JUL. 13 2024 IKUSMIRA Betetzea lortzen ez den bake akordioa (Sebastián BARROS | EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eskatu dio 2016an Habanan FARC-EP gerrillarekin sinatutako bake akordioaren inplementazioaren epea luzatzeko. Lurraren erreforma, parte hartze politikoa, biktimen erreparazioa, legez kanpoko drogen auzirako soluzioak, gatazka armatuaren amaiera eta inplementazioa bera jasotzen zituen Juan Manuel Santosen Gobernuak eta gerrillak orduan sinatu zuten akordio mamitsuak. Hura betetzeko hamabost urteko epea ezarri zen. Orain, Petrok epe hori «bost edo zortzi» urtez luzatzea eskatu du. Izan ere, aurreko gobernuak, uribismoaren eskutan, ezer gutxi aurreratu zuen borondate politiko ezagatik. Horrez gain, Petroren Gobernuak aitortu duenez, «inplementazioa eragotzi duten egiturazko oztopoak» daude. Habanako akordioaren inplementazioa presidentearen «Bake osoa» estrategiaren barruan dago. Gaur egun ELN gerrillarekin negoziatzen ari dira, Segunda Marquetalia-rekin elkarrizketak hasi dituzte, eta EMCrekin hasitakoak izoztuta daude.