Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria
3 BEGIRADA:

Historiarik gabeko baskoiak berriz ere

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI
Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Zer behar genuen gure herriko jaietan eta, jaiak inolaz ere politizatzerik nahi ez dutenak agintean egonik, hara non Gasteizko Udala gidatzen duten PSEtarrek Terrorismoaren Biktimen Memorialari Urrezko Domina emango dioten abuztuaren 5ean. Sanferminetan ikurrina ateratzeak giroa politizatzen duela esan eta Espainiaren finala ikusteko pantaila erraldoiak exijitzen dituztenen logika bera dute. Hau da, euskaldunoi haiek esaten digute zein bandera zabaldu eta zein selekzio maitatu. Baita gure iraganaz zer pentsatu behar dugun ere.

Iritzi-emaile batek -zeinaren eskuin muturreko artikuluak irakurtzeko ohitura dudan, zoritxarrez; algoritmo madarikatua- Iruñeko txupinazoan bandera zabaldu zutenei “boronos de la ikurriña” esan berri die. Behin eta berriro gauza bera, zibilizatuak eta barbaroak, kaletarrak eta baserritarrak. Euskalduntasunaren eta barbarotasunaren klixea zaharra da oso. Erromatarren garaian kontatzen zuten Calagurriseko baskoiek hildakoen gorpuak jan zituztela Pompeioren tropen setioari aurre egiteko. Hura bai jendilajea, eta ez konkistatu nahi zituen Pompeio gizajoa, ziurrenik familiei bulego-lana egiten zuela kontatzen zien langile publikoa. Litekeena da baskoitegira ere apuntatu izana Pompeio, Irulegin agertu den hizkuntza horren C1a lortzeko, eta horregatik, eskertuta, tokikoek hiriburuari haren izena eman izana.

Bromak broma, aste bikaina pasatu dut baskoien garaiari buruz irakurtzen, liburu bikainak idatzi baitzituzten Jokin Lanz Beteluk 2020an eta Mikel Pozo Floresek 2022an. Lehena biziki erabilgarria da erromatarrak iritsi ziren garaiko eta ondorengo mendeetako tokiko biztanleen arteko harremanak, bertakoen eta erromatarren artekoak eta mota orotako gatazkak eta aliantzak ulertzeko. Baita erromanizazioa eta komunitate ezberdinen parte hartze politikoa nola gauzatu zen ulertzeko ere eta konturatzeko nola joan zen hori aldatzen germaniarrak iritsi zirenean.

Bigarrenak irauli egiten du IV-VIII. mendeei buruz duela gutxira arte nagusitu den ikuspegia. Xehetasunez aztertzen ditu baskoiei buruzko aipuak, haien idazketan estereotipoak nola sortu eta hedatu ziren. Hori guztia arkeologiaren ekarpenekin lotzen du, gainera, garaiaren kontakizun arriskatu bezain interesgarria eskainiz.

Gertatu dena da frankoen eta bisigodoen erresumei loturiko intelektualek baskoien inguruan idatzi zutenak ia-ia gaur arte erabat baldintzatu dituela historialariak. Baina menditar basati haien estereotipoaren atzean, historia bereziki konplexua, anitza eta ñabarduraz betea dagoela erakutsi digute azken urteetan. Terrorismoaren Biktimen Memorialarekin, berriro ere gauza bera gertatuko zaigun beldur naiz, euskaldun biolento, zibilizatu gabeko, barbaro eta isolatuen ideia inposatuko ote diguten berriz ere, gure historia konplexua eta beste eremu batzuekin harreman sakona duena egitea eragotziz. Ez dutelako historia egiteko inongo asmorik, berriz ere klixeak eta morala barra-barra. Ea Espainiak galtzen duen behinik behin (baina ez esan gure lagun irlandarrei, otoi). •