Juantxo EGAÑA

Parraga, Jazzean espezializatutako begia

(Pedro PARRAGA)

Pedro Parraga jazz argazkilaritzan espezializatutako argazkilari donostiarra da. Irudiaren munduan, fotomekanika-tailerretan hasi zen lanean; lehenik, Usurbilgo Savasa inprimategian eta gero, 1977tik 90eko hamarkadaren hasierara arte, ‘Egin’ egunkariaren fotomekanika-tailerretan. Fotomekanikarekin egunero zuen tratuak San Telmo Museoan argazkigintzaren hastapenari buruzko ikastaro batzuk egitera animatu zuen, Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak antolatutakoak. Jazzaren musikazale amorratua, ‘Egin’ sortu zenetik hasi zen Jazzaldiaren irudiak argitaratzen. Bere argazkiak desberdinak dira, lehen planoak; bere Nikon FM2 kamerak eta 105 mm eta 180 mm-ko objektiboek laguntzen diote horretan. Parragak aitortu zuen une horietan Blue Note etxearen disko-azalen eragina sentitzen zuela bere lanean. Horrela, bere argazkiak ‘Egin’-en, Jazzaldian bertan eta aldizkari espezializatuetan argitaratu eta erabili izan dira. Gainera, 1986., 1987. eta 1988. urteetan, Antton Olariaga bere lagun eta ‘Egin’-eko kidearekin batera, bere argazkiak Jazzaldiko kartelen protagonista izan ziren, baita 2019an ere, orduan Angel Caño diseinatzailearekin batera. Bere irudirik ikonikoena -lerro hauen gainean- Miles Davis tronpetista eta musikagilearena da -John Scolfield gitarra-jotzailearekin batera ageri da-, 1984ko Jazzaldian Anoetako belodromoan emandako kontzertuan.