JUL. 27 2024 Arantzazu asko daude Irudian, Arantzazuko Santutegia, Oñatin. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) Garazi GOIA Idazlea Hara joateko erabakia ez da espontaneotasunetik sortzen. Norabait zoazela, ez da bidean aurkitzen duzun lekua. Arantzazura bazoaz, hara joateko helburu jakina zenuelako da. Aldapan gora, gailurrera iristear zaudela, hango lasaitasunak eta darion soseguak harrapatzen zaituzte, zalapartatik urrun. Etorkizunari buruzko galderak egiteko leku aproposa zela esan zuten koordinatzaileek, “Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?” izenburudun ikastaroaren hasieran. Aurten, lehenengo aldiz, UPV/EHUk eta Arantzazulab-ek uda ikastaro bat antolatu dute, eta han, paisaiaren magiak, mendien presentzia uzkurgarriak eta harkaitzen begirada espiritualak definitzen duten leku miresgarri hartan, aspaldian ikusi gabe nuen jendearekin topo egin nuen. Arantzazun hausnarketa egitera joan ziren borrokalariak ziren denak, elkar-hizketarako eta elkarri entzuteko prestutasunez joan zen jende multzoa. Bertan egindako aipu askorekin gelditu nintzen, eta (baimenik eskatu gabe) hango partaideei lapurtu dizkiet esaldi batzuk, merezi dutelako behin eta berriro errepikatzea. Arantzazu mendeetan sortu dugun GU handi bat dela aipatu zuten. Frantziskotarren komunitateak “gu” erantzuten du. Euskal jendarteak “gu“ erantzuten du, euskaldun nortasunak zipriztindu ditu Arantzazuko bazter guztiak. “Gu“ erantzuten dute Arantzazu babestu, sustatu eta biziberritu duten herri-erakundeek. Baina, nor gara Arantzazu? Erantzun asko daude. Arantzazu asko daude. «Badakigu gauza askotan ez gaudela ados, baina erdigunean jarri beharko genuke elkartzen gaituen hori, herriak bizirautea nahi badugu», esanez hasi zen Naiara Goia. «Herri izango bagara, konbergentzia ariketa berritu batzuk egin beharko ditugu, gariaren espiritua ez denean konbergentziarena», gehitu zuen Jon Sarasuak. «Arantzazuk lehen balio zuen gisa, orain ere dezake pizgarri izateko baliagarri, hain beharrezko dugun susperraldi horretarako», Xabier Euzkitzek. Lorea Agirreren hitzetan, «hizkuntzari zentraltasuna eman behar zaio euskalduntasunaren birdefinizio batean». Egun eguzkitsu hartan, gristasun ukitua zuten hitzak, kezka eta erantzun konkreturik gabeko galderak egin zituzten. GU handi hartan, belaunaldi gazteak falta ziren. Birdefinizioa. Susperraldia. Ariketa berrituak. Non daude, GU horretan, hogei urteko borrokalariak? Non daude, GU horretan, indar berriak? Batzuk falta ziren. Borrokalariak izan zirenek borrokan jarraitzen dute, baina beste fase batean sartzen ari zirela esan zidan han zegoen lagun batek. Transmisioan huts egin dugula zioen hogeita hamar urtean ikusi ez nuen eta Batxilergoan izan nuen irakasle batek. Arrazoi horiengatik guztiengatik, eta anbiguotasunez betetako GUaren definizioan gero eta anbiguotasun handiagoa dagoelako, mezuen anplifikazioa beharrezkoa da. Arantzazu berriak eraiki beharko ditugu. Arantzazuren etorkizunak Euskal Herriaren etorkizuna definitu izan duelako eta itxaropen horri eutsiz, ezin dugulako orain etsi. •