Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Orotaz iritzia izateko presio horren kumea faltsukeria da

Iritzia ematearen, edo idaztearen, demontreaz jardun nahi dut gaur. Modu batean ala bestean, horretan dihardugunok tormentatzen gaituenaz. Ez delako bakarrik ezestean iritzia heresia bilakatzen dela, hori baino krudelagoa da. Internetek gu hipnotizatu baino lehen, jendeak ‘mundu erreala’ deitzen zuen leku batean pasatzen zuen denbora gehien. Aurrez aurre, elkarri eraginez. Baina sare sozialekin hori aldatu egin zen. Testuekin hasi ziren elkarri eragiten, eta beren buruak nola definitu eta besteak nola epaitzen zituzten aldatu zen. Horrela hasi zen pertsona bere iritziagatik epaitzen.

Orain, presio handia dago edozein gairen inguruan ikuspuntu bat, iritzi bat, izateko. Eta ez baldin badaukazu, besteek daukazun iritziaz hitz egiten ez badute, ez zara existitzen. Eta emaitza argia da: guztiaz izan behar da iritzi edo posizio bat.

Eta bidezidorrak hartzen dira. Gertaerak edo logika kontuan hartu gabe inprobisatzen da. Are okerrago, jendeak ez du maite iritziz aldatzea, ezta oker zegoela onartzea ere, eta kapritxoz inprobisatu diren iritziak, askotan, odola bere aldez emateko kausa bilakatzen dira. Gainera, ez da iritzia izateko presioa bakarrik, iritzi inteligenteena, sofistikatuena eta estatus handiena duena izan behar da. Gizarte digital hau edertasun lehiaketa, iritzi lehiaketa, bilakatuz. Bada beste estrategia bat ere: besteen iritziak kopiatzea. Goi-mailako joskintzakoa dirudien iritzien industria garatu da, bere iruzkingile profesionalekin.

Sare sozialak gezurrez eta argudio maltzurrez beteak daudenez, ideien lurraldea faltsukeriaz eta bigarren eskuko sentimenduz betetako txatar gordailu egin da. Eta iritzi lehiaketaren azken emaitza iruzurrezko mundu bat da, jende gehienaren ideiak zureak ez diren munduarena. Arrotzek gidatzen dituzten txotxongilo bentrilokuoen mundua da, eta, ziurrenik, arrotz horiek ere txotxongiloak dira. Horrelako mundu batean, non hitzek ekintzek baino eta iritziek nortasunak baino gehiago axola duten; “inteligentea” izatea ez da pentsamenduaren dohaina, mimikaren dohaina da, eta pertsona “ona" izateak ez du urrezko bihotzik eskatzen, zilarrezko mihiarekin aski da.

Maskarada digital honetan ez dugu sozialki onargarri egiten iritzirik ez izatea. Baina, sikiera, ziurtatu dezakegu ez dugula iritzi lehiaketetan parte hartuko, ez dugula gure burmuina ahituko eta bihotza plastikozkoa egingo. Gogoratu behar dugun bakarra zera delako: ez daukagu guztiaz iritzia izateko inolako beharrik, ezta besteez hori itxoitekoa ere. Isiltasunak ez du inor ezjakin egiten; sarritan, zintzoagoa egiten du.

Hori delako demontrea: iritziak pertsona definitzeko modu inutila direla, moda diseinatzailearen arropak bezalakoak, iragankorrak eta faltsifikatzeko errazak direlako. Norbaiten benetako izaera ezagutu nahi bada, begiratu bere jokaeran plantak egiteko zailena duen horri: bere ekintzei. Eta gogoratu: iritzia pentsamenduaren emaitza izan behar da, ez haren ordezkoa.

Agian, gaizki ikusia egon daitekeen arren, gure iritziez ahazten ikasi behar dugu. Oso inportantea da garbitzen jakitea, iritziak garbitzeko gai izatea, pentsatzen hasi ahal izateko. Pentsamendua, askotan, iritzi-garbiketa eskatzen duen lan nekeza delako. Gauza gutxik egiten gaituelako ergelago gai guztien inguruan iritzia izan behar dugun usteak baino. •