakroniko honek, dantzan jarri baitu etxe askotako armairu-antolaketa. Erretiratzekoak zirenak kalejiran pilatu zaizkigu egun beroenetan eskura izan beharreko jantziekin. Ez dugu astirik hartu guraso eredugarrienek apalak izan beharko lituzketen moduan atontzeko. Igerilekuko motxila hor nonbait zegoen eta, kasualitatez, baina salbatu digu arratsalde sargoria.

Amorrazio absurdo honen aurrean etsi, eta erabaki dut fandango bat dantzatzea zeruak goizero dakarrenarekin; dendara jo dut semeari “u” hizkiz hasten diren urtaro guztien arteko nahasketa honetarako neurrikoak erostera.

Aurretiaz ezagutzen nituen lokala eta espazioaren banaketa: eskuinean zakildunak, ezkerrean aludunak. «Begiratu egingo dut» esan, eta balsean jardun dut dendako hormekin: orain alde batera, orain bestera. Bi aldeetan ditudalako gustuko gauzak, bai, baina baita neure buruari ariketa hori berariaz ezartzen diodalako ere: koloreak kolore eta sailkapenak sailkapen, estetikoki polita eta funtzionalki erosoa iruditzen zaidan hura aukeratzea gure haurrentzat. Nire dantzari-logikari zortziko zurruna berez ateratzen bazaio ere, gorputza behartzea konpas irregularretara.

Dena bikain zihoan, harik eta dendariak azken erredoblea jo duen arte: “Leggin horiek mutil batentzat ez dira gehiegi?”. Gehiegi, zer? Erosoegi? Moreegi? Femeninoegi? Homosexualegi? Trans-edo-orain-modan-dauden-eta-babesten-ditudan-baina-aldi-berean-liseritu-ezin-ditudan-identitate-horietako-bat-izateko-arriskutsuegi? Gehiegi zer ote den… •